-
Hesteetako osasunari buruzko gida berria
-
EHUko bi ikertzailek izarrarteko ingurunean lehen azukrearen detekzioan parte hartu dute
-
Zientzia eta trukea uztartzen dituen uda, Boise eta EHUren artean
-
2026-27 ikasturterako graduondoko eskaintza zabalik dago EHUn
-
EHUk EHU-iBio ikerketa-zentro berria sortu du
Itziar Alonso Arbiol, Aitziber Pascual Jimeno, José J. Pizarro Carrasco, Susana Conejero López, Jara Mendia
Egun txarra dugunean, goserik gabe jatea: emozioen eraginpean jatea arazoa al da?
LOTUNEAK: Human Bonds for Change ikerkuntza taldeko ikerlariak. EHU.
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/07/20
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Nagusiak errieta egin digu, etxera iritsi eta txokolatezko gaileta batzuk jan ditugu. Edo, agian, azterketa baterako ikasten ari gara, urduri edo aspertuta gaude, hozkailua behin eta berriz irekitzen ari gara. Edo baliteke estres handia izatea azkenaldian eta, horren ondorioz, ohikoa baino snack, gozoki edo janari azkar gehiago erostea.
Ondo ezagutzen ditugun egoera horiek badute zerbait komunean: ez dugu jaten gose fisikoagatik, sentitzen duguna kudeatzeko baizik. Emozioen eraginpean jatea (edo irenste emozionala) esaten zaio horri. Arazo bihur al daiteke? Nola saihestu?
Emozio negatiboei aurre egiteko jatea
Emozioen eraginpean jatea nahiko fenomeno ohikoa da, eta ez da, berez, nahaste psikologikotzat hartzen. Baina ikerkuntzak agerian utzi du pertsona askok noizbehinka janariaz baliatzen dira emozio negatiboei aurre egiteko. Helduen % 40 eta % 45 inguruk eta nerabeen % 30 inguruk egiten du hori. Hori estres, antsietate eta tristura egoeretan gertatzen da, eta Covid-19ak eragindako pandemian zehar ikusi zen nabarmen.
Gure emozioen arabera jatea pertsona askoren eguneroko esperientziaren parte da. Izan ere, ohikoa da une garrantzitsuetan gertukoekin bazkariak eta afariak egitea. Arazoa ez da hainbeste noizean behin janaritara jotzea; hori beharrean, gaizki sentitzen garenean estrategia hori ohiko bihurtzea da arazoa. Janariak eskaintzen duen lasaitasuna iragankorra da eta erru sentimenduak sor ditzake.
Gainera, joera hori kaloria asko (azukre edo gantz asko) dituzten elikagaien ohiko kontsumoarekin lotzen da. Denborarekin, horrek osasuna kalte dezake. Adibidez, obesitatea, diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua handitu dezake. Emozioen eraginpean jateak, gainera, elikadura jokabidearen nahasteak garatzeko probabilitatea handitzen du.
Nola kudeatzen ditugu emozioak eta zer rol betetzen du janariak?
Emozioak kudeatzeko estrategia asko daude. Adibidez, norbaitekin hitz egitea, ariketa fisikoa egitea edo gure kezketan ez pentsatzeko distraitzea. Jateak ere bete dezake funtzio hori, baina zer gertatzen da janaria gure ondoeza kudeatzeko baliabide nagusi bihurtzen denean?
Komunitate zientifikoak urteak daramatza galdera horien eta beste batzuen inguruan lanean. Beren emozioak kudeatzen ez dakiten pertsonek joera handiagoa al dute era horretan jateko? Lotura hori elikadura arazoak dituztenengan bakarrik agertzen da?
Ez zegoen argi emozioen eraginpean jateko ohitura hori arazorik gabeko eta adin desberdinetako pertsonengan zegoen ala ez. Era berean, ez genekien zenbateraino estrapola zitezkeen ikerketak biztanleria orokorrera eta bizitzako etapa desberdinetara. Izan ere, ikerketa la horietako asko talde oso zehatzetan egin dira (tratamendu bariatrikoan dauden pertsonak, adibidez).
