euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Graduez gain masterrek ere jakinmina piztu dute EHUAzokan

Bilbon egin da Unibertsitate Orientaziorako Azoken hirugarren eta azken saioa. 10.000 ikasle inguru gerturatu da saioetara, 160tik gora formazio saio egin dira Batxilergoko ikasleekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/16

Aurtengo EHUAzokara 10.000 ikasle inguru hurbildu dira Donostia, Gasteiz eta Bilboko hitzorduetara | Argazkia: Mitxi. Komunikazio Bulegoa.

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea pozik agertu da EHUAzokaren hiru saioek izan duten harrerarekin. Orientatzaileek egiten duten lana goraipatu du errektoreak eta azaldu duenez, graduez gain masterrek ere ikusmin handia sortu dute aurtengo edizioan. Behin EHUAzoka igarota, Ate Irekiak izango da hurrengo hitzordua, unibertsitateko etorkizuneko ikasleentzat; martxoaren 13tik 28ra.

Unibertsitate Orientazioa Azokak itxi ditu ateak aurten. Bilbokoa izan da azken geralekua eta aurreko bi hitzorduetan bezalaxe, asko izan dira, Batxilergoko ikasleak nahiz familiak, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa fakultatera zein Bizkaia Aretora hurbildu direnak. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxearekin batera izan dira Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearekin, Ikasle eta Konpromiso Sozialeko errektoreorde Asier Blasekin eta Ainhoa Berasaluze Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako errektoreordearekin; izan ere, graduondoko ikasketak ikusarazteko estrategia berria jarri du martxan aurten EHUk azoketan eta ikusgarritasuna eman zaio masterrei eta graduondoko gainerako eskaintzari.

EHUk 108 gradu eta 100dik gora graduondoko eskaintzen ditu eta Bengoetxea errektoreak azpimarratu bezala, “Euskal Herriko Unibertsitatearentzat ere berebiziko garrantzia dauka gradutik harago egiten den formazio-eskaintza. Horregatik aurten lehenengoz saiatu gara horren inguruko informazio landuagoa ematen eta ikusi dugu harrera oso ona izan duela; ikasle eta familia askok erakutsi dute masterren inguruko interesa”. Ildo horretan, "ibilbide akademiko osoa egiteko eskaintza bermatzen du EHUk, graduak eta graduondokoak kontuan hartuta asko zabaltzen den eskaintza; are gehiago, gradua eskatzen ez duten graduondokoak ere badituelako EHUk eta profesionalei zuzendutako prestakuntza eta mikrokredentzialak”.

Horregatik ere, “guretzat oso garrantzitsua da ikasle bakoitza bere ibilbide profesionala zehazten joatea, bakoitzaren ezaugarrien arabera aukeratu dezan". Graduondoko errektoreordeak azpimarra jarri du unibertsitate publikoak egiten duen graduondoko eskaintzan,  “izan badirelako graduondoko izenarekin iragartzen diren, baina unibertsitate graduondoko ez diren ikasketak; alegia, graduaren ikasketarik eskatzen ez dutenak".

Aurtengo EHUAzokara 10.000 ikasle inguru hurbildu dira Donostia, Gasteiz eta Bilboko hitzorduetara. Horrez gain, 160dik gora formazio saio egin dira azken asteetan eta horiek ere erantzun ona izan dute % 80tik gora bete egin dira. Era honetako ekimenen garrantzia agerian uzten dute datuek, adierazi du errektoreak eta bide horretan, aurten masterrekin egin bezala, datozen edizioetan ere berritzen jarraitzeko asmoa iragarri du. Aurten esaterako ikasleei banatzen zaizkien liburuxkak berritu dira eta gradu eskaintzari gehitu zaio graduondokoei buruzko informazioa, baita Euskal Herriko Unibertsitatearen ingurukoa ere.

EHUAzoka amaituta, ikasleek unibertsitatearekin izango duten hurrengo hitzordua ATE IREKIAk dira. Martxoan egingo dira EHUren ikastegiak eta eskolak bertatik bertara ezagutzeko jardunaldiak. Unibertsitateko ikasleek lagunduta izango dute fakultateak eta eskolak bisitatzeko aukera, baita informazio-saioetan parte hartzeko ere. Aurretik izena eman beharko da, martxoaren 5etik 15era ehu.eus webgunean.

2026-2027 eskaintza

EHUk beste gradu bat gehituko du hurrengo ikasturteko eskaintzan: Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako Gradua, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Horren gainera, hainbat gradu berritu dira, hala nola, IItsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanerako Gradua; Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua; Nautika eta Itsas Garraioko Gradua eta Enpresa Kudeaketa eta Marketineko Gradua. Guztira 108 gradu izango dira, tartean, 15 gradu bikoitz eta 14 gradu dual.

Graduondokoei dagokienez, EHUk guztira 108 unibertsitate master,  108 unibertsitate master eta 67 doktorego programa eskaintzen dira; horrez gain, berezko ikasketetan, 35 master, 10 unibertsitate espezializazio eta 20 unibertsitate aditu titulu eskaintzen ditu EHUk, guztiek ere kalitatezko akreditazio berme guztiekin. Horrez gain, gaur 70 unibertsitateko mikrokredentzial jartzen ditu profesionalen eta enpresen esku.