euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Enpresa ehunaren prestakuntza-premiez hausnarketa egiten ari dira EHU eta Euskadiko enpresak

Profesionalei zuzendutako unibertsitateko mikrokredentzialak aurkezteko lau batzar informatibo antolatu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/18

Unibertsitateko Euskadiko profesional eta enpresa ehunaren agenteekin egindako bileretako bat, Bizkaia Aretoan. | Argazkia: EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) gaur egun unibertsitateko 70 mikrokredentzial ditu abian, enpresen, administrazio publikoen, hirugarren sektoreko erakundeen eta profesionalen elkargoen eskariak erantzuteko. 2025ean, esaterako, 500etik gora pertsonak egin du era horretako formazioren bat eta 2026an 1.000 lagunengana iristea aurreikusten da.

Testuinguru horretan, EHUk lau informazio saio antolatu ditu unibertsitatearentzat giltzarri diren aukeratutako hainbat agenterekin eta Euskadiko profesional eta enpresa ehunaren erakusle diren campus bakoitzeko enpresa eta enpresa elkarteekin. Helburua izan da formazio arloko behar eta interesak antzematea eta kontrastatzea, eta elkarlana sustatzea. Hala, inguruko enpresa sektoreari zuzenduta, EHUk sustatzen duen etegabeko prestakuntzaren berri ematea erabaki da, enpresen beharrak ezagutzeko, informazioa partekatzeko, proposamenak nahiz gogoetak kontrastatzeko eta Euskadiko ehun sozio-ekonomikoarekin kolaboratzeko. Ildo horretan, Charo Ovejas, Etengabeko Prestakuntzaren EHUko zuzendariak adierazi bezala, “saioetan parte hartu duten agenteek elkarlanerako eta diagnostiko partekatua eraikitzen joateko prestutasuna adierazi digute, enpresek Euskadin duten formazio beharren inguruan. Azken batean, gure asmoa da unibertsitate-enpresa arteko elkarlana indartzea”.

Orain arte egindako lehen saioek harrera ona izan dute, eta enpresek eta enpresa-elkarteek etengabeko prestakuntzaren modalitate berri horri buruzko informazio gehiago eskatu dute. Modalitate hori, bereziki, jardunean dauden profesionalei zuzenduta dago, eta ezagutza espezializatuak eta egungo lan-merkatuaren beharretara egokituak eskaintzen ditu. Izan ere, sustatu nahi den mikrokredentzial ereduaren inguruan lanean ari da buru belarri EHU eta horretarako “enpresa arloko ekarpenak jaso nahi izan dira, profesionalen gaikuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako bereziki erakargarri eta interesgarri egiten dituzten elementuak identifikatzen laguntzeko", adierazi du Ainhoa Berasaluze graduondoko errektoreordeak.

Unibertsitateko mikrokredentzialak aniztasunetik diseinatuta daude, ezagutza arlo guztietan banatuta baitaude, presentzialki, online zein modu mistoan eskaintzeko, profesional guztien parte hartzea ahalbidetzeko. Euskaraz eta gaztelaniaz osatu da eskaintza eta hiru campusetan dago eskuragarri. Gainera, iraupen laburrekoak dira eta hori ere oso egoki baloratu dute enpresa elkarteek. “Iraupen laburreko formatua oso interesgarritzat jo dute (pilula informatibo eran). Baita EHUk eskaintzen duen formazio bermea izatea, enpresaren formazio beharretara egokitzeko aukera izatea, irakaskuntza modalitatea (aurrez aurrekoa eta online), hizkuntza, campusaren erreferentzia ere”, azpimarratu du Etengabeko Prestakuntzarako zuzendaritzak.

EHUk unibertsitateko 70 mikrokredentzial eskaintzen ditu gaur egun eta Jasangarritasunaren eta Adimen Artifizialaren ingurukoak nabarmentzen dira, baita osasunari eta ekonomiari lotutakoak ere; oro har, ehun sozio-ekonomikoarekin lotutako formazio espezializatua. Mikrokredentzialen arduradunaren esanetan, “orain arte egin diren topaketetan harritu egin dira parte-hartzaileak prestakuntza horiek ez dutelako nahitaez unibertsitate titulaziorik behar”. Izan ere, unibertsitateko mikrokredentzialak EHUren formazio propioak dira iraupen laburreko prestakuntza ekintzekin lotutakoak eta trebetasun, gaitasun eta ezagutza espezifikoak eskaintzea helburu dutenak; beti ere, formula malgu batekin gizarteak eta egungo lan merkatuak eskatzen dituen ezagutzak eta gaitasunak lortzea ahalbidetzeko.

Enpresa elkarte eta profesionalekin EHU egiten ari den topaketa erronda martxoaren 9an amaituko da Euskadiko Parke Teknologikoan, Zamudion, hainbat sektoreko 20 bat profesionalekin.