Animalien tratu txarren biktimei buruzko jardunaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2016/04/20 Noiz arte: 2016/04/19
Deskribapena
Asteazkenean, apirilaren 20an, 09:30etatik aurrera, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko areto nagusian, Donostian, ‘Animalien tratu txarren biktimak: Zuzenbide Penalaren funtzioa eta mugak, animalien babesean' Jardunaldia ospatuko da. Jarduera Kriminologia Euskal Institutuak antolatu du, Euskal Biktimologia Sozietatea, Animalex, eta Bilboko A.P.A SOS Bilbao elkarteekin elkarlanean. Sarrera librea da.
Gema Varona Kriminologia Euskal Institutuaren presidenteak azaldu du: "Gizaki ez diren animalien sentitzeko gaitasuna zientifikoki egiaztatu izanak eta horiek babestearen aldeko sentsibilizazioa gizartean gero eta handiagoa izateak aldaketak eragin ditu legeetan, bai babes estandar handiagoak lortzeko, bai portaera krudelak edo beste espezie batzuen alperreko sufrimendua eragiten dutenak zigortzeko. Zigor arloan, 1995ean Espainiako ordenamendu juridikoan animalien tratu txarra falta gisa tipifikatu zenetik, arlo horretan egindako erreforma bakoitzean areagotzen joan da, animalien babes juridiko-penala.
Jardunaldi honen bidez, legeak izandako bilakaera hori aztertu nahi dugu, arreta berezia jarrita 2015ean egindako azken erreforman eta horren aplikazioaren alderdi praktikoetan, poliziaren eta auzitegien ikuspegitik". Era berean, animaliak jabegoko gauzakitzat hartzen duen lege kontsiderazioa zenbateraino ari den gainditzen aztertuko dute jardunaldian, eta biktimaren kontzeptuaren inguruko gogoeta egingo dute, animalien tratu txarren kasuetan. "Hori guztia, azken finean, animaliak hobeto babesteko Zuzenbide Penalak bete dezakeen eginkizunari buruz eztabaidatzeko eta, horrenbestez, gure gizartean horrelako indarkeria prebenitzeko", adierazi du Gema Varonak.
Jardunaldian, parte hartuko du, halaber, Ertzaintzaren Zakur Unitateak, lanerako erabiltzen dituzten animalien gizarte eginkizun garrantzitsua erakusteko eta nola entrenatzen eta zaintzen dituzten azaltzeko.