euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Hezkuntza komunikazioa: Elkarrizketa ikasgelara iristen denean

Mayte Santos Albardíaren doktorego tesiak hainbat tresna proposatzen ditu unibertsitateko ikasgeletan migrazioari buruzko diskurtsoak lantzeko, elkarrizketa, partaidetza eta hausnarketa kolektiboko dinamiken bidez

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/23

Mayte Santos EHUko Gureiker taldeko ikertzailea | Argazkia: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa, EHU

Zer da burura datorkizun lehenengo gauza “migrazio” hitza entzuten duzunean? Horixe bera izan zen kazetari eta EHUko Gureiker taldeko ikertzaile Mayte Santos Albardíak unibertsitateko ikasleen aurrean egin zuen galdera bere doktorego tesiaren dinamika nagusietako bati hasiera emateko. Segundo batzuez, ikasleek beren mugikorren bidez erantzun zuten. Pantailan hitz solteak agertzen hasi ziren, eta berehala hodei kolektiboa sortu zuten: pobrezia, muga, atzerria, arrazakeria, premia, kultura, aldaketa… Eta, hortik abiatuta, eztabaida hasi zen.

Santosen ikerketaren esparrua hezkuntza komunikazio kritikoa da; arlo horretan, ulertzen da hezkuntza eta komunikazioa prozesu banaezinak direla, eta elkarrizketa erabiltzen dela irakatsi eta ikasteko tresna gisa. Tesian ikuspegi hori aplikatu du unibertsitateko ikasgeletan migrazioaren inguruko diskurtsoak aztertzean, fenomeno horri buruzko informazioa eta kontakizunei buruzko ikuspegi kritikoagoa sustatze aldera.

Ikerketa sozialeko doktoreak adierazi duenez, migrazioei buruz iristen den informazio gehiena alborapenak dituzten narratiben, ikuspegi alarmisten edo etorkinak deshumanizatzen dituzten hizkeren bidez iristen da. Azpimarratu duenez, “askotan, zifrak edo jende oldeak aipatzen ditugu, pertsonaz ari garela ahaztuta”.  Halaber, ikertzaileak proposatzen du partaidetzarako espazioak sortzea, ikasleak, edukien hartzaile ez ezik, beren ikaskuntzaren protagonista aktibo ere izan daitezen. Santosek azaldu duenez, “ikasketa prozesu oro komunikatiboa da, eta komunikazio orok hezi egiten du”.

Hezkuntza esperientzia aldatzeko interes hori, hein batean, ikasle gisa izan zuen ibilbideagatik sortu zen. Izan ere, azaldu duenez, prestakuntza garaian parte-hartze handiagoko metodologien eta ikasleek ikaskuntza prozesuan modu aktiboagoan parte hartu ahal izateko guneen falta igarri zuen. “Ulertu nahi nuen nola eraiki zitekeen hezkuntza dinamikoagoa, parte hartzaileagoa eta interesgarriagoa, non ikasleek protagonismo handiagoa izango baitzuten eta kezkatzen zituzten edo haientzat garrantzitsuak ziren gaiak ere jorratu ahal baitzituzten”, adierazi du.

Ikasgela, elkarrizketarako espazioa

Landa lana garatzeko, zortzi eztabaida talde sortu ziren EHUko hiru campusetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Gizarte Heziketako eta Kazetaritzako ikasleekin. Saioetan, ikasleek benetako albisteak landu zituzten, zeinak ikertzaileak aukeratutako baitzituen ikuspegi alboratuak, hizkera sentsazionalista edo migrazioari buruzko tratamendu problematikoa zituztelako. Lehenik eta behin, talde txikitan irakurketa askea egin zuten, eta bat-bateko iritziak partekatu zituzten. Ondoren, testuak berriz irakurri zituzten, baina galdera batzuek gidatua, azter zezaten nolakoak ziren erabiltzen ziren hizkera eta irudiak edo pertsonak edo zifrak aipatzen ziren. “Interesgarriena zen informazio hori berriz aztertzea, baina beste iragazki batzuk aplikatuta, beharbada aurretik egin ez zituzten galderak planteatuta”, azaldu du ikertzaileak.

Hortik abiatuta, elkarrizketa kolektiboa ireki zen, ikasleek entzutea eta aske parte hartzea bideratzeko diseinatutako dinamika parte hartzaileekin batera. Dinamika azpimarragarrienetako bat arrainontziaren edo akuarioaren dinamika izan zen, non eztabaida taldetan antolatu baitzen eta esku hartzeak bat-batean sortu baitziren, txanda itxirik edo behartutako partaidetzarik gabe. “Uste dut formatu hau oso adeitsua dela, pertsona bakoitzak erabaki baitezake parte hartu nahi duen ala ez. Ez da esku hartzera behartzen, baina espazioa irekita dago beti”, adierazi du.

Informazioa modu kritikoan pentsatzea

Ikerketaren oinarria egungo testuinguruan oso presente dagoen kezka bat da: “Une oro jasotzen dugu informazioa, eta askotan eragiten digu, jakitun ez bagara ere”. Kazetariaren iritziz, erronka da ikastea harremanak izaten, modu kontzientean, hedabideekin eta teknologiarekin: “Kontua ez da teknologiak erabiltzea debekatzea, baizik eta erabakitzea nola egon nahi dugun konektatuta”.

Halaber, tesiak jorratzen du ingurune digitalek eta gure ideiekin bat datozen edukiak erakusten dituzten algoritmoek polarizazioa indartzen dutela. “Gero eta zailagoa zaigu berdin pentsatzen ez duen norbaitekin hitz egitea. Askotan, aitortzen ez dugun arren, entzun nahi dugun informazioaz inguratzen dugu gure burua, sare sozialek horretara bideratzen gaituztelako”, azaldu du. Hori dela eta, elkarrizketa aukera bat da entzute aktiboko eta hausnarketa partekatuko espazioak berreskuratzeko.

Ikaskuntza birplanteatzea 

Orduz geroztik, haren ikerketak galdera bakarra izan du ardatz: “Niretzat interesgarriena da irakasteko eta ikasteko toki hori birplanteatzea eta geure buruari etengabe galdetzea nola hobetu dezakegun”. Hori dela eta, migrazioaren eta hedabideen analisitik harago, tesiak hausnarketa bat ere egiten du unibertsitateko irakaskuntzaren orainari eta etorkizunari buruz. Ikertzaileak aldarrikatzen du hezkuntza komunikazioa, bereziki, irakasleen prestakuntzan txertatu beharko litzatekeela, irakasleek eta etorkizuneko hezitzaileek ezagut ditzaten dinamika horiek ikasgeletara eraman ahal izateko tresnak. “Askotan, ikasleei parte hartzeko eskatzen diegu, baina ez ditugu sortzen beti partaidetza erosoa, askea eta esanguratsua izateko baldintzak”, ñabartu du.

Hain zuzen ere, hori da bere proposamenaren abiapuntua: ulertzea ikasgela ez dela soilik edukiak transmititzeko espazioa, eztabaidatzeko, gauzak zalantzan jartzeko eta elkarrekin mundua modu kritikoan irakurtzen ikasteko tokia ere baita.