Euskal enbaxadoreak munduan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/28
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) bederatzi gipuzkoar titulatu zenbait herrialdetara joango dira ekainean, sei hilabetez lan praktikak egiteko (hamabi hilabetera arte luza daitezke) kanpoan finkatutako euskal enpresetan. Nazioarteko Mugikortasuneko Elkano Beka Programaren VII. Edizioko parte hartzaileak dira. UPV/EHUk eta Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA) sustatu dute programa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Programa hori 2006an abiarazi zen. Ordutik, 66 gipuzkoar titulatuk parte hartu dute, eta honako helburu hauek ditu: titulua lortu berri duten ikasleen mugikortasuna sustatzea, haien gaitasun profesionalak hobetzea diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan, eta haien enplegagarritasuna edo ekintzailetza erraztea. Halaber, programak erantzuna eman nahi dio euskal enpresek nazioarteko ikuspegia eta esperientzia duten profesionalak izateko duten beharrizanari.
Elkanoren VII. Edizioan, bi titulatu Uruguaira joango dira, lan praktikak egiteko; beste bi Kolonbiara joango dira, beste bi Alemaniara eta gainerakoak Belgikara, Indiara eta Hong Kongera. Herrialde horietan urtebete emango dute, elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen sektoreko euskal enpresetan lan praktikak egiteko; besteak beste, honako enpresa hauetan ariko dira: Relais Internacional, EPOSS, Evandti, Prestomedia, Rinder eta Fraunhofer.
Gaur goizean, datozen egunetan atzerrira bidaiatuko duten bekadunek topaketa bat egin dute UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietarekin, Gipuzkoako Berrikuntzarako, Landa Garapenerako eta Turismorako foru diputatu Jon Peli Uriguenekin eta GAIAko zuzendari nagusi Tomas Iriondorekin.
Balorazio positiboa
UPV/EHUk, Euskal Herriko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioen Klusterrak (GAIA) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak oso ondo baloratu dute nazioarteko mugikortasuneko programa hau. Halaber, azpimarratu dute titulatu berriek gero eta interes handiagoa dutela jarduera honetan parte hartzeko; izan ere, esperientzia profesionala bermatzen du, eta, kasu askotan, haien ibilbide profesionaleko lehenengo pausoa ere bada: batzuetan, bisitatutako herrialdean gelditzen dira, programan parte hartu duen enpresan lan kontratua lortuta.
UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietaren ustez, "halako ezaugarriak dituen programa batek erabat eragiten du gure unibertsitatearen ardatz estrategikoetako batean: erraztu egiten du gure titulatuen enplegagarritasuna eta lanean hasteko aukerak areagotzeko gaitasunak hartzea, zenbait erakunde, entitate eta enpresarekin lankidetzan. Atzerrian praktika horiek egiteko aukerak balio erantsi berezia ematen du, eraginkortasunez osatzen duena aldez aurretik unibertsitateko ikasgeletan hartutako prestakuntza".
"Elkano programak –azpimarratu du UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak– zazpigarren edizioa bete du, hasiera batean izan zuen helburu argiari eutsiz: gure enpresek Amerikan, Asian eta Europan ikus-entzunezko komunikazioaren, hezkuntzaren, enpresen kudeaketaren, informatikaren eta ingeniaritzaren alorretan dituzten beharrizanak asetzea".
Gipuzkoako Berrikuntzarako, Landa Garapenerako eta Turismorako foru diputatu Jon Peli Uriguenek adierazi du aldiz, "iaz abian jarri genuen Ikastera atera programan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gaia klusterrak ez ezik, parte hartzen dute Mondragon Unibertsitateak Mondragon Korporazioaren laguntzaz; Hetel gizarte ekimeneko lanbide heziketako zentroen elkarteak, ADEGI laguntzaile duela; eta Ikaslan lanbide heziketako ikastetxe publikoen sareak Makina-erremintako fabrikatzaileen elkartearekin batera".
Eta Gipuzkoako Berrikuntzarako, Landa Garapenerako eta Turismorako foru diputatuak azpimarratu du "graduatuei esan nahi diet aprobetxatzeko beka hauek, atera daitezela beste herrialde batzuk eta beste kultura batzuk ezagutzera, hori aberasgarria da eta, baina ez dezatela ahaztu hemen zain gaituztela, eta haien beharra dugula gizarte oparoago bat lortzeko".
Bestalde, ekimen honekin bat egin duten Klusterreko enpresei parte hartzeagatik eskerrak eman ondoren, GAIAko zuzendari nagusi Tomás Iriondok azaldu du Elkano beken helburua dela "etorkizuneko profesionalen ahalmena eta gaitasuna erraztea, bikaintasunaren testuinguruan eta nazioarteko ikuspegiarekin. Beka horiek –esan du– administrazioaren, enpresen eta unibertsitatearen arteko lankidetza positiboaren adibide dira, eta onuragarri da gazteentzat, enpresentzat eta ingurugiroarentzat".
GAIAko zuzendari nagusiak honako hau zehaztu du, elektronikaren, informatikaren eta telekomunikazioen esparrua dela eta: "teknologietan eta kultura arteko bestelako abilezia batzuetan prestatutako profesionalen beharrizan argia dugu, Espezializazio Inteligentearen errealitate berriari aurre egiteko; horren bidez, azkartu egingo da inteligentzia hornidura, besteak beste industriaren, energiaren, osasunaren eta administrazioaren esparruko produktuetan eta zerbitzuetan. Jakin badakigu ekimen hau lagungarri dela profesional berrien prestakuntza osatzeko; gainera, ikasleei lan irtenbide bat ematen die, ibilbide luzekoa, beren garapen profesionalerako" azaldu du.