Egun inoiz baino areago, Interneti esker, zientzia arin hedatzen da. Jakintza sortu ahala gizarteratzen da. Ondorioz, bilakaera horrek kontzeptu, gaitasun eta prozedura berriak dakartza unibertsitatera. Horrela, zientzia oso bizkor aurreratzen denez, ohiko eskolak gero eta zentzu gutxiago du. Gaur egungo erronka ekiten jakitea eta ebazten jakitea da. Horregatik, eskoletan ikasleek euren ikaskuntza prozesuaren protagonista izan behar dute, eta, prozesua errazteko, irakasleek metodologia teoriatik ikasleengan ardaztutako irakaskuntza/ikaskuntzara aldatu behar dute. Beraz, irakasleriari tresnak emateko eta irakaskuntza kooperatiboa eta dinamikoa bultzatzeko, 2009. urtean Eragin programa sortu zuen UPV/EHUk, eta Alba Madinabeitia Ezkurra ikertzaileak programa hori aztertu du.
Apunteak hartzea versus arazoak ebaztea
Alba Madinabeitia Ezkurrak ikasleriarengan ardaztutako ikas irakaskuntza helburu duen UPV/EHUko Eragin programaren inpaktua ikertu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/03/30

Euskal Herriko Unibertsitateko Eragin irakaskuntza garatzeko programaren estrategiak baliagarriak dira goi-mailako ikasketetan transformazio globala gauzatzeko, Alba Madinabeitia Ezkurraren ikerketak agerian jarri duenez. Izan ere, ikasleengan ardaztutako ikaskuntza eredua sustatzeko eraginkorrak dira metodologia horiek. Programa horren lehendabiziko promozioan (2009-2010) parte hartu zuten 72 irakasleen esperientziak aztertu ditu Madinabeitia Ezkurrak. Azterketa egiteko dokumentuen analisia, galdeketa eta elkarrizketa sakona erabili ditu.
UPV/EHUko Eragin programak iraupen luzeko estrategia (300 ordu) eta mentoria taldeak erabiltzen ditu irakasleriaren artean metodologia aktiboak sustatzeko -Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza, Kasuaren Metodoa eta Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza-. Horrela, irakasleriaren garapen programan edukiak, metodologia eta arazoak nork bere diziplinaren logikatik bertatik sortzera bultzatzen da, baita testuinguru errealean praktikan ipintzera ere.
Irakaskuntzaren bilakabidea
Ikerketak erakusten du irakaskuntza eremuetan liderrak gorpuzteko, eta trebezia eta gaitasunak lantzeko ahalmena duela Eraginek. Honakoak dira landutako konpetentziak: curriculuma planifikatzea, aldaketa kudeatzea eta irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzea. Gainera, programari esker, irakasleek hezkuntza aldaketa zein organizazio hobekuntza gidatzeko autoritatea bereganatzen dituzte. Era berean, irakasleek programan parte hartu ondoren, egiten duten itxuraldaketa nabarmendu du Alba Madinabeitia Ezkurrak. "Iraupen luzeko irakasleriaren garapen-estrategiaren inpaktuetako bat da irakaslea bere hezkuntza praktikaren ikertzaile bihurtzea printzipio akademikoei jarraituz, irakaskuntza/ikaskuntza prozesuak zorroztasunez taxutuz, eta komunitate akademikoaren baitan zabalduz, eztabaidatuz eta pareen artean balioetsiz."
Eragin programaren bitartez, ohiko
irakaskuntza/ikaskuntzaren eredua krisian jartzen den aldi berean, hezkuntza berrikuntzaren eta planteamendu aktiboek sortutako kezkak agertzen dira. Horrela, 2009an Eragin programan parte hartzaileen %90k irakaskuntza/ikaskuntzaren kontzepzioaren aldaketa sakona bizi izan du, ikasgaiaren orden lineala apurtu eta ordezko praktiken eraikuntza gauzatu behar duenean. Izan ere, bestelako planteamendu metodologikoak diseinatzeko orduan, hiru gatazka kognitibo nagusi azaldu dira irakasle parte hartzaileen artean: ikasleek teoriarik jaso gabe ezin dute ikaskuntza prozesurik abiarazi; gai ezberdinak integratzen dituzten arazoak planteatzea zaila da; eta ikaskuntza aktiboaren estrategiak helburu eta gaitasunekin kateatzeko trabak daude.
