euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Itsasora itzuli da SAREUSek artatutako foka grisa, hiru hilabetez Gorlizen indarrak hartu ondoren

Abenduaren 23an Zarautzen agertu zen Argi itsas txakurrak osasun osoa berreskuratu du Bizkaiko Foru Aldundiko Faunaren Birgaitze Zentroan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/25

Argi, SAREUS sareak artatutako itsas txakur grisa, guztiz errekuperatuta, itsasora bueltan. | Argazkia: Egoi Markaida. EHU.

Aste honetan, hiru hilabeteko errekuperazio prozesu luzearen ondoren, gure kostaldean lehorreratutako foka grisa (Halichoerus grypus) bere ingurune naturalera itzuli da. Martxoaren 24an goizean goiz irten da ontzi batean Plentziako portutik, EHUko Plentziako Itsas Estazioko (PiE) teknikariek ikerlariek eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta eta Tragsatec enpresako teknikariek lagunduta. Ordu beteko bidaia egin ondoren, itsas barreneko 3 miliatara, Argi izeneko foka hau itsasoratu da.

 

 

Istorioa 2025eko abenduaren 23an hasi zen, animalia Zarauzko hondartzan agertu zenean. Euskal Herriko Unibertsitateko PiEk koordinatzen duen SAREUSek (Euskadiko Lehorreratze Sarea) erreskatatu zuen.

"Gure kostaldera iristen diren foka grisak Frantzia iparraldetik edo Erresuma Batutik iristen direla pentsatzen dugu, jakina da Bretainiako ugaltze-kolonietako banakoak Kantauri itsasoko kostaldera iristen direla, Portugalgo korronteak ekarrita. Gertakari hauek Itsasoa harrotuta dagoenean dira ugariagoak eta ondorioz, baldintzak hobetu arte gure kostaldean hartzen dute atseden.  Normalean ez dira gaixorik iristen, baina kasu batzuek  tratamendua behar dute ", azaldu du Denis Benitok, SAREUS lehorreratze sarearen koordinatzailea eta PiEko ikertzaileak. Haren esanetan, otsailean eta martxoan izaten dira horrelako lehorreratze kasu gehienak. Argi hondartzara iritsi zenean, SAREUSek 112tik abisua jaso zuen eta jarraipena egin zitzaion udaltzainen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren basozainei esker.

Foka gazte har hau gaixorik zegoen, ahulduta, eta haren osasun egoera ikusita, Gorlizera, Bizkaiko Foru Aldundiko Faunaren Birgaitze Zentrora eraman zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek. Zentro horretan zaintzen dituzte naturan bere kabuz bizirik iraun ezingo luketen animalia basati zaurituak edo gaixoak. Zaintzea eta, ondoren, ingurune naturalean askatzea du helburu.

“Askotan foka kumeak parasito bronkiobirikoekin sartzen dira eta bigarren mailako infekzio bakterianoak izan ditzakete. Zaratak eta zailtasunak erakuts ditzakete arnasketan, jarduerarik eza eta sukarra. Kasu honetan ez zeukan sukarrik baina oso ahulduta iritsi zen hona”, azaldu du Gorlizeko Birgaitze zentroko Ane Miren Arraibi albaitariak. Heldu zenean 18,200 kg pisatzen zuen. “Lehenengo 15 egunetan antibiotikoa eman genion eta animalia egonkortu ondoren desparasitatu genuen. Geroztik animaliak ez du inolako arazorik izan”, erantsi du. Argi izena ipini zioten.

“Sendagai-tratamentua urtarrilaren 24an amaitu zen. Geroztik egunean 3 aldiz jaten eman diogu eta pisua hartzen egon da arazorik gabe. Otsailaren amaierarako askatzeko moduan egon den arren, itsasoko egoeragatik ezin izan dugu askatu”, erantsi du albaitariak. Gaur egun 38 kilo inguru pisatzen du. Foka griseko ale heldu batek 170 eta 300 kg arteko pisua izan dezake.

Azkenean, martxoaren 24an heldu zen askatzeko unea. Goizean goiz irten da TRAGSATEC-eko ontzian Plentziako portutik, enpresa horretako eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikari eta EHUko PiEko ikerlariek eta TRAGSATEC enpresako teknikariek lagunduta. Eta ordu bat beranduago Argik Frantzia iparraldeko edo Erresuma Batuko kostaldeetara itzultzeko bidaiari ekin zion. “Fokek bere jatorrizko lekura bueltatzen dakite, eta animalia gregarioak direnez berriro integratuko dira bertan dagoen taldearekin”, adierazi du Denis Benitok.

SAREUSen eginkizunak eta protokoloa

Askatutako foka grisaren kasua SAREUSek 2025ean artatutako 31 lehorreratzetatik bat izan da, zetazeoei, fokei, itsas dortokei eta hondartutako marrazoei buruzko abisuak jaso ondoren. “Izurdeen ostean, itsas txakurrak dira gure kostaldetara gehien iritsi diren animaliak” azaldu du Benitok. 2026ko lehen hiruhilabetekoan, berriz, Euskadiko lehorreratze-sarearen taldeak 9 jarduera egin ditu. Historikoki (1993tik) lehorreratze gehien Donostian (> 80), Zumaian eta Zarautzen (> 40) eta Getxon, Sopelan, Bermeon eta Getarian (> 30) izan dira.

Larrialdi baten aurrean nola jokatu? Animalia bat kostaldetik gertuegi edo hondartzan edo portuan etzanda ikusiz gero distantzia mantendu eta zuzenean 112ra deitu behar da, kasuz kasuko protokoloa aktiba dezaten. Bizirik badago ez da zaratarik atera behar ez eta ukitu ere. SAREUSeko langileen argibideak jarraitu behar dira animalien eta pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Euskadiko lehorreratze-sareak (SAREUS) Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) Biodiversidad Fundazioaren finantzaketa du, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan, Europar Batasunak –NextGenerationEU– eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak finantzatuta.

Informazio gehiago