Gabriel Ibarra Berastegui
Klima aldaketak ozeanoetako olatuetan, itsasoko ibilbideetan eta geopolitikan izango duen eragina
Fluidoen Mekanikako katedraduna
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/09/22
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Klimari buruzko azterlan zientifiko gehienak negutegi efektuko gasen isurien ondorioz tenperaturan etorkizunean gerta daitezkeen proiekzioetan oinarritzen dira. Fenomeno horrek itsasoetako olatuetan ere eragina du.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlari talde batek Lurreko ozeano eta atmosferaren sistemak klima aldaketaren ondorioz tenperatura aldaketak nola xurgatzen dituen eta horrek itsas ingurunean nola eragiten duen aztertu dugu. Atmosferaren berotzea modu ez linealean bideratzen da haize eta olatuetara, eta horrek eredu konplexuak eta itsaso baten eta bestearen artean alde handiak eragiten ditu.
Lortutako emaitzetan ikus daitekeenez, haizearen eta olatuen altueraren bilakaera, aurreikus daitekeena, oso ezberdina izango da ozeano batean edo bestean XXI. mendearen amaierara arte, eta etorkizunera begira, horrek inplikazio ekonomikoak eta geopolitikoak ekarriko ditu.
Artikoa: izotz gutxiago eta olatu gehiago
ELGAren txosten batek Artikoko urtzeak itsasoko merkantzia garraioan zer abantaila eragin ditzakeen jasotzen du: izan ere, Asia eta Europa arteko gaur egungo ibilbidearekin alderatuta, zirkulazio denbora hori % 40 gutxituko dela kalkulatzen du.
Baina, izotza desagertutakoan, partzialki bada ere, gure iragarpenen arabera, mendearen amaierarako, ozeano guztietako haizearen eta olatuen altueraren igoerarik handiena jasango du Artikoak.
Igoera handi horrek, zalantzarik gabe, nabigazioa zailduko du eta, ondorioz, izotzik ez izan arren, baliteke Ipar Poloan zeharreko zirkulazio komertziala ia ezinezkoa izatea oraindik ere.
Hori dela eta, Artikoko aldaketen konbinazio horrek nekez ahulduko luke modu nabarmenean gaur egun Asia eta Europa lotzen dituen itsasoko zirkulazioa, Suezetik igaro eta Mediterraneoan amaitzen dena.
Mediterraneoa: olatuak, energia berriztagarriak eta segurtasuna
Mediterraneoa funtsezko kate-maila da beste itsas ibilbide batean: Indiako Ozeanotik Europara petrolioa eta gasa garraiatzen dituenean. Gure ikerketaren arabera, bi itsasoek Artikoaren aurkako portaera erakusten dute: mende bukaerara arte, haizea eta olatuak nabarmen gutxituko lirateke. Maila globalean, haizeari eta olatuen altuerari dagokienez, 2100. urtera arte jaitsiera handienak izango dituen itsasoa Mediterraneoa izango dela uste da.
2010-2020ko hamarkada inflexio puntua da bertan: aurreko hamarkadetan portaera jarraitua izan du, eta orain, mendearen amaierara arte, haizea eta olatuak gutxitzeko joera izango du.
Olatuetatik energia ateratzeko instalazioak ezartzen hasi berriak dira, baina hori arriskuan egon daiteke. Izan ere, Mediterraneoko lehen instalazio operatiboan (Jaffa, Israel) hautatutako diseinua olatuen altueraren araberako errendimendua duten pistoi batzuetan oinarritzen da. Ondorioz, olatuen altuera gutxitzeak erronka berriak ekarriko dizkio Mediterraneoan etorkizunera begira antzeko instalazioekin lotutako garapen teknologikoari.
Bestalde, sektore eolikoan eta proiektatutako itsas parkeetan aldaketak gertatzea espero da hurrengo hamarkadetan. Izan ere, haizearen abiadura gutxitzeak eragindako produkzio jaitsierari aurre egin beharko diote.
Gure lanak egindako kalkuluen arabera, Mediterraneoaren erdiko ardatzean zehar (hortik igarotzen dira oinarrizko bi itsas ibilbide), haizearen eta olatuen jaitsierak % 2koak izango dira mendearen amaierara arte hamarkada bakoitzean.
Etorkizuneko aldaketa horiek Mediterraneoan errazago nabigatzea ahalbidetuko dute, eta horrek segurtasun erronka gehigarri bat ekarriko du, legez kanpoko jarduerak ugaritzea espero baita: hala nola, armen, drogen eta pertsonen trafikoa.
Hori dela eta, itsasertzeko herrialdeen etorkizuneko egonkortasunak Mediterraneoa merkantzien trafikorako eta energiaren hornikuntzarako itsaso seguru bihurtzeko erronka sortzen du.
Ba al dago ibilbide alternatiborik etorkizunerako?
Olatu gutxiago izateak nabigazio denborak eta kostuak murrizten ditu, eta, beraz, klima aldaketak etorkizunean eragingo dituen aldaketa horiek indartu egingo dute Mediterraneoan zentratutako bi itsas ibilbide horiek duten garrantzia. 2100era begira, haize eta olatu proiekzioetan ikus daitekeen eredu global nagusietako bat iparraldeko eta hegoaldeko hemisferioen arteko asimetria handia da. Gainera, azken horretan ikus daitezke igoera handienak. Hori dela eta, kontuan hartu behar da, gainera, Mediterraneoaren bide alternatiboa, hau da, Afrika inguratzen duena, zaildu egingo dela, Indiako Ozeanoan eta Hego Atlantikoan hurrengo hamarkadetan haize eta olatuen gorakada jarraitua gertatuko dela aurreikusi baita.
Ibilbide alternatiboak indartzearekin lotutako aurreikuspenak ahultzeak are gehiago handitzen du ibilbide horietan funtsezkoak diren hiru nodoren garrantzi geopolitikoa: Suezko kanala, el Bab-el-Mandeb itsasartea eta Ormuzko itsasartea (gasaren eta petrolioaren hornikuntza globalerako ezinbestekoa). Hain zuzen ere, horixe agerian geratzen da azkenaldian Persiar golkoan gertatutako tentsio belikoetan. Baina, paradoxa dirudien arren, orain gutxi gertatutako krisi horretan nodo horien funtsezko garrantzia munduko merkataritza egonkortzeko faktore bihurtu dela esan dezakegu; izan ere, nazioarteko eragileen funtsezko interes kontrajarrien aldi bereko proiekzioak irekitako bideak mantentzea ekarri du.
Ipar Pazifikoa eta Atlantikorako sarbidea
Beste zonalde batzuetan ere olatuen altuera eta haizea gutxitu egingo dela aurrez ikusi da. Horixe da, adibidez, Atlantikoaren eta Ipar Pazifikoaren kasua. Horren guztiaren ondorioz, nabigazioa arinagoa eta kostu gutxiagokoa izango da eta horrek mundu mailako itsasoko zirkulazioan Panamako kanalak kate-maila estrategiko gisa betetzen duen garrantzi geopolitikoa sendotuko luke
Kanalaren kontrola ziurtatzeko Estatu Batuek azkenaldian egindako mugimenduei erreparatzen badiegu, hurrengo hamarkadotan Panamako kanalak aparteko garrantzia izango duela aurrez ikus dezakegu. Garrantzi horren arrazoietako bat da hurrengo hamarkadetan zirkulazioa handitu egingo dela, nabigazioa gero eta arinagoa izango baita.
Olatuen geopolitika
Zenbat eta hobeak izan egungo nabigazio ibilbideak sendotzeko aurreikuspen geofisikoak 2100. urtera arte, orduan eta handiagoa izango da ordena geopolitikoa desegonkortu dezaketen gertaeren aurrean funtsezko kate-maila horiek betetzen duten potentzial disruptiboa.
Bide alternatibo berririk ez dagoenez, interesa duten eragileek egungo bideen kontrol osoa edo partziala lortzera bideratu beharko dituzte beren ahaleginak, eta horrek, paradoxa dirudien arren, ustekabeko akordioak eragin ditzake (horietako bat da, hain zuzen, aipatu berri dugun eta orain gutxi gertatu den Persiar golkoko krisia).
Dena den, oraindik ere beharrezkoak dira etorkizuneko itsasoko muturreko gertaera horien bilakaerari, maiztasunari eta intentsitateari buruzko eskualde-mailako ikerketak. Horien bidez, ozeanoak hobeto egokitzeko, planifikatzeko eta kudeatzeko egoerak aurrez ikusi ahal izango dira. Eta, aldi berean, jasandako aldaketa horietatik eratorritako inplikazio ekonomikoak eta geopolitikoak zehaztasun handiagoz finkatu ahal izango dira.