EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakasle Uxue Diez Guiralek omenaldia jaso zuen Unidibertsitate Egunaren esparruan. Uxuek genero-ikuspegia, transfeminista eta queer ikuspegia txertatzen du bere irakaskuntzan eta ikerketan. LGTBIQ+ herritarrak aztertzeko bi proiektu handi zuzendu ditu eta parte hartu du horietan. Proiektuetako bat Irunen egin du eta bestea Oreretan, non #Kuirartxobizia proiektuan hartzen duen parte. Proiektu horren xedea da bere herriko sexu-genero disidentziaren memoria berreskuratzea.
Uxue Diez-Guiral: «Lehentasunezkoa da unibertsitatearen esparruan sortzen ari diren transmaribibollo kolektiboei laguntzea eta haiek babestea»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/09
Zer da zuretzat aintzatespen hau?
Aintzatespen hau, niretzat, oso baliagarria den eskertze kolektiboa da. Nire karrera akademiko ia osoa EHUn gauzatu ondoren, etapa honetako bultzada garrantzitsu gisa bizi dut, eta urte horietan guztietan egindako lanaren balioa azpimarratzeko modu gisa.
Zure ikerketan, generoak hizkuntzen ikasgelan duen eragina aztertzen duzu, genero eta queer teorietan oinarrituta. Azalduko ahal diguzu labur zein den zure azterlanaren oinarria?
Duela gutxi doktorego tesian argitaratu dudan ikerketak aztertzen du nola eragiten duen generoak Bigarren Hezkuntzako hizkuntzen ikasgelan, ikuspegi transfeminista eta queer batetik. Zehazki, aztertu dut generoak funtsezko bi aldagai afektibori eragiten diela: hizkuntzaren komunikazio antsietatea eta komunikatzeko predisposizioa.
Metodologia misto eta esplorazio metodologia baten bidez, ikusi dugu desberdinkeria handiak daudela ikasgelan genero taldeen artean komunikatzeko moduari dagokionez. Funtsezko faktoreen artean daude espazioaren kontrola, genero jakin bateko talde bateko kide izatearen sentimendua (edo kide izateko aukera), gizartearen presioa eta hizkuntza bakoitzak duen karga soziopolitikoa.
Nola ikusten duzu LGBTI+ kolektiboaren eskubideen garapena unibertsitatean?
Gaur egun, gizartearen polarizazio kezkagarria bizitzen ari garen une honetan, unibertsitateak funtsezko zeregina du eragile eraldatzaile gisa. Espazio segurua, bizigarria eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideekin konprometitua izan behar du.
EHUk, erakunde publikoa den aldetik, erantzukizun handia hartzen du bere gain ildo horretan. Gaurkoa bezalako jardunaldiak behar-beharrezkoak dira norabide egokian aurrera egiteko. Era berean, lehentasunezkoa da unibertsitatearen esparruan sortzen ari diren transmaribibollo kolektiboei laguntzea eta haiek babestea. Horrela bakarrik bermatu ahalko ditugu gure eskubideak eta jarraitu ahal izango dugu unibertsitatearen balioen parte den gizarte lana sustatzen.
Zein dira egungo proiektuak?
Une honetan, nire lana batik bat irakaskuntza da; izan ere, kredituen gainkarga dela eta, nire fakultatean ohikoak baino erantzukizun gehiago hartu behar izan ditugu gure gain. Ikasgelan, saiatzen naiz nire ikasleentzat erreferentziazko figura izaten, kolektiboko edozeinek bere eskura naukala erakusten egunero. Hori islatzen dut, nire curriculum akademikoan ez ezik, erabiltzen dudan materialean eta ikusarazi nahi ditudan eta nirekin daramatzadan helburuetan.
Ikerketari dagokionez, duela gutxi amaitu dugu Oarsoaldeako LGTBI+ pertsonen memoria historikoa berreskuratzea eta harekin jarraitzea xede duen proiektua. Gaur egun, nire ikasleekin queer esperientziak trukatzean sortu diren ideia berriak garatzen ari naiz. Nire asmoa da lanean jarraitzea ikuspegi transfeminista batetik, eta nire identitatea berariaz txertatzea egiten dudan guztian.