euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHUk berretsi egin du sexu eta genero aniztasunaren defentsaren aldeko konpromisoa

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/09

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHUk) ‘UniDibertsitate Eguna’ antolatu zuen. Egun horretan, unibertsitateko kideek sexu eta genero aniztasunaren defentsaren alde duten konpromisoa erakusten dute. Ekitaldia Donostiako Zuzenbide Fakultatean egin zen. Ikastegiko dekano Alberto Emparanza Sobejanok ongietorri egin ondoren, omenaldia jaso zuten Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle Uxue Díez Guiralek eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta EHUko idazkari nagusi ohi Aitor Zurimendi Islak. Era berean, LGTB ikuspegia gradu eta master amaierako lanetan barne hartzearen 2023-2024 ikasturteko Empar Pineda sariaren V. edizioko sariak banatu ziren. EHUko Berdintasunerako Zuzendari Maggie Bullenek sarituak aurkeztu zituen.

Markel Laskurain Arrese-igor-ek (Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Gizarte Antropologiako Gradua) Empar Pinedasaria jaso zuen “Feminitatearen berreraikuntza eta modulazioa: marika identitateetara hurbiltzeko bi gorputz-ibilbide” lanagatik. Mari Luz Esteban Galarza irakaslea izan zen haren tutore. “ Sodomita, libertinoa, trabestia, maritxua, homosexuala, gay-a, queer-a... hainbat dira maskulinitatea traizionatzen duten gorputzak izendatzeko erabilitako hitzak, testuinguru historiko eta politikoaren arabera. Homofobiak forma ugari har ditzake, bai eta hari egiten zaion erresistentziak ere. Hala ere, lan honetan, marika identitateaz arituko naiz subjektu horiei erreparatzeko: aipatutako sexu-genero disidentzia hori gorpuzten dugun eta indarkeria homofoboari aurre egiten diogun subjektuak, hain zuzen ere. Diziplinatu ezean marjinaziora kondenatuta dagoen gorputza. Gorputz perbertsoa, gaixoa, ez produktiboa. Familia eraikitzen ez duena, femeninoa, desafiatzailea eta deserosoa. Marika identitate horren eraikuntza prozesuak behatzea da nire nahia, genero-praktikei eta -identitateei loturiko ekintza oro prozesu gorpuztu gisa ulertuta. Hain da konplexua identitatearen eraikuntza, non ñabarduretan eta zehaztasunetan arakatzea ezinbestekoa den. Hori dela eta jaso dut nire autoetnografia eta beste gorputz ibilbide bat. Nahiz eta narrazio pertsonalak diren, bidaia kolektibo bat izango da honako lan hau, zeinetan identitatearen elementu partekatuek zentraltasuna izango duten. Hala nola gorputz irudiak, desplazamenduak, desirak, laguntasun sareak, hizkuntzaren erabilerak…”.

Jon Ander Careaga Maerovich-ek (Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Gizarte Langintzako Gradua) saria jaso zuen “Relaciones romántico-afectivas y violencias lgtibq+fóbicas en jóvenes del País Vasco” ikerlanagatik. Marina Sagastizabal Emili-Yus irakaslea izan zen haren tutore. “Ikerlan honek EAEko gazteen arteko harreman erromantiko-afektiboak eta indarkeria LGBTIQ+fobikoak ditu aztergai. Gaia garrantzitsua da honako hauek ulertzeko eta haren inguruan sentsibilizatzeko; harreman eredu desberdinak eta LGBTIQ+ kolektiboak (lege esparrurik ez izateagatik eta hainbat indarkeriarekiko esposizioagatik) aurre egin beharreko zailtasun espezifikoak. “Ikerlan honen helburua nagusia da LGBTIQ+ kolektiboaren esperientziak ezagutu eta aztertzea, eta bereziki azpimarratzea harremanak eta aurre egin beharreko indarkeria, osasun mentala eta ongizatea hobetzen laguntzeko. Gaia garrantzitsua da Europaren testuinguruan; izan ere, Europan, RESIST proiektuaren eta beste ikerlan batzuen arabera, agerian jarri dira zisheteronormatibitatetik kanpo dauden pertsonek dituzten desabantailak eta arriskuak. Ikerlan horiek, halaber, haurrentzako babes handiagoaren beharra eta trans* identitateen zaurgarritasun berezia azpimarratzen dute (Resist, 2023) ”.

Empar Pineda Saria banatu ondoren, Aitor Zabala de Castrok UniDibertsitatea V. Film Laburren Lehiaketako sari jaso zuen , eta haren film laburra proiektatu zuten. Jarraian, Ed Rojasen gutuna irakurri zuen Red Universitaria por la Diversidad-en EHUko ordezkari Julen Zabala Alonsok. EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreorde Marian Iriarte Ormazabalek eman zion amaiera ekitaldiari. Ekitaldia amaitzeko, bertso saio bat egin zuten Oihana Arana Cardenal eta Maider Arregi Markuleta bertsolariek. Gai-jartzailea: Amaia Agirre Arrastoa.