Gatazka horiei aurre egiteko, irakasleei Eraginen mentoreek hiru bide proposatzen dizkiete: eszenatokiak ikasleei ikasteko premia sentiarazi behar izatea, Metodologia Aktiboak dispositibo koherentean engaiatzea, eta ariketak ongi sekuentziatzea. Jarraibideak geletan aplikatuta eta irakaskuntza/ikaskuntzaren prozesua ikasleengan ardaztuta, beren irakaskuntzaren prozesuan subjektu aktiboak izateko urratsak egiten dituzte ikasleek, emaitza hobeak erdietsi. Bestalde, Metodologia Aktiboak modu partekatuan aurrera eramatean irakasleen arteko aliantza berriak azaleratzen dira. Hortaz, irakasleak zein ikasleak rol tradizionaletik aldentzen dira eta gaitasun berriak garatzen dituzte: batetik, arrazonamendu kritikoa; bigarrenik, ikaskuntza autonomoa eta kooperatiboa; hirugarrenik, arazoen taldekako ebazpena; eta, azkenik, erabakitzeko ahalmena.
Inpaktu organizazionala Unibertsitatean
Alba Madinabeitia Ezkurrak irakasleriaren garapen programak aldaketa organizazionalean izandako inpaktu orokorra ere aztertu ditu. Horrela, mentoria taldeen eta hezkuntzaren lidergo partekatuaren arteko harremanek irakasle-sareak indartu eta unibertsitateko maila ezberdinetan elkarlana hedatu dute. Izan ere, Eragin programaren irakasle partaideek Metodologia Aktiboekin konpromisoa hartu dute, eta prestakuntza-prozesua bukatu ondoren heren bat baino gehiago (%36,5) mentore bihurtu dira. Are gehiago, haien proposamen metodologiko berriak kideen artean baloratuak, aztertuak eta hobetuak dira, IKD (Ikasketa Kolaboratiboa eta Dinamikoa) baliabide zentroan material hori argitaratu, eta berrikuntza metodologiko hori kongresu zein aldizkari zientifikoetara eramaten dute.
Madinabeitia Ezkurra doktoreak ondorioztatu du Eragin programak ikas-irakaskuntza beste modu batean pentsatzera eta ulertzera bultzatzen duela; baina, baita irakaskuntza-kontzepzio alternatibo horri erantzuten dioten planteamendu aktiboak eraikitzea eta modu kolektiboan praktikara eramatea ere ahalbidetu duela.
Egileari buruz:
Alba Madinabeitia Ezkurra, (Iruñea, 1987) UPV/EHUko doktorea. Pedagogian lizentziatua. ‘Iraupen luzeko irakasleriaren garapen estrategien inpaktu-mailak: kontzepzioetan, hezkuntza hurbilketan eta kultura instituzionalean –UPV/EHUko Eragin programaren kasua-‘ tesia aurkeztu du. Tesia UPV/EHUko irakasle Idoia Fernándezek eta Clemente Lobatok zuzendu dute. Gainera, IkasGura: hezkuntza aldaketa unibertsitatean ikerketa taldeko partaidea izan da. Pontificia Universidad Católica del Ecuador (Esmeraldas) unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea ibilia da. Hezkuntza Zientzien arlotan ikerketan aritzen da, eta ikerketa-lerroak honako hauek dira: hezkuntza aldaketa unibertsitatean, goi-mailako irakasleriaren garapen estrategien inpaktu-mailak, garapen instituzionala eta curriculumaren garapena.
Artikulu argitaratuak:
Madinabeitia Ezkurra, A. eta Lobato Fraile, C. (2015). ¿Puede el impacto de las estrategias de desarrollo docente de larga duración cambiar la cultura institucional y organizativa en educación superior?. Educar, 51(1) 127-147 http://dx.doi.org/10.5565/rev/educar.697
Fernández, I., Guisasola, G., Garmendia, M., Alkorta, I., eta Madinabeitia, A. (2013). ¿Puede la formación tener efectos globales en la universidad? Desarrollo docente, metodologías acticas y curriculum híbrido. Infancia y aprendizaje, 36(3), 387-400. DOI: 10.1174/021037013807532990





