'Ongi etorri errefuxiatuak' zientzia jardunaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2016/12/02 Noiz arte: 2016/12/01
Kokapena
Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Ostirala, abenduaren 2an, 09:00etatik aurrera, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Areto Nagusian, Donostian, "Ongi etorri errefuxiatuak. Educando para la acogida" zientzia jardunaldia egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektorerodeak eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Jardunaldian, besteak beste, honako gai hauek eztabaidatu eta aztertuko dira: errefuxiatuen egungo egoera; harreraren eta elkartasunaren jokabideak eta balioak; desplazamendu behartuaren alderdi psikosozialak; Kioseko (Grezia) errefuxiatuen egoera; asilo eskubidea; islamofobia; eta mugen itxiera. Zientzia jardunaldia amaitzeko, Gemma Urteaba bertsolariak bertsoak abestuko ditu.
Sarrera irekia da.
Lau saio egingo dira, gai horretako adituekin: Agustin Unzurrunzaga (Gipuzkoako SOS Arrazakeria), Peio Garcia Amiano (Zaporeak elkartea), Abdoulaye Gueye (Donostiako Caritasen Laguntza Etxeko aholkulari juridikoa), Sofia Abaitua (CEAR Euskadi), Iñigo Mijangos (Salvamento Marítimo) eta Patricia Insua (UPV/EHUko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzua).
Saioetan izango dira, gainera, Ainara Arnoso (UPV/EHU), Borja Martinovic (Utrech-eko Unibertsitatea, Herbehereak), Andrea Bertomeu (EBko Askatasunaren, Segurtasunaren eta Justiziaren Esparruko Oinarrizko Eskubideei buruzko Jean Monnet katedra), Gemma Varona (UPV/EHU), Magdalena Bobowiky (UPV/EHU), Éva Fülöp (Pázmány Péter Unibertsitate Katolikoa, Hungaria) eta Maitane Arnoso (UPV/EHU), besteak beste.
Halaber, Hassana Aalia errefuxiatu politiko sahararrak eta Yahia Koddo errefuxiatu siriar eta UPV/EHUko doktoregaiak ere parte hartuko dute jardunaldian.
Gainera, Cristina Martínez, Leire Ciriquiar, Martin Torres eta Leire Izagirre ikasleek, Janire Arroyo Ikasiker lankidetza beka duen Psikologiako ikaslearekin eta Ainara Arnoso UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Metodologia Saileko irakasle eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidearekin batera, jendaurrean jarriko dituzte duela gutxi UPV/EHUn egin den "Ongi etorri errefuxiatuak" erakusketako bisita gidatuen emaitzak. Ildo horretatik, eztabaidatuko da ikasleek zenbateraino parte hartu duten erakusketa gidatuetan, zenbateraino erakusten dituzten errefuxiatuenganako jarrera positiboagoak eta enpatia, eta zenbateraino ahalegintzen diren giza eskubideen inguruko elkartasun eta konpromisozko balioekin.