euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Gaizkia, Auschwitzetik Gazara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/27

Artur Heras artista bere obraren aurrean | Argazkia: EHU

Zerk lotzen ditu 1945ean Auschwitzen hartutako irudi bat eta Gazako egungo errealitatea? ‘Gaizkia. Auschwitz 1945-Gaza 2024’ Artur Heras artista valentziarraren lanak Holokaustoaren memoria eta Gazako egungo indarkeria lotzen dituen ibilbide bisuala sortu du, Auschwitzen ateratako artxiboko irudi batean oinarritutako 42 lanez osatua dagoena. 

Erakusketa gaur goizean aurkeztu da EHUko Carlos Santamaría Zentroan, Donostian, Bilbon nahiz Gasteizen egon ondoren. Inaugurazio ekitaldian Heras artista bera, Anacleto Ferrer komisarioa, Juana Goizueta EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Marian Iriarte Harreman Instituzionaletako eta Kulturako errektoreordea eta Ekai Txapartegi EHUguneko zuzendaria izan dira. Ekainaren 30era arte ikusi ahal izango da erakusketa EHUko Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi aretoan, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:30etara. Sarrera irekia da.

Aurkezpenaren ondoren, Herasek bisita gidatua eskaini du eta xehetasun handiagoz azaldu ahal izan ditu bere obren sortze-prozesua eta elementu sinbolikoak, historian gaizkiak iraun izanaren inguruan hausnartzera gonbidatzen duen lan artistikoaren gakoetan sakonduz.

1945ean jaio zen artista, munduak Holokaustoaren izugarrikeriak eta Auschwitz bezalako tokiak ezagutu zituen urte berean. Herasek naziek beraiek hartutako artxiboko argazki batetik abiatu du obra: adineko emakume bat eta haur batzuk arantzadun alanbre baten ondoan, gas-ganbera batera bidean. Horrela, ezkutuko aurpegiak dituen eszena hori 43 lanez osatutako serie baten hasiera bihurtu zen.

Pieza bakoitza jatorrizko irudi horren bariazio bat da. Ez dute hondo zehatzik, eta arantzadun alanbreak zeharkatzen du irudi guztien horizontea. Marrazkiek bilakaera bat dute, jatorrizkoari leialagoak direnak egiten hasi zen artista eta elementu grafikoz eta testuz betetako konposizio moldatuagoak egiten bukatu zuen. Ez dago kronologia zehatzik, baina bai bilakaera bat. Arantzadun alanbrea erakusketa osoaren hari gidaria da, eta artistak Mahmud Darwish edo Rafael Alberti bezalako poeten bertsoak txertatu ditu.

Walter Benjamin pentsalariak sortutako terminoa erabiliz, ‘Denkbilder’ obrak dira, ‘pentsatzen duten irudiak’, alegia. Horietan, artistak iragana berrikusteaz gain, orainarekin zubi bisuala ezartzen du, zehazki Gazako indarkeriarekin. Eta irudi diren aldetik beren buruaz pentsatzen dute. Heras ideien margolaria da. Ez du nahi ez hunkitu ez asaldatu, baizik eta ulertu, komunikatu eta interpelatu.  2020ko pandemian du jatorria proiektuak. Azkenik, obra hau sortu zuen 2024ean, 4-5 hilabeteko lana izan zena.

Duela 80 urteko biktimak gaur egungoak nola hauteman daitezkeen planteatzen du erakusketak. Baliokidetza sinplistetan erori gabe, errealitateari aurrez aurre begiratzeko beharra azpimarratzen du Herasek, egungo indarkeriari aipamena eginez.

Bestalde, erakusketaren inaugurazioa eta bisita gidatuaren ostean, ondoko areto nagusian, 'Desde el río hasta el mar. Cómo ejercer el periodismo bajo bombas y marcos narrativos establecidos'’ lemapean solasaldia egin da, Ane Irazabal eta Olga Rodríguez kazetariekin, Bego Yebrak moderatuta.

Gainera, ekainaren 25an, ‘Rifqa’ poema liburu euskaratuaren aurkezpen musikatua eskainiko da Ignacio Mª Barriola zentroaren aterpetan, 18:30etan. Mohammed el-Kurd egile palestinarraren ‘Rifqa’ poema liburua (2021) Eider Beobidek euskaratu zuen 2024. urtean (Katakrak).