Teresa Morera Herreras, Ane Murueta-Goyena, Unai Fernández Martín
Gure ahoa babestuz, garuna babesten dugu
EHUko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/10/27

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Ahoko osasunean pentsatzen dugunean, hortz zuriak eta hortzoi gogorrak etortzen zaizkigu burura. Baina aho higiene ona izatea gai estetikoa baino gehiago da: gure organismo osoaren osasunean eragin zuzena izan dezake.
Izan ere, ahoan gertatzen dena, ez da ahora mugatzen. Hortzetan eta hortzoietan pilatuta geratzen diren bakterioek gorputzean zehar bidaiatu eta organoetan ondorioak izan ditzakete: bihotzean edo garunean, adibidez.
Ahoko osasun txarrak, txantxarra, hortz-haginen galera edo hortzoien hantura (gingibitisa) eragiteaz gain, gaixotasun kronikoak larriagotu ditzake, hala nola diabetesa, minbizi mota batzuen arriskua handitu eta, zenbaitetan, gaixotasun kardiobaskular, zerebral eta neurodegeneratiboak garatzen ere lagundu dezake.
Zehazki, egiaztatu da periodontitisa duten pertsonek (bakterio-plakaren pilaketak eragindako hortzoien hantura kronikoa) aukera gehiago dutela gorputzeko beste atal batzuetan konplikazioak garatzeko. Datuak garbi daude: tratatu gabeko periodontitisa duen gaixo batek 2,5 aldiz arrisku handiagoa du iktus bat izateko ia 3 aldiz probabilitate handiagoa bihotzeko gaixotasun bat izateko, eta ia 3 aldiz probabilitate handiagoa bihotzeko gaixotasun bat izateko aho-hortzetako osasun ona dutenekin alderatuta.
Gainera, periodontitisarekin lotutako hantura kronikoak ere narriadura kognitiboa areagotu dezake, Alzheimerraren kasuan gertatzen den bezala.
Alzheimerra: dena aldarazten duen ahanztura
Alzheimerra dementzia neurodegeneratiboaren kausarik ohikoena da. Mundu mailan, 57 milioi lagunek baino gehiagok dute dementzia eta, horietatik, % 60-% 70ek du Alzheimerra. Espainian, 800.000 pertsona inguruk dute gaixotasun hori eta, aurreikuspenen arabera, prebalentzia bikoiztu egingo da hurrengo 20 urteotan.
Oraindik ez dakigu zein den horren kausa zehatza, baina badakigu genetikak eta ingurumeneko faktoreek eragina dutela, gure bizimoduak barne. Eta hortxe ikusi da ustekabeko lotura bat: hortzoien zainketak zeregin babesgarria izan dezake narriadura kognitiboaren aurrean.
Bakterioak, arrastoa uzten duten izaki ikusezinak
Ahoan ahoko mikrobiota osatzen duten 770 mikroorganismo espezie inguru daude. Orekan daudenean, bakterio komunitate horrek funtzio onuragarriak izaten ditu. Baina higienea eskasa denean edo oreka hori aldarazten duten faktoreak daudenean, ugaldu egiten dira bakterio patogenoak eta horrek gaixotasunak agertzea eragiten du: gaixotasun periodontala, adibidez.
Gingibitisak, horren forma arinenak, populazioaren % 90i eragiten dio eta higiene egokiarekin zuzen daiteke. Baina, areagotzen bada, periodontitis bihur daiteke eta hori gaitz kronikoa, hanturazkoa eta itzulezina da, eta ondorioak hortzak galtzea baino askoz ere larriagoak izaten dira.
Zerikusia duten bakterioek, batez ere ‘Porphyromonas gingivalis’ek eta horiei aurre egiten saiatzean sistema immunitarioak askatzen dituen hanturazko molekulek odolean zehar bidaiatzen dute eta urrun dauden organoetara iristen dira: garunera, adibidez. Han, hanturazko prozesuak sortzen eta neuroendekapenezko gaixotasunak (Alzheimerra, adibidez) garatzen edo aurreratzen lagun dezakete.
Hain zuzen ere, lotura horren hipotesia ikerlan ugarik indartu dute. Animalia ereduetan, ‘Porphyromonas gingivalis’ bakterioaren eta antzekoen toxinekiko esposizio luzeak neuroinflamazioa, beta-amiloide proteinen metaketa eta oroimenaren narriadura eragin ditu; Alzheimerraren ohiko hiru ezaugarri, hain zuzen ere.
Gizakion kasuan ere, ebidentzia harrigarri bat topatu dute: patologia hori zuten hildakoen garuneko ehunean topatutako ahoko bakterioen kantitatea gaixotasun hori ez zuten pertsonen kasuan aurkitutakoa baino zazpi aldiz handiagoa da.
Hortzak garbitzea: geure burua babes dezakeen ohitura
Beraz, ahoko higieneari egunean 10 minutu eskas eskaintzea inbertsio handia da etorkizuneko osasunerako. Hortzak garbitzea ahazten zaigun bakoitzean, bakterioak ugaldu egiten dira eta gorputzeko beste atal batzuetan amaitu dezakete, eta horrek aurreikusi ezin diren ondorioak izaten ditu.
Hortzak garbitzea, hortzetako haria erabiltzea eta dentistarengana maiz joatea irribarrea zaintzeaz gain, bihotza, garuna eta, seguru asko, oroimena babesteko ere lagungarriak izan daitezke. Alzheimerrak oroitzapenak ezabatzen ditu, baina bada ahaztu behar ez den zerbait: geure ahoa zaintzea geure burua zaintzearen baliokidea da.





