euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Etorkizuneko zientziaren aldeko adierazpen batekin amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian ekimena

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/12

Agintariak eta ekimenean parte hartzen duten erakundeen ordezkariak Donostiako Aquariumean | Argazkia: Emakumeak Zientzian

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin batera, Emakumeak Zientzian ekimenak amaiera biribila eman dio jarduera-programa zabalari: gogoeta-prozesu kolektibo baten emaitza gisa sortu den adierazpenaren aurkezpenean zentratutako ekitaldi bat antolatu da Donostiako Aquariumean. Ekintza-plan hori, zeinak ekimenaren etorkizuneko ildo estrategikoak markatuko baititu, ospakizunaren ardatz eta emakumeek zientzian eta teknologian duten papera indartzen jarraitzeko abiapuntu bilakatu da.

Ekitaldian izan dira Ane Oiarbide (Donostia Sustapena), Jon Gurrutxaga (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ander Larrinaga (Arabako Foru Aldundia) eta Eider Mendoza (Gipuzkoako ahaldun nagusia), baita erakunde parte-hartzaile guztietako ordezkariak, erakunde laguntzaileak eta jarduerak aurrera ateratzea ahalbidetu duten boluntarioak ere. Maitena Salinas ekitaldiaren aurkezleak jai-giroan zuzendu du ospakizuna, Janus Lesterren musikak girotuta; "Ertzak" kantua abestu du artistak, berak konposatua 2023an Emakumeak Zientzian ekimenaren ereserki gisa. Hamargarren edizio hau markatu duten lankidetzaren, ahalegin kolektiboaren eta ilusioaren balioa azpimarratu du aurkezleak.

Emakumeak Zientzian ekimenak bere adierazpena eta ekintza-plana aurkeztu ditu; hain zuzen, aliantzak egiturazko desberdinkeriak ikuspegi askotariko batetik lantzeko duen konpromisoa jasotzen du dokumentuak. Emakume zientzialarien ikusgaitasuna indartu, ezagutzarako sarbidea demokratizatu eta lan-ingurune ekitatibo eta erantzunkideagoak sustatuko dituzten bederatzi jarduera-ildo ezartzen dira testuan, ekosistema zientifiko-teknologiko bidezkoago bat lortze aldera. Emakumeak Zientzian osatzen duten erakundeen konpromiso etikoaren erakusgarri da adierazpena, eta ekintza horiekin bat egitera gonbidatzen ditu enpresak eta erakundeak, etorkizuneko zientzia elkarrekin eraikitzeko: https://emakumeakzientzian.eus/manifestua/

“Marea bizia gara” lelopean, Euskal Herriko hogeita hamalau erakundek kolektibitatearen indarra azpimarratu dute, eta etorkizunera begira amaitu da hamargarren Emakumeak Zientzian hau. Erakundeak oso modu positiboan baloratu du jarduera ugariko edizio hau, parte-hartzea handia izateaz gainera, oihartzun handia izan baitu komunikabideetan. Aho-zapore ona utzi du azken balantzeak eta, halaber, datozen edizioetan haziz eta ahaleginak gehituz jarraitzeko konpromiso kolektiboa indartu du.

Horregatik, eskerrik zintzoena eman nahi diegu erakunde parte-hartzaile guztiei, ekosistema zientifiko-teknologikoaren indarra eta lan kolaboratiboaren garrantzia agerian jarri dituen hamargarren edizio honetan izan duten inplikazioarengatik eta konpromisoarengatik. Haien laguntzari esker, Emakumeak Zientzianek hazten eta zientzia gizartera gerturatzen jarraitzen du. Datorren urtean ere batera arituko garelakoan gaude, elkarrekin eraikitzen ari garen bide honetan aurrerapausoak ematen jarraitzeko.