Gipuzkoa Motorbike Team taldearen motoa Donostian zehar ibiliko da
Noiz eta non
Noiztik: 2016/11/05 Noiz arte: 2016/11/04
Kokapena
Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Azaroaren 5ean, larunbatez, UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako GMT Gipuzkoa Motorbike Team taldeak MotoStudent mundu txapelketan lehiatu den motoa erakutsiko du. MotoStudent lehiaketa duela gutxi jokatu da, MotorLand Aragón zirkuituan (Alcañiz); 9 herrialdetako 35 taldek parte hartu dute Petrol kategorian, eta 4 herrialdetako 18 taldek Electric kategorian. UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola Petrol kategorian lehiatu da, GMT Gipuzkoa Motorbike Team taldeko ikasleek ikastegiko irakasleen aholkuekin oso-osorik diseinatu eta fabrikaturiko moto batekin.
Motoa 10:00etan aterako da, Alderdi Ederretik, eta ibilbide hau egingo du: Alderdi Eder > Hernani > Askatasunaren Hiribidea > República Argentina > Zurriola > Tomas Alba plaza (Sagues).
Larunbatean euria eginez gero, motoak ez du ibilbiderik egingo, eta Kursaaleko Bankete Aretoaren sarreran jarriko da 10:00etan.
MotoStudent
UPV/EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Gipuzkoa Motorbike Team taldeko ikasleek diseinatu eta fabrikaturiko motoa hirugarrenez lehiatu da MotoStudent mundu txapelketan, eta urterik urte marka hobeak lortu ditu. Aurten, motoa bigarren lekuan ibili da, denbora onenetik segundo batera. Halaber, lehen postua eskuratu du mekanika atalean, hirugarrena prototipoaren diseinuaren atalean, bosgarrena lasterketako itzuli azkarreko denborari dagokionez, eta zazpigarrena irteteko parrilan. Aurtengo txapelketako sailkapen orokorrean, GMT taldea 12. gelditu da 35etik. Datu on horrek agerian uzten du ikasleek guztiz fabrikaturiko moto bat enpresa espezializatuek fabrikaturiko beste bat bezain ondo lehia daitekeela.
MotoStudent lehiaketa bi urtetik behin antolatzen dute Moto Engineering Foundationek (MEF) eta TechnoPark MotorLandek, eta egundoko erronka da mundu osoko unibertsitate ikasleen taldeentzat. Helburua da MOTO 3ren antzeko lehia moto baten prototipoa diseinatzea, fabrikatzea eta testatzea; lehia moto horiek azken proban ebaluatzen dira, MotorLand Aragón zirkuituaren instalazioetan, Alcañizen. Lehiaketa bera izugarrizko erronka da ikasleentzat, euren sormena eta gaitasunak probatu behar baitituzte produktu berritzaileak sortzeko. Horretarako, zuzenean aplikatu behar dituzte euren ingeniari gaitasunak, mundu osoko unibertsitateetako beste talde batzuekin proiektu erreal batean lehiatuz hiru hiruhilekoan. Txapelketak hainbat atal ditu: prototipoaren segurtasun probak (estatikoak eta dinamikoak), gaitasun probak, ezaugarrien probak, diseinu, berrikuntza eta industrializazio proiektuak aurkezteko atal bat, eta Alcañizko MotorLand zirkuituan egiten den 8 itzuliko lasterketa.
Argazkia: Toscana Photography. UPV/EHU