euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Jardunaldia

Informatika Fakultateko 50. urteurreneko ospakizun sozial handia

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2026/05/30, 11:30

Kokapena

Ganbara aretoa - Kursaal Kongresu Jauregia
Zurriola 1. -20002- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Argazkia: Informatika Fakultatea. EHU

Deskribapena

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak bere sorreraren 50. urteurrena ospatzen du aurten, mende erdi honetan berrikuntza akademikoa, modernizazio teknologikoa eta Informatika eta Adimen Artifiziala gizarte digitalean funtsezko diziplina gisa finkatu dituena. Eta mende erdiko historia ospatzeko bihar larunbata, maiatzaren 30ean, 11:30etan, Kursaalean, Ganbara aretoan, Donostian, ospakizun sozial handia antolatu du. EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea ekitaldiaren buru izango da. Bertan ikasle eta egresatu, langile eta langile ohi, eta gonbidatu bereziekin 500 pertsona inguru bilduko dira. Hauen artean, kanpoko gonbidatu bereziak izango dira, hala nola, erakundeen ordezkariak. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; Jon Insausti Donostiako alkatea; eta Irune Berasaluze Gipuzkoako Gobernantza foru diputatua.

“Urte hauetan guztietan bidelagun izan ditugunak elkartzeko aukera paregabea ematen digu urteurren borobil honek, elkarren berri jakin eta Fakultateko garaiak gogoratzeko. Eta bide batez, Fakultatearen ibilbide oparoa azaltzeko parada ere bada, alde formalak eta informalak konbinatuta. Beti utzi behar da sorpresetarako lekua!”, dio Nerea Ezeiza Ramos EHUko Informatika Fakultateko dekanoak.

1976an Espainiako lehen hiru Informatika Fakultateak sortu ziren: Bartzelona, Madril eta Donostia.  Fakultatea hasiera batean Amara auzoko Merkataritza Eskolan egon zen 1984ra arte, eta urte horretan gaur egungo egoitzara lekualdatu zen, Gipuzkoako Campusean, Donostian. Ordutik, fakultatea campuseko erreferente akademiko bihurtu da, laborategiak, ikerketa-talde aurreratuak eta abangoardiako irakaskuntzara egokitutako ikasgelak hartuz. Era berean, bost hamarkada hauetan, ikastegiak lorpen garrantzitsuak lortu ditu irakaskuntzan, ikerketan eta berrikuntzan: 5.000 profesional baino gehiagok jaso dute prestakuntza Fakultatean; 250 doktore-tesi defendatu dira informatikaren eta adimen artifizialaren punta-puntako arloetan; Nazioarteko erreferentziazko ikerketa-taldeak, besteak beste ikaskuntza automatikoaren, software-ingeniaritzaren, zibersegurtasunaren, hizkuntza naturalaren prozesamenduaren edo konputazio kuantikoaren arloetan, ezagutza sortuz eta transferituz. Fakultateko ikertzaileek sari ugari jaso dituzte kongresu eta lehiaketetan, bai nazio mailan bai nazioartean, Euskadi Ikerketa Saria eta SCIE-FBBVAren ikerketa eta ikertzaile gazteen sari nazionalak nabarmenduz; Enpresa-ehunarekiko lankidetza, bai praktika-programak eta gradu eta master amaierako lanak bai kontratuak, ikerketa-proiektuak eta industria-tesiak garatuz. Unibertsitate-enpresa gelak sortzea ere nabarmendu behar da. Lankidetza-proiektuen garapena sustatzen duten ekimenak dira, zibersegurtasuna, software-ingeniaritza edo konputazio kuantikoa bezalako gai-arloetan sakontzeko helburuarekin; Eta, urtean batez beste 50 I+G+b proiektu eta hogei bat ikerketa-kontratu enpresekin.

50. urteurrenaren ospakizuna Fakultatearentzat bereziki dinamikoa den etapa batekin bat egiten du. Adimen Artifizialaren, zibersegurtasunaren, errendimendu handiko konputazioaren, konputazio kuantikoaren edo datuen ingeniaritzaren aurrerapenak zentroa posizio estrategikoan kokatzen du profesionalen prestakuntza eta ezagutza zientifikoaren sorrera lideratzen jarraitzeko.

EHUko Informatika Fakultateko historia