-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Víctor Gómez Pin filosofoarekin solasean
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/12
"Zergatik ote da Zorroaga gure memoria kolektiboan denok batu eta sentimenduak eta emozioak mugiarazten dizkigun hitz magikoa?" galdetzen die Xabier Etxague UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoak ikastegiko gradu aretoa leporaino betetzen duten entzuleei. Abiapuntu hori izan du bi ordu eta erdiz iraun duen solasaldi atseginak. Entzuleak elkartu egin dira, Víctor Gómez Pin laster honