euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHU Gertu-Gertutik: Garapen Jasangarrira eta Konpromiso Soziala Zerbitzua

Jasangarritasuna egunerokotasunean

EHUko ingurumen eta gizarte ekimen askoren atzean balio horiek unibertsitateko egunerokotasunean txertatzeko lan egiten duen talde bat dago

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/05/21

Ezkerretik eskumara: Felipe Garcia Esteban Gizarte Konpromisoko teknikaria, Nekane Castillo Eguskitza Ingurumen teknikaria, Isaac Barrio Marin Hondakinen eta ingurumen kalitatearen kudeatzailea, Roberto de Miguel Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko teknikaria, Joseba Zúñiga Ródenas Hondakinen eta ingurumen kalitatearen kudeatzailea, Idoia Olazar Uriagereka administaria, Lourdes Terán Bartolom administraria, eta Estíbaliz Martínez Villabeitia Koperazioko teknikaria | Argazkia: Laura Lopez. Komunikazio Bulegoa, EHU.

EHUn, jasangarritasunaz hitz egitea jada ez da birziklatzeaz edo energia aurrezteaz hitz egitea bakarrik. Unibertsitatean, ideia hori presente dago oso eremu desberdinetan, hala nola campusen kudeaketan, laborategietako jardunean, boluntariotza proiektuetan edo gradu amaierako lanetan. Helburua da konpromiso soziala eta ingurumenekoa ez dadila izan kontzeptu abstraktu huts bat, baizik eta unibertsitateko kide guztien bizi esperientziaren parte izan dadila.

Begirada hori erabat txertatuta dute beren eguneroko lanean Nekane Castillok, Roberto De Miguelek, Isaac Barriok, Joseba Zuñigak, Felipe Garcíak eta Esti Martínezek, baita Garapen Jasangarrirako eta Konpromiso Sozialerako Zerbitzuko administrazioko langile diren Idoia Olazarrek eta Lourdes Teránek ere. Horiek guztiek laguntzen dute unibertsitateko ingurumen eta gizarte ekimenetako asko bultzatzen. “Unibertsitatea ingurumenarekiko arduratsuagoa eta sozialki justuagoa eta konprometituagoa izan dadin lan egiten duen EHUko arloa gara”, azaldu dute zerbitzutik.

Zerbitzuaren jardunak askotariko lan arloak barne hartzen ditu, hala nola campusetako ingurumen kudeaketa eta mugikortasuna, nazioarteko lankidetza, boluntariotza edo Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) irakaskuntzan eta ikerketan txertatzea. Eta beti ideia bera dago oinarrian: unibertsitateko kideek jasangarritasunari eta justizia sozialari begira duten konpromisoa sendotzea.

Campusa laborategi bizi gisa

Trantsizio ekologikoa funtsezko pieza bihurtu da unibertsitatearen barruan; EHUagenda 2030en bidez sustatzen da, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta dago eta zenbait ekimenen bidez garatzen da, Berdintasun Campusa, Inklusio Campusa eta Planeta Campusa ekimenen bidez, besteak beste.

“Unibertsitatea ezin da erronka sozial eta klimatiko handietatik kanpo geratu”, adierazi du Nekane Castillo ingurumeneko teknikariak. Zerbitzutik azaldu dutenez, jasangarritasuna campusetako kudeaketan, irakaskuntzan, ikerketan eta gizartearekiko harremanean txertatu behar da.

Planeta Campusa plana berritzen ari da gaur egun EHU. Plan horren ardatzak energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, osasuna edo klima aldaketa dira, besteak beste, eta gai horietan parte hartzera gonbidatzen ditu unibertsitateko kideak. Baina filosofia hori bereziki ondo laburbiltzen duen proiektua Campus Bizia Lab da. Izan ere, laborategi bizi bihurtzen ditu campusak, eta ikasleek arazo errealei aurre egiten diete, eta unibertsitatean bertan aplika daitezkeen soluzioak planteatzen dituzte.

Nekane Castillo: «Campus Bizia Lab-en bidez, ikasleek arazo errealei aurre egiten diete, eta unibertsitatean bertan aplika daitezkeen soluzioak planteatzen dituzte»

Campus Bizia Lab-en, askotariko proiektuak gauzatzen dira: ikastegi batean euri ura aprobetxatzeko proiektua, Leioako Campuseko Arboretuma gela bizi gisa erabiltzekoa, kartoizko hondakinak adreilu biodegradagarri bihurtzekoa... GJHak lantzeko irrati komunitarioen ekimenak ere badaude, edo mugikortasunari, kontsumo arduratsuari eta trantsizio energetikoari lotutako proposamenak.

“Eginez ikastea da asmoa”, laburbildu du Nekane Castillok. “Ikasleek zuzenean ezagutzen dituzte campuseko arazoak, eta benetan aplika daitezkeen soluzioak proposatzen dituzte”. Ikaskuntza akademikoaz harago, esperientzia horiei esker ikasleek zuzenean uler dezakete beren lanaren inpaktua, eta beren inguruneko gizarte eta ingurumen erronkekin konekta dezakete.

Birziklatzea baino askoz gehiago

EHUren moduko unibertsitate baten inpaktu ekologikoa murrizteko hainbat alderditan esku hartu behar da: energian eta mugikortasunean, hondakinen kudeaketan edo campus barruko eguneroko ohituretan, besteak beste.

Azken urteotan, LED argiztapena instalatu da pixkanaka unibertsitateko ia eraikin guztietan, baita klimatizazio sistema eraginkorragoak ere. Gainera, energia berriztagarrien aldeko apustua egin da, eta hamar instalazio fotovoltaiko eta zortzi termiko instalatu dira, tartean aerotermiako eta geotermiako sistemak.

Eremu konplexuenetako bat unibertsitateko irakaskuntza eta ikerketa unitateetan sortzen diren hondakin arriskutsuen kudeaketa da, zeina zentralizatzen baita Garapen Jasangarrirako eta Gizarte Konpromisorako Zuzendaritzaren bidez. Hala, 2025ean, honako hauek kudeatu dira: jatorri kimikoko hondakinen 83 tona, 12,5 tona hondakin biosanitario, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen 31 tona, esperimentaziorako animalien hondakinen 1,8 tona, 1 tona inguru lanpara eta 0,5 tona pila.

Zerbitzuak prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen ditu, inpaktuak minimizatzeko eta araudia betetzen dela bermatzeko. Laguntza horren barruan sartzen dira, besteak beste, langile berriak orientatzea eta ikertzaileei kudeaketako jardunbide egokietan laguntzea. “Kontua ez da gehiago birziklatzea bakarrik; horrez gainera, gutxiago sortu eta hobeto kudeatu behar da”, laburbildu du Isaac Barriok, EHUko Hondakinen eta Ingurumen Kalitatearen kudeatzaileak.

Ingurumen inpaktua murriztea

Mugikortasunak beste erronka handi bat izaten jarraitzen du, batez ere Leioako Campusean, hara iristen den garraio publiko bakarra hiriarteko autobusen zerbitzua baita. Oro har, azken urteetan hobekuntzak sustatu dira garraio publikoan, bidegorri berriak jarri dira hiru campusetako hiri inguruneetan, bizikletentzako aparkalekuak instalatu dira eta auto partekatuko programak bultzatu dira, adibidez Arabako Campusean, KAROS aplikazioaren bidez; 2025ean ezarri zenetik, guztira 220 erabiltzailek deskargatu dute aplikazioa.”

Gainera, Unibertsitateak ibilgailu elektrikoak jarri ditu barne zerbitzuetarako, hala nola posta eta mantentze lanetarako, eta kargatzeko puntuak instalatu ditu, horrelakoen erabilera errazteko.

Joseba Zuñiga: «Erronka nagusiak dira ingurumen aztarna murriztea eta unibertsitateko kide guztien artean kultura jasangarria sustatzea»

Hala ere, aldaketa ez dago azpiegituren edo inbertsioen mende bakarrik. “Erronka nagusiak dira ingurumen inpaktua murriztea eta unibertsitateko kide guztien artean kultura partekatua sendotzea”, gaineratu du Joseba Zuñigak, Isaac Barrioren arlo bereko lankideak. Izan ere, eraldaketaren zati handi baten oinarria eguneroko keinu txikiak dira: nola joaten garen campusera, nola kontsumitzen dugun edo nola kudeatzen ditugun egunero sortzen ditugun hondakinak.

Inplikatuz ikastea

Konpromiso soziala da zerbitzuaren beste lan ildo nagusietako bat. Gizarte erakundeekin boluntariotzan eta lankidetzan aritzeko programen bidez, ikasleek askotariko ekimenetan parte hartzen dute, kolektibo zaurgarriei laguntzen edo nazioarteko lankidetzako proiektuetan lan egiten, besteak beste.

“Boluntariotza ez da laguntzea bakarrik, ikastea ere bada”, laburbildu dute zerbitzutik. Esperientzia horiek aukera ematen diete ikasleei beste errealitate batzuetara hurbiltzeko, oso kolektibo desberdinekin lan egiteko eta gelan bakarrik nekez lortzen den begirada kritikoa garatzeko.

Ekimen horietako asko gizarte erakundeekin batera gauzatzen dira, eta horiek premia errealak identifikatzen eta unibertsitateko jarduera inguruneko erronkekin lotzen laguntzen dute. Parte hartzea, gainera, akademikoki aitortzen da, hautazko kredituen bidez. Ekimenen artean Yaran Foundation buru duen Hizkuntzak trukatu eta irribarreak partekatu proiektua aipa daiteke, STEM prestakuntza duten emakume afganiarrek gizartean eta kulturan parte har dezaten lortzea helburutzat duena, edo Berdintasunaren Podiuma, kirolari eta inklusioari buruzko online tribiala, Hezkuntza eta Kirol Fakultatearekin lankidetzan antolatua.

Abian jarritako azken proiektuetako bat EHUko Campus Rural da. Horren bidez, unibertsitateak curriculumetik kanpoko praktikak bultzatzen ditu biztanle gutxien dituzten udalerri eta eremuetan Espainian eta Euskadin ere (batez ere Araban eta Enkarterrietan), eta, hala, tokiko garapenarekin, jasangarritasunarekin eta berrikuntza sozialarekin lotutako proiektuetara hurbiltzen ditu ikasleak. “Lurralde kohesioa aukerak sortuz eta landa inguruneetara ezagutza eramanez ere eraikitzen da”, azaldu du Roberto De Miguel jasangarritasuneko eta konpromiso sozialeko teknikariak. Programak ikasleak tokiko erakundeekin lankidetzan aritzea eta ingurune horietako dinamika sozialekin harreman zuzena izatea ahalbidetzen du.

Felipe García: «Erabaki, proiektu eta keinu bakoitza, txikia badirudi ere, garrantzitsua da»

Esperientzia profesionaletik harago, egonaldi horiek beste bizimodu batzuk eta komunitatea antolatzeko beste modu batzuk ezagutzeko aukera ematen diete ikasleei. “Askotan, lan egiteko, bizitzeko eta komunitatearekin harremanetan jartzeko beste modu batzuk ezagutzen dituzte”, gaineratu du.

Ikasleen inplikazioa Sare Berdeak EHU eta antzeko sareen bidez ere bultzatzen da. Aipatutako horrek harremanetan jartzen ditu ingurumen ekimenetan interesa duten pertsonak, eta campusetan proiektu berriak abian jartzea ahalbidetzen du.

Bestalde, Ikasleen Biltzarrak, Gure GrALek mundua eraldatzeko balio dute lelopean, balioa ematen die GJHei laguntzen dieten lanei. Dagoeneko zortzi edizio egin dira. “Ikasleek sentitzen dute beren lehen lan profesional handiak planeta hobetzen laguntzen duela”, azaldu du Felipe Garcia konpromiso sozialeko teknikariak.

Unibertsitatea munduarekin konektatuta

EHUren konpromiso sozialaren nazioarteko alderdia zerbitzuan bertan txertatuta dagoen Garapenerako Lankidetza Bulegoaren bidez bideratzen da. Bertatik, hainbat herrialdetako unibertsitateak eta komunitateak lotzen dira ezagutzaren, prestakuntzaren eta tokiko erakundeekiko lankidetzaren bidez. “Gure tresna nagusia ezagutza da, eta hori sortzen duen jendea”, azaldu du Esti Martinez lankidetzako teknikariak. Hasieran, lekuan bertan gauzatzeko lankidetza ekimenetan oinarritzen zen jarduera, baina gaur egun justizia globalari lotutako prestakuntza programekin, praktikekin, boluntariotzarekin eta GrALekin konbinatzen du alderdi hori bulegoak.

Nolanahi ere, proiektu ezagunenetako bat Gaztenpatia da, Euskal Fondoarekin batera garatua, El Salvador, Kolonbia, Guatemala eta beste herrialde batzuetan praktikak edo GrALak egiteko aukera ematen duena. Hamar ediziotan 200 ikasle baino gehiago bidali ditu dagoeneko Euskal Fondoaren bazkide diren Latinoamerikako erakundeen proiektuetan parte hartzera. “Esperientzia profesionala da, baina baita humanoa eta eraldatzailea ere”, azaldu du Martinezek. Programak unibertsitateko bizitzatik urrun dauden errealitateetara hurbiltzeko aukera eskaintzen die.

Keinu txikiak, benetako aldaketak

Zuzendaritza, gaur egun, hainbat erronka lantzen ari da, hala nola neutraltasun klimatikoa, mugikortasun arduratsua indartzea edo campusak birnaturalizatzea, erresilienteagoak izan daitezen eta biodibertsitate handiagoa izan dezaten. Baina lanaren zati handi bat unibertsitateko kideak eguneroko aldaketan inplikatzen jarraitzean datza.

EHUk jasangarritasunaren inguruan antolatzen dituen jarduera guztiak eta Euskadin egiten diren beste batzuk ezagutzeko, hileroko newsletterrera harpidetu zaitezke: https://list.ehu.eus/mailman/listinfo/newsletter_iraunkortasuna

Azken batean, garapen jasangarria eta konpromiso soziala bultzatzeko modu asko daude: boluntario izatea, gizarte edo ingurumen proiektuekin bat egitea, ikuspegi hori lan akademikoetan txertatzea edo zerbitzuari berari ekimen berriak proposatzea.