Tuberkulosiari buruzko aldi baterako erakusketa
Noiz eta non
Noiztik: 2016/05 Noiz arte: 2016/06
Deskribapena
UPV/EHUko Medikuntza Historiaren Euskal Museoak tuberkulosiari buruzko aldi baterako erakusketa bat inauguratu du. Tuberkulosia, hain zuzen ere, XX. mendearen hasierako gaixotasun larrienetako bat eta hildako gehien eragiten zituenetako bat izan zen. Erakusketa maiatzaren 23tik ekainaren 3ra arte egongo da zabalik, 08:00etatik 20:30era arte, UPV/EHUko Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian. Sarrera librea da.
Ikertzaile ugari aritu dira erakusketa prestatzen:
- Tuberkulosia, jatorriz, zoonosi bat da; garai batean behi aziendari eragiten zion, baina, Neolitikoan, gizakiengana igaro zen, eta ordutik erasaten digu. Francisco Etxeberriak eta Lourdes Errastik egin dute Erdi Aroko Arabako nekropolietako lehen kasuen paleopatologia eta identifikazioa.
- José Ramón Gurpeguik eta Begoña Madarietak, berriz, gaixotasunaren azterketa historikoa egin dute: "tisia" Corpus Hipocraticum idazkian aurrenekoz deskribatu zenetik Robert Kochek 1882an mikroorganismo erantzulea aurkitu zuenera arteko errepasoa, hain zuzen. Diagnostikorako eta tratamendurako erabilitako tresna mediko guztiak (X izpiak, bronkoskopioak, pneumotoraxak eta abar) museoaren funtsarenak dira, eta horietako batzuk jendaurrean jarriko dituzte.
- Juan Gondrak Bizkaiko XIX eta XX. mendeko tuberkulosia ikertu du, baita hartu ziren neurriak, medikuak eta tuberkulosiaren inguruan sortu ziren erakundeak ere.
- Bestalde, Kepa Lizarragak aztertu ditu Tuberkulosiaren kontrako Ledo Anbulatorioaren hastapenak (1915ean inauguratu zuten, 1943an handitu, eta 2008an desagertu zen), alde batetik, eta haren sortzaile Francisco Ledoren bizitza eta pandemia horren aurkako borrokari egindako ekarpena, bestetik.
- Ricardo Francok, ikertzaile talde handi baten laguntzarekin, gaixotasunak XX. mendearen azken hamarkadetan eta mende honetan izandako intzidentzia eta bilakaera ikertu ditu. Gaur egun, Bizkaian 200 kasu diagnostikatzen dira urtean, eta horietatik % 30 baino gehiago immigranteak dira.
- Anton Erkorekak berriro azaleratzen ari diren gaixotasunen artean sartu du patologia hori, eta adierazi du mundu osoan oraindik ere 9 milioi pertsona gaixotu eta 1,5 milioi pertsona hiltzen direla urtean.
OMEren arabera, erresistentzia anitzeko tuberkulosiek milioi erdi gaixo eragiten dituzte urtean; tuberkulosi horietatik % 10 ultraerresistentetzat jotzen dira, eta oso-oso zailak dira terapia bidez tratatzen.