euskaraespañol

Redes sociales campusa

Gasteizko Ingeniaritza Eskolak Mobility Lab Campus egitasmoa inauguratu du

Instalazio berrien helburua da mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloetan gero eta handiagoak diren beharrei erantzutea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/09/22

Argazkia: Nuria Gonzalez. EHU

Mobility Lab Campusa sortu da erantzun bat emateko Gasteizko eta Arabako enpresen eta erakundeen egoerari, mugikortasunarekin eta garraio jasangarri eta adimendunarekin lotutako gaietan. Erantzun hori gauzatuko da mugikortasun eta logistikako ikerketa proiektuen garapenaren bidez.

Gasteizko Ingeniaritza Eskolak Mobility Lab Campusa inauguratu du, Joxerramon Bengoetxea Caballero Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea buru izan duen ekitaldi batean. Bertan izan dira ere Héctor Guerrero Padrón Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Politika eta Estrategia Aeroespazialeko zuzendariorde nagusia, Adolfo Morais Ezquerro Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea eta Zuriñe Gómez de Balugera López de Alda Gasteizko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.

Mobilitiy Lab Campusa Gasteizko Ingeniaritza Eskolaren sotoan kokatuta dago, 700 m2 inguruko azalera du eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren dirulaguntzari esker sortu da. Helburuen artean du ikerketa, garapen, berrikuntza eta ezagutza nahiz teknologia transferentziako jarduerak indartzea mugikortasunaren eta garraio jasangarriaren arloan, era horretan ekarpena egiteko enpresen lehiakortasunari; horrez gain, kualifikazio handiko langileak trebatzea, talentua erakartzea eta, unibertsitatearen zorroztasun zientifikoa eta sormena enpresen dinamismoarekin eta lehiakortasunarekin konbinatuta, ahaleginak batzea eta ezagutza nahiz aberastasuna gizartera transferitzea.

Joxerramon Bengoetxearen hitzetan, “proiektu hau apustu estrategiko bat da, EHUren Arabako Campusarena eta, bereziki, Gasteizko Ingeniaritza Eskolarena. Ikastegi honek urte asko eman ditu lanean ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaren baitan. Gainera, berrikuntzaren eta ikerketaren ikuspegitik, eta enpresa eta zentro teknologikoekin elkarlanean, zentro berriaren lehentasunezko lerroak izango dira mugikortasun adimendun eta jasangarria indartuko duten proiektu berriak garatzea, eta 5.0 industria indartzea automozioa eta aeronautika bezalako sektore garrantzitsuetan”.

Mobility Lab Campusaren ekintzen helburua da erantzun bat ematea Gasteizko eta Arabako enpresen eta erakundeen egoerari, mugikortasunarekin eta garraio jasangarri eta adimendunarekin lotutako gaietan. Ekintza horiek gauzatuko dira EHUren Gasteizko Ingeniaritza Eskolak garatutako mugikortasun eta logistikako ikerketa proiektuen bidez, Hezkuntzarako Lankidetza Programen baitan eginiko ikerketa lan akademikoen bitartez (borondatezko praktikak), GRAL, MAL eta doktorego tesien bidez (lehentasuna emanez ‘Industria Doktorego’ aipamena dutenei), bai eta prestakuntza ikastaro, mintegi eta jardunaldiak antolatuta ere, espezifikoak nahiz etengabeko prestakuntzako plan orokor baten barruan.

Instalazio berriak

Zentro berriak 500.000 €-ren inbertsioa behar izan du eta hainbat gunetan banatuta dago, sotoko solairuan estetika berezi bat sortu nahi duen korridore batek lotuak.

Mobility Lab Campusa honela banatuta dago:

  • Ipar Galeria, abiapuntu sinbolikoa. Galeria honek oinarrizko ideia bat adierazi nahi du: ikerkuntzak aintzat hartzen duela, oraina ez ezik, baita etorkizuneko bidea ere.
  • Bi Unibertsitate-Enpresa Gela, unibertsitatearen eta industria sarearen arteko lankidetzarako. Aukera emango dute enpresek bizitza akademikoan parte hartzeko, eta enpresekin elkarlanean eginiko GRAL, MAL eta doktorego tesiak garatzeko.
  • Ikerketen eta Proiektuen Laborategia. Mugikortasunarekin, jasangarritasunarekin, energia garbiekin eta abarrekin lotutako proiektuak garatzen ari diren ikertaldeentzako funtzio anitzeko gunea.
  • Mugikortasun eta Logistikako Laborategia. Logistikako eta garraio adimenduneko prozesuen irakaskuntzan eta simulazioan espezializatutako ingurune gisa diseinatua.
  • Sentsore meteorologikoak kalibratzeko laborategia. Eginkizunen artean izango ditu EAEko sare meteorologikoko sentsoreak kalibratzea eta arlo honetan planteatutako arazoei irtenbide teknologikoak ematea.
  • Ekintzailetza Laborategia. Formula Student eta Moto Student bezalako egitasmoentzat prestatua. Autoak eta motoak eraikitzeko zona espezifikoak izango ditu, muntaketa, bateria edo ijezketa eremuekin.

Gainera, eraikinaren kanpoaldeko eremu bat egokitu da, irteerako arrapala kokatzeko. Erdisotora sartzeko arrapala berriak hiru zati izango ditu, gehienez % 8ko maldarekin eta gehienez 8,40 metroko luzerarekin. Arrapala zatien arteko tranpaletan, 1,80 cm-ko diametroko zirkuluak egin ahal izango dira. Eskudelak jarriko dira arrapalaren aldeetako batean.