Emakumeen eskubideen alde elkarretaratu da EHU
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/03/05
Ehunka pertsona bildu dira, EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatutako kontzentrazioetan Gasteizen, Donostian eta Leioan eta baita Bilboko, Eibarko, Portugaleteko, Plentziako… zentroetakoetan.
Batera sarea gara da aurtengo leloa, eta hau da elkarretaratzeetan irakurri den manifestua:
8M
BATERA SAREA GARA!
¡JUNTAS SOMOS RED!
Martxoaren 8an, Euskal Herriko Unibertsitateak bat egin nahi du Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenekin, data seinalatua baita emakume eta neska guztien giza eskubideen aldeko borrokan.
Emakumeen eskubideen defentsa eraginkorra izan dadin, gure unibertsitateko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak azpimarratu nahi du berebiziko garrantzia duela sareak ehuntzeak; hau da, ezinbestekoa da komunitate hau osatzen dugun emakumeen arteko loturak sendotzea, izan administrazio eta zerbitzuetako langile, izan ikasle, izan irakasle-ikertzaile.
Zergatik da hain garrantzitsua saretzea? Indibidualizazioa, desadostasuna eta zatiketa nagusi diren garaiotan, sareak sendotu behar ditugu, eta kolektibitatea indartu. Bide horretan, urrats handia da elkartze hutsa; elkarrekin indartsuagoak gara eta.
Funtsezkoak dira sareak, haiei esker lortzen baitugu elkarrekiko lotura, baliabideen trukea eta lankidetza unibertsitateko bizitzaren dimentsio guztietan.
Iniciativa Mesoamericana de Mujeres Defensoras ekimeneko kideen hitzetan, “sareek salbatu egiten gaituzte”. Eta zentzu horretan, irizten diogu feminismoa oinarri lan egiten duten makumeen sareek baldintza hobeak sortzen dituztela emakumeen babes eta segurtasuna sustatzeko.
EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzatik sareak ehuntzeko lanean dihardugu Berdintasunaren arloko Batzordea eta ikastegietako Berdintasun Batzordeen artean; izan ere, aginpidea, protagonismoa eta baliabideak eman nahi dizkiegu ikastegietan lanean ari diren taldeei, dagokien komunitatearentzat erreferente izan daitezen.
Ikastegien jarduna sustatu nahi dugu, eta ikusgaitasuna eman nahi diogu berdintasunaren aldeko lanari, bide aproposa baita ahalduntzea birkontzeptualizatzeko, unibertsitateko emakumeengandik hasita eta emakumeon esperientzia, ezagutza eta eraikuntza kolektiboa abiapuntutzat hartuta.
Batera Sarea Gara
Elkarrekin gai izan gaitezke jakintzak ehuntzeko eta babes estrategiak diseinatzeko, betiere fakultate eta eskoletako errealitate desberdinak kontuan hartuta. Bide horretan, buru-belarri dihardugu Genero Indarkerien Aurkako Protokoloa berrikusten, eta datozen hilabeteetan prozesuan parte hartzeko gonbita luzatuko diegu hainbat kolektibori: ikasleei, administrazio eta zerbitzuetako langileei, sindikatuei, talde feministei, irakasleei eta ikertzaileei.
Emakumeen sareek oinarriak ezartzen dituztelako arriskua murrizteko, indarkeria prebentzio estrategiak sendotzeko eta elkarrekin ahalduntzeko.
Batera Sarea Gara
Elkarrekin, berdintasunetik antzematen dugu aniztasuna. Espazio fidagarriak behar ditugu, emakume ezberdinen artean sortutakoak, horrek posible egingo baitu ikuspegi integral eta intersekzionala lortzea.
Berdinen arteko topaguneak dira sareak, espazio epel eta seguruak, konfiantzazkoak; eta bertan, guztien hitzak dauka autoritate eta sinesgarritasun bera. Sareak babesguneak dira, eta bakardade sentimenduari aurre egiteko aukera ematen dute.
Gainera, neurriak eraikitzen laguntzen digute sareek, kontuan hartuta bai identitate, egoera eta baldintza ezberdinak, bai diskriminazio moduen intersekzionalitatea. Besteak beste, emakume guztien errealitateari erantzuna eman nahi zaie sareen bitartez, emakume guzti-guztiak kontuan hartuta: emakume arrazializatuak, lesbianak, transexualak, dibertsitate funtzionala dutenak, adinekoak…, baita beste pertsona batzuen zaintzaz arduratzen direnak ere.
Azkenik, saretzeak aukera ematen digu unibertsitatean proiektu feminista bat eraikitzeko eta aztertzeko gure interes eta beharrizan komunak nahiz dauzkagun botere, denbora eta babeserako baliabide gabeziak, barne hartuz bai arlo publikoa, bai arlo pertsonala eta/edo pribatua.
Batera Sarea Gara / Juntas Somos Red
