Korrikarako lau kilometro nagusiak lotu ditu unibertsitateak AEKrekin, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Leioan, eta zentroek kilometro propioak eskuratzeko dirulaguntza baliatu ahalko dute. Unamuno egoitzan hartuko ditu EHUk Korrikara nazioartetik etorriko diren gonbidatu “ahizpak”.
AEK eta EHUren hitzarmenak Korrikarekiko atxikimendua sendotu du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/02/25
Korrikaren 24. edizioak zeharkatuko du Euskal Herria martxoaren 19tik 29ra, eta EHUren hiru campusetatik hurbil igaroko da. Ekimen erraldoirako hiru aste falta direla, eta euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta euskaltegien eguneroko lana indartu eta babesteko helburuarekin bat eginda, Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena sinatu du AEKrekin, Korrikaren inguruan konpromisoak bateratu eta, etorkizunera begira, lankidetzarako oinarriak indartzeko asmoarekin.
Horrela, bi erakundeek 24. Korrikan parte hartze instituzionala, akademikoa eta komunitarioa sustatzeko interes partekatua adierazi dute berriki egindako bileran eta lankidetza-hitzarmen espezifikoa formalizatu dute. Bertan izan dira EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea eta Igone Zabala Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako errektoreordea, batetik, eta Ane Elordi Korrikako koordinatzaile eta Lurdes Etxezarreta AEKren Nazio Kontseiluko kidea, bestetik.
Lau kilometro instituzional orokorrak eskuratzetik harago, unibertsitateak ikastegiek kilometro propioak edota partekatuak eskuratzeko erraztasunak jarriko ditu aurten, finantzazioan lagunduta, euskara sustatzeko dirulaguntzen bidez.
Aurten, gainera, egitasmoa Bilbon amaituko dela baliatuta, EHUren Unamuno egoitzan banakako 8 logela eskaini dizkio unibertsitateak AEKri, eta han hartuko ditu Korrikara nazioartetik datozen gonbidatu “ahizpak”.
Komunitateari begira, bestalde, agenda partekatu bat koordinatuko da eta komunitate guztiari helaraziko zaio, eskuratutako kilometro denen eta antolatutako ekimen eta jardueren berri izateko. Donostiatik martxoaren 25ean pasako da Korrika, Leioatik 26an, Gasteiztik 27 iluntzean eta Bilbon amaituko da martxoaren 29an. Kilometro zehatzen berri emango du EHUk datozen egunetan eta dei egingo dio komunitate guztiari parte hartu dezan.
Azkenik, etorkizunari begira, lankidetzarako aukerak ere aztertu dira AEKren eta EHUren ordezkaritzen arteko bileran. Izan ere, euskal unibertsitate publikoa den aldetik, EHUk bere helburu estrategikoen artean du euskararen sustapena, normalizazioa eta transmisioa unibertsitateko komunitatean zein gizartean; baita euskararen biziberritzean berariazko lana egiten duten gizarte-eragile eta erakundeekiko harremanak sendotzea ere.