euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Cristina Penas Lago: "Adimen Artifizialak melanomaren detekzio goiztiarra eta tratamendu pertsonalizatua ahalbidetu ditu”

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/25

Tania Arriaga eta Cristina Penas Lago larruazalaren maketarekin, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati-laborategian.
Tania Arriaga, Cristina Penas Lago eta larruazalaren maketa melanomaren fase desberdinekin, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati-laborategian. | Argazkia: Laura López. EHU.

Cristina Penas Lago Ikerketa Biomedikoan doktorea eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da. Cancer and Translational Medicine taldean melanoma ikertzen du. Horrez gain, zientzia-dibulgazioan eta berdintasunaren sustapenean lan egiten du buru-belarri.

EHUko ikertzaileak larruazaleko minbiziaren diagnostiko goiztiarrerako Adimen Artifizialaren erabileran egindako aurrerapenak azaldu ditu EHUpodcasten seigarren atalean. Horrez gain, Zientzian emakumezko erreferente hurbilak sortzearen garrantzia azpimarratu du.

botoiaEntzun podcasta

Adimen Artifiziala lehen mailako arretaren zerbitzura

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, Penas Lago ikertzaileak larruazaleko minbiziaren aurkako ikerketaren gakoak azaldu ditu EHUpodcasten. Bere lanak osasun sisteman kritikoa den arazo bat konpontzea bilatzen du: diagnostiko berantiarra. Melanoma larruazaleko minbizirik erasokorrena denez, garaiz detektatzea funtsezkoa da. Horretarako, María Dolores Boyano katedradunak gidatzen duen Cancer and Translational Medicine taldeak lehen mailako arretan erabiltzeko bereziki diseinatutako irudi-analisirako algoritmoak eta biomarkatzaileak garatzen ditu. "Familiako medikuen baheketa-lana errazteko tresna da", azaldu du ikertzaileak. Baliabide honi esker, osasun-zentroek tumoreen gaiztotasun-ereduak zehaztasun handiz identifikatu ahal izango dituzte. Horrek dermatologiako itxaron-zerrendak laburtzea dakar, eta kasu kritikoen berehalako tratamendua bermatzen du.

Podcastean, elkarrizketatuak prebentzioaren garrantzia azpimarratu du, eta modu didaktikoan azaldu du ABCDE sistema, orbanen bilakaera zaintzeko eta kontsulta dermatologikora noiz joan jakiteko funtsezko arau mnemoteknikoa ABCDE: A-asimetria ; B-ertzak  (gazteleraz, "bordes"); C-kolorea (gazteleraz, "color"); D-diametroa, eta E-eboluzioa. Azkena faktore kritikoena da. Orbana denbora gutxian tamainaz, formaz edo kolorez aldatzea.

#SheMentoring, kalean topa ditzakezun emakume ikertzaileak

Laborategitik haratago, Cristina Penas Lago #SheMentoring ekimenaren bultzatzailea da. Hezur-haragizko ikertzaileak ikusarazteko beharretik jaio zen ekimen hori. "Marie Curie-ri buruz bakarrik hitz egiteak salbuespen-irudia sortzen zuen; bazirudien bera zela zientzian gailendu zitekeen emakume bakarra” azaldu du. Sare sozialetan eta Zientzia Asteko eta Ikertzaileen Europako Gaueko txokoetan egindako difusioaren bidez, #SheMentoring proiektuak EHUko ikertzaileak ezagutarazi nahi ditu. "Lankideak beren lantokian ikustarazi nahi ditugu, beren izen-abizenak eta proiektuekin", dio. Penas Lagok nabarmendu du espazio horiek ez dutela soilik dibulgaziorako balio; ikasle gazteek aholkularitza akademikoa jasotzeko ere balio dute, ikerketa "ikasten den lana" dela ikus dezaten, eta ez jenio isolatuentzat gordetako zerbait.

Gizarte-konpromisoari lotuta, doktoreak EHUko Emakumeak Medikuntzan Foroan (FEM) parte hartzen du. Foro horretan, osasun-arloko sexu- eta genero-alborapenak agerian jartzen ditu, eta horiei aurre egiteko estrategiak diseinatzen ditu, bai profesionalen prestakuntzan, bai ikerketan eta praktika klinikoan ere.

Zientzia gizatiarragoa

Penas Lagoren lana ikasgeletara ere iristen da Zientzia Zirkularra programaren bidez. Hitzaldietan, diskurtsoa adinaren arabera egokitzen du: Lehen Hezkuntzako ikasleekin fotobabesa lantzen du, eta DBH zein Batxilergokoekin, berriz, biomarkatzaileen konplexutasuna eta Adimen Artifiziala (AA) azaltzen ditu.

Azkenik, ikertzaileak minbiziari buruz hitz egiteko modua aldatzearen alde egiten du, hizkera belikoa (hala nola "bataila" edo "borroka") saihestea proposatuz: "Konnotazio oso negatiboak dituzten hitzak dira. Nahiago dut azaldu zelulak batzuetan desorientatu egiten direla edo behar ez lituzketen trebetasunak eskuratzen dituztela. Horrek egoera ez dramatizatzen laguntzen du, eta tratamenduaren aurreko jarrera hobetzen du".

EHUpodcast: zientzia entzungai

“Entzun ta zabal zazu” lelopean, EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) plataforma da. Helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Hileroko proiektu hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Tania Arriaga irakasleak koordinatu eta aurkezten ditu, Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin. Podcastak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.

Dagoeneko entzungai ohiko plataformetan, EHUpodcasten, eta Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian .