euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Erlantz Lizundia: «Posible da mugikorrentzako bateria biodegradagarriak eta toxikorik gabeak sortzea»

EHUko Material Aurreratuen Ingeniaritzako irakasle eta ikertzaileak EHUpodcasten 5. atalean azaldu du nola babes dezakegun ingurumena material naturalak erabiliz.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/01/28

Tania Arriaga eta Erlantz Lizundia Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati-laborategian. | Argazkia: Laura López. EHU.

Erlantz Lizundia Material Aurreratuen Ingeniaritzan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta Life Cycle Thinking Group taldeko ikertzaile nagusia da. Gainera, Stanfordeko Unibertsitateak polimeroen arloan eragin handiena duten munduko zientzialarien % 2ren artean kokatu du, 2020tik.

Posible al da gure telefono mugikorrerako bateria bat egitea, eta, behin erabilita, lorategian lurperatu eta konpost bihurtzea? Erlantz Lizundia EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailearen erantzuna argia da: "Bai, posiblea da". Life Cycle Thinking Group taldeak, Lizundia buru dela, iturri fosiletan oinarritutako materialen ordez baliabide natural biodegradagarriak erabiltzea du helburu, hala nola zelulosa, kitina edo lignina. Elkarrizketan zehar, ikertzaileak azpimarratu du material hauen guztien atzean produktuen bizi-zikloaren analisia dagoela, materialen ingurumen-inpaktua hasieratik amaierara neurtzeko.

Lizundiak azaldu duenez, Life Cycle Thinking Group taldeak mugikorretan erabil daitekeen bateria konpostagarria garatu du, Zuricheko Eskola Politeknikoarekin eta Hegoaldeko Gales Berriko unibertsitatearekin elkarlanean. Bateria honek zinka eta material naturalak (algak, zuhaitzen zelulosa eta polidopamina) erabiltzen ditu. Sakeleko telefonoen bateria jatorri naturaleko polimeroekin produzitzearen zailtasun handiena eskakizun teknikoak betetzea da, askotan kargatu eta deskargatu behar delako, efizientziarik galdu gabe. Gaur egungo litiozko baterien energia-dentsitatera iristen ez den arren, bidea zabaldu du etorkizuneko elektronika toxikoa izan ez dadin.

Horrez gain, ikerketa-taldeak mikroplastikoak uretatik garbitzeko zerrauts eraldatua erabiltzen duen sistema berritzailea ere garatu du, material horrek partikula kutsatzaileak erakartzeko eta harrapatzeko duen gaitasuna aprobetxatuz. Prozesuaren alderdirik berritzaileena da sortzen den hondakina —zerrautsa eta mikroplastikoak— altzariak egiteko xafla bihurtzen dela. Horrela, mahaiak edo eserlekuak ekoitzi daitezke formaldehidoa bezalako itsasgarri toxikorik gabe

Birziklapenetik harago: 'Upcycling' kontzeptua

EHUko ikertzaileak gogorarazi du gaur egungo ekonomia ereduaren %12 soilik dela zirkularra. Horregatik, Upcycling-aren aldeko apustua egiten du. Upcycling edo "goi-birziklapena" ohiko birziklapena gainditzen duen estrategia da, hondakinak jatorrizko produktuak baino balio eta propietate hobeak dituzten material bihurtzen baititu. Prozesu mekaniko edo termikoen bidez, eredu honek ekonomia zirkularra sustatzea du helburu; adibidez, plastikozko botila arruntetatik abiatuta, pantaila digitaletarako osagai fluoreszenteak edo kalitate handiko itsasgarriak sortuz.

Kamaleoien azalean oinarritutako sentsoreak —kolorez aldatzeko gaitasuna dutenak— edota granada-azalez egindako elikagai-ontziak dira Lizundiaren ikerketen emaitzen adibide batzuk. Lan hauek agerian uzten dute XXI. mendeko ingurumen-erronken gakoa naturari arretaz begiratzean egon daitekeela. "Ikerketa geldoa da, baina ezinbestekoa", ondorioztatu du adituak. Era berean, ohartarazi du aldaketa hau gure egunerokoan ikusteko, administrazioaren finantzazioa, enpresen inplikazioa eta kontsumitzaileon ardura beharrezkoak direla.

EHUpodcast: zientzia entzungai

EHUpodcast Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) dibulgazio zientifikorako ekimena da. "Entzun ta zabal zazu" lelopean, hileroko elkarrizketa hauek unibertsitateko ikerketaren eta gizartearen arteko zubia eraikitzea dute helburu, podcast formatua erabilita. EHUren ikerketa-lana modu atsegin, ulergarri eta irisgarrian ezagutarazi nahi da, unibertsitateko ikertzaileei egindako elkarrizketen bidez.

EHUpodcasten helburu nagusia da ezagutza zientifikoa gizartera hurbiltzea, pentsamendu kritikoa sustatzea eta publiko orokorraren jakin-mina piztea. Elkarrizketak euskaraz edo gaztelaniaz egiten dira, eta transkripzioak ingelesera ere itzulita eskaintzen dira, edonork eduki horietara sarbidea izan dezan.

Ekimen hau Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzak bultzatu du, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen laguntzarekin. Elkarrizketak Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea den Tania Arriagak koordinatu eta aurkeztuko ditu. Ekimena Bitartez ikerketa-taldearen inplikazioarekin garatu da.

Dagoeneko entzungai EHUpodcasten, Ikerketa Gizartean Zabaltzeko Zuzendaritzaren web orrian  eta ohiko plataformetan.