Horregatik, metaanalisia (ikerkuntzen ikerketa) egin genuen aurretik jasotako emaitzak bateratu eta datu zehatzagoak lortu nahian. Hala, lan bakarrekoak baino ondorio sendoagoak atera genituen. Era berean, aukera eman zigun jakiteko emozioen kudeaketak janaria goserik gabe erabiltzera zer baldintzatan bultzatzen gaituen.
Gure ikerkuntza lanari esker, emaitza interesgarriak lortu genituen:
- Emozio negatiboak kudeatzeko zailtasun handiena duen jendeak maizago jotzen du janarira.
- Emozioen kudeaketa faltaren eta jatearen arteko lotura arazo psikologikoak dituzten pertsonengan zein halakorik ez dutenengan ematen da.
- Lotura hori berdin-berdin ikusi da adin eta genero guztietako pertsonen artean.
- Lotura berdin mantentzen da edozein emozio negatiboren (tristura, antsietatea, asperdura) kasuan. Baina ez da azaltzen emozio positiboen kasuan.
Funtsezkoa da emozioak kudeatzen ikastea
Emaitza horiek iradokitzen dute emozio negatiboak modu egokiagoan kudeatzen ikasteak eragin onuragarriak izan ditzakeela osasunaren hainbat arlotan, eta ez bakarrik janariarekin dugun harremanean. Adin goiztiarretatik hasita ikasteak balio positiboa duela ere argi utzi du.
Oker pentsa genezake emozioak ez menperatzeagatik mokadu bila joatea batez ere emakumeei gertatzen zaien zerbait dela. Egia da emakumeek emozioen eraginpean jateko joera handiagoa dutela, baina gure aurkikuntzek erakusten dute desregulazio emozionalaren eta janariaren erabileraren arteko korrelazioa berdintsu gertatzen dela gizonezkoen eta emakumezkoen kasuetan.
Orduan, zer egin dezakegu?
Emozioak kudeatzeko eraginkorrak diren esku-hartze psikologikoek osasun mentalerako eta bizi ohituretarako baliagarriak direla frogatu duten elementuak biltzen dituzte. Estrategia horien barruan sartzen da emozioak identifikatzen ikastea eta emozio horiek eragiten dituzten egoerak bereizten ikastea. Estresaren aurrean estrategia egokitzaileagoak garatzen eta arreta osoa lantzen laguntzen duten tresnak ere ematen dituzte.
Hori guztia oso garrantzitsua da; izan ere, erregulazio emozionalak ez du soilik janariarekin dugun harreman horretan eragiten. Hori beharrean, beste era bateko arazoekin lotuta dagoela ere ikusi da: antsietatearekin eta depresioarekin, adibidez. Psikologian “transdiagnostiko efektua” deitzen zaio horri eta, beraz, aldagai batzuetan eragiteak arazo ezberdinak prebenitzeko aukera ematen du. Ondorioz, emozioak kudeatzeko gaitasuna hobetzeak eragin positibo zabalagoa izan lezake osasunean eta ongizatean.
Emozioei eutsi ezin diegula sentitzen dugun egoeran bagaude, badago irtenbidea. Ebidentzia zientifikoak agerian utzi duenez, terapia kognitibo-konduktualak, protokolo bateratuak, jokabide dialektikoaren terapiak, eta mindfulnessak kudeaketa emozionala hobetzen dute. Gainera, azken hirurek ere hobetzen dute, baita jarraipenean ere. Hau da, efektu iraunkorra eragiten dute.
Azken finean, gure emozioei aurre egiten jakinda, irabazteko asko dugu. Etorkizunera begira, era askotako arazoak ekiditen lagun diezaguke. Ondorioz, goserik gabe jateko bulkada datorkigunean, galde diezaiogun geure buruari: ba al dakit zer sentitzen ari naizen une honetan? egin al dezaket beste zerbait hobeto sentitzeko?