Komiki irakasgaitik luzatutako gomita bati erantzun zion artistak. Ez da ordea lehen aldia holako ekitaldia ematen duela. Gelak bete ohi ditu idazleak eta otsailaren 24an Arte Ederretako hitzaldian ere, hala egin zuen. "Edozertaz pentsatzen hasten garenean, hori beti gure arazo batekin lotuta" dagoela esan zuen berak. Hain zuzen ere, bere kezka zein den azaltzen ahalegindu zen arratsalde hartan.
Bernardo Atxagaren harri berezia
Euskal idazlea kulturari buruzko gogoeta Arte Ederretako ikasleekin partekatzera etorri da
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2015/03/17
"Aurrena kortesiaz", komikiak bere bizitzan izandako garrantzia nabarmendu du gipuzkoarrak. Bere gaztaroko lehen irakurketak izan zirela aitortu ondoren, kulturaren unibertsoa BAT dela azpimarratu nahi izan du Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951). Komikia, poesia edota musika gorputz bereko elementu zati ezinak dira bere ustetan.
Kortesiaren betebeharrei heldu ondoren, entzuleen arretarik sutsuena lortu zuela, hitzaldiaren bizkar hezurrari lotu zen berehala. Gizartean "zientzia esaten zaion hori, kultura edo humanitatea edo literatura esaten zaion horri gailentzen" zaiola deitoratu zuen behin eta berriz. Jakina, idazleen abilezia eta jukutria osoaz azaldu zuen hori, historia eta istorioa uztartuz.
Bizitzan pertsona orok harri arrunt eta berezia desberdintzen dakigula zion Atxagak. Ez dugu, ordea, sekulan harria zergatik den berezia adostu. Bizkarrean izar bat zizelkatua duen bihotz formako harri horri buruz, historikoki bi pentsamendu egon direla zioen berak : pentsamendu materialista (zientifikoa) eta pentsamendu imaginatiboa. Orain dela 400 urte materialistek, tximistak jotatako harria zela zioten. Pertsona irudimentsuek, aldiz, gurutzean zegoela, Jesusi botatako harria zela. Gaur egun, berriz, materialistek harri hori fosila dela diote eta imaginatiboek? "Gurutzean zela Jesusi botatako harria dela" - esaldia bukatzen zihoala, irriño bat marraztu zen gipuzkoarraren aurpegian.
Materialistek arrazoia dutela badirudi ere, imaginatiboen erranetara lotu zen Obabakoak liburuaren egilea, ikuspuntu hau beti aurreko istorio baten bidez indartsu eta sinesgarri egiten dela azpimarratuz. Jesusi botatako harria, Bibliaren istorioan errotzen den bezalaxe, anitz omen dira istorio batetik sortutako sinesmenak. Antzinako Greziako Pan jainkoaren kondairaz eta gaur egun arte izan duen eraginaz mintzatu zitzaigun ondotik. Garai hartan oihaneko ahotsei zieten beldurra ordezkatzeko sortu zen Pan jainkoaren figura, gaur egun hain ohikoa zaigun "Paniko" hitza sortu zuen. Zientziaren parean, irudimenaren indarra goraipatu zuen Atxagak. Objektibotasunari parekatuz, subjektibitateak duen indarra alegia. Subjektibotasunak du, bere ustetan, sinesgarritasuna osatzen, norbera istorioaz jabetzea ahalbidetzen duelako. Honela istorioak zein sinesmenak intenporalak direla berretsi zuen, kultura, orohar, intenporala den bezala. Kulturak gizartean duen eta izan beharko lukeen inguruko gogoeta interesgarria eskaini zigun idazleak, buruan beste hainbat gogoeta sortuz.
Hitzaldiaren ondoko galderak, ikasle zein irakasleek erakutsitako interesaren isla izan ziren. Anitzak bezain aberatsak, dudak betetzen eta gogoetari bueltak ematen balio izan zuten dudarik gabe.