Beatriz Acha Ugarte
Hesi demokratikoak eta estrategiak ultraeskuinaren aurrean
Soziologiako irakasle elkartua
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/30
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Ultraeskuineko alderdiek –eskuin muturreko alderdiak eta eskuin erradikalekoak sartzen dira kategoria horretan– hamarkadak daramate mendebaldeko Europako zenbait herrialdetako hauteskundeetan arrakasta lortzen. Horregatik, 2018an Vox sartu zenean, askok ez zekiten nola erreakzionatu.
Gaztela eta Leongo otsailaren 13ko hauteskunde autonomikoetako emaitzek Voxen aurrean jarraitu beharreko estrategien inguruko interes akademiko eta mediatiko handia sortu zuten.
Aplikatu behar al zaie osasun hesi bat alderdi estremistei sistema demokratikoa babesteko? Galdera horren erantzuna bat edo beste izango da, talde horiek demokraziari dakarzkioten arriskuei buruzko zein balorazio kontzepzio ditugun; eta horrek, bere aldetik, horiek definitzeko modura garamatza.
Gai terminologikoak alde batera utzita, argi dago gizarteko sektore batzuentzat Vox mehatxu handi bat dela. Beste batzuek, Alderdi Popularrak bereziki, “beste alderdi bat” dela diote.
Hori horrela, 40dbren orain dela gutxiko inkesta baten arabera, Vox Gobernuan sartzearekin kezkatuta daude 10 espainiarretik 6, eta inkestatutako pertsonen ia erdiak babesten dute alderdi horren kontrako nolabaiteko osasun hesi bat. Horrek agerian uzten du iritzi publikoak gai horri buruz duen adostasun falta; horregatik, osasun hesiaren “ontasunei” buruzko galderari erantzuten saia gaitezke, harekin zer “helburu” lortu nahi diren galdetuz gure buruari.
Hainbat osasun hesi mota
Osasun hesi mota ezberdinak daude, sistema politikoko aktore ezberdinek sendotasun gehiagorekin edo gutxiagorekin aplikatzen dituzte, eta denbora gehiagoz edo gutxiagoz. Bere bertsio guztietan, funtsean zera da: alderdi estremistekin kolaboratzeari edo haiekin batera jarduteari uko egitea.
Ukoa hainbat mailatakoa izan daiteke. Hesia zorrotz aplikatzen bada, haien botoak arbuiatuko dira, are neurri edo proiektu politiko zehatzak onartzeko beharrezkoak badira ere; hesia ez da hain zurruna alderdi horiek egiten dituzten proposamenak arbuiatzen badira baina ez beste aktore batzuek planteatutakoei haiek emandako babesa; exekutiboak eratzeko negoziazioen esparruan, estremisten botoak inbestidurarako onartu daitezke, adibidez, baina botere banaketatik kanpo utz daitezke; hesia ez da aplikatzen haien babes jarraitua onartzen bada legegintzaldi osorako, Herbehereetan bezala, babes hori exekutibotik kanpo ematen bada ere. Are gutxiago Gaztela eta Leonen; bertan, eskuin muturrak Gobernua eratzea ahalbidetu du, baina, ez hori bakarrik, gainera, Gobernuan egotera igaro da, Alderdi Popularrak “normalizatuta”.
Talde horietako ordezkariei kargu exekutiboak betetzea galarazteak dakar horiei lotutako baliabideak eskuratzea eta politika publikoak diseinatzeko/ezartzeko aukera izatea ukatzea; hau da, haien “zuzeneko” influentzia mugatzen da.
Isolatzeko estrategia aplikatzen bada gobernuaren esferan ez ezik legegintza arloan ere bai, aurreikus daitekeen efektua da agenda osatzeko izan dezakeen potentziala murriztea, ikusgarritasuna eta ospea kentzeaz gainera. Horrek, bada, politika publikoetan duten “zeharkako” inpaktua ere murriztuko du.
Isolamenduaren estrategia
Baina, hesia ezartzearekin lortu nahi dena ultraeskuina ahultzea bada eta, azken batean, hautesleen artean dituzten babesak murriztea, ez dago argi hori estrategia egokia den.
Belgikan, adibidez, Vlaams Blok/Belangi hamarkadatan egindako isolamendu politikoak erakargarritasuna kendu zion boto emaileen sektore handien artean, alderdia boterera iristen ez zela ikusteaz nekatuta. Alemanian, bere aldetik, nabarmen atzeratu zuen AfD agertzea; 2015era arte atzeratu ere. Kasu batean zein bestean, ultraeskuinari emandako babes maila moderatua da, Europako beste kasu batzuekin alderatuta.
Ezin daiteke gauza bera esan, baina, Frantziako kasuaz: Fronte Nazionalari ezarritako osasun hesiak (baita Rassemblement Nationali ere) hauteskundeen bigarren bueltan garaipena lortzea sistematikoki galarazi badu ere, Le Penen alderdia hauteskunde porrot baten adibide izatetik urrun dago.
Estrategia hori aplikatzea baztertzeko argudio bat al da hori? Maiz esan denez, ultra alderdiek, gainerako guztiek isolatu egiten dituztenean, abantaila atera dezakete egoeratik, “biktimen” rola hartuta. Are gehiago, batzuetan defendatzen denez, alderdi estremistei erakundeetan sartzea eta gobernu lanak beren gain hartzea uzteak haiek “otzantzen” eta haien jarrera erradikalenak moderatzen lagun dezake.
Baina, zenbait azterketak zalantzan jarri dute uste hori (kontuan hartu Salvinik Italiako Barne Ministerioan egindakoa). Kontrara, nolabaiteko ebidentzia dago sistemako beste eragile batzuk “kutsatzeko efektuaren” alde eta ezarritako alderdiek eskuin muturrerantz jotzen duten estrategia moldakorrak hartzen dituztenean eskuratzen dituzten zalantzazko onuren alde (eta gobernu jarrerak partekatzeak “moldatze” hori dakar).
Alderdi demokratikoen eta hedabideen boterea
Oraindik ere aztertu egin behar dira estrategia horiek eta, zehazki, osasun hesia aplikatzearen efektuak. Ultraeskuina isolatzeak hura boterera iristea eta haren diskurtsoak zabaltzea mugatzen du; hori argi dagoela dirudi. Egia da, baina, beste herrialde batzuetako adibideak ikusita ezin dela berretsi ultraeskuinaren hauteskunde ibilbidean duen inpaktua, beste faktore askoren araberakoa baita. Horien artean, noiz eta nola aplikatzen den hesia, eta nork aplikatzen duen.
Hesiaren estrategia arrakastatsua izan dadin, sistema politikoko alderdi guztiek jarri behar dute praktikan eta talde berriaren garapenaren hasierako faseetan egiten behar dute, baina, gainera, hedabideak ere tartean sartu behar dira. Gainera, ordezkari politikoak batzeak eta alderdi estremistei –edo haien postulatuetako batzuei– uko egiteak demokrazian onartzen denaren eta onartzen ez denaren mugei buruzko mezu indartsu bat helaraz diezaieke hautesleei.
Azken batean, sistema demokratikoaren osasunerako, hesia eskuin muturraren kontra aplikatzeari edo ez aplikatzeari eta hori nola egiteari buruzko erabakia baino erabakigarriagoa izan daiteke sistema sostengatzen duten balioei buruzko adostasun soziala eta politikoa finkatzearen aldeko apustu irmoa egitea; izan ere, estrategia hori batzuetan –eta batzuetan baino ez– aurretik duen adostasun horren isla baino ez da, hain zuzen ere.