-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Gure txokoak: Justizia soziala sustatzeko unibertsitate-gunea
- Photocampus
Lehenengo argitaratze data: 2022/02/24
“Nire lekurik gustukoena Donostiako Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko ikasgela da, oinarrizkoa iruditzen zaidan esku-hartze sozialeko ideal bat sinbolizatzen duelako, proiektu kolektibo baten barruan sustraitua. Baina proiektua horma horietatik haratago doa: gure fakultateak presentzia duen bi campusetara hedatzen da, bietan garatzen baita. Ilusioz beteriko erronka honetan hasieratik parte hartzeko eta horretan jarraitzeko zortea izan dut.
2016ko ekainaren 2an aitortu zitzaion, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak hala erabakita, nortasun juridikorik gabeko erakunde izaera eta horixe izan zen hasiera formala. Ikasketa gunea ez ezik, zuzenbidearen eta azterlan kriminologikoen sistema pedagogikoa eraldatzeko gune ere bada, eta pentsamendu kritikoa sortzea eta zeharkako eta intersekziozko jarduerak sustatzea bilatzen du, botere sistemek sortutako bazterkeria sozial edo diskriminazio mota guztien aurkakoa, bai modu isolatuan, bai elkarrekintzaren bidez sortutakoak (sexua-generoa, klasea, arraza/etnia, desgaitasuna, sexu-ezaugarriak eta orientabideak eta identitateak).
Hausnarketarako eta borondatezko talde lanerako laborategi bat da: elkarrekin aritzen gara ikasleak, irakasleak eta ikertzaileak eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak, giza eskubideak defendatzen dituzten kolektibo, elkarte eta erakundeekin harreman estuan lan eginez, izen-abizendun pertsonek pairatzen duten diskriminazio edo gizarte bazterketako kasu jakinak oinarri hartuta; kasu horiek erakundeetara iristen dira, eta diskriminazioaren aurkako estrategia juridikoak eta justizia sozialeko ekimen politikoak identifikatu eta sustatzen ditugu. Nola egiten dugu hori guztia? Gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak aztertuz, gure ikasleek erakunde horietan praktikak eginez eta zuzenean esku hartzeko beste formula batzuen bidez, hala nola prestakuntza eta tresnak emanez (adibidez, auzi estrategikoetan) edo politika publikoekin lotutako hobekuntza proposamenak kudeatzen lagunduz beren jarduera eremuetan. Lege erreformen proposamenak ere prestatzen ditugu. Horrek guztiak zentzu osoa hartzen du unibertsitate publiko batean; izan ere, ezagutza sortu eta zabaltzeaz gain, gure gizartea hobetzen laguntzeko betebeharra sentitzen du arazoei lepoa eman gabe.
Halakoxea da klinika, bai: muga fisiko edo akademikorik gabeko gunea, unibertsitateko kide guztientzako ateak zabal-zabalik dituena; beraz, UPV/EHUko kide zareten guztiok gonbidatuta zaudete klinikara etorri eta han egiten duguna bertatik bertara ezagutzera, eta gurekin modu aktiboan laguntzera animatzen zaituztet.
Batek jakin! agian zuontzat ere lekurik gogokoena izango da inoiz.”
Oscar Arroyuelo Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko administratzailea da. Eta bera da, bestalde, aurreko lerroen egile.
Nola iritsi: 43°18'23.6"N 2°00'41.1"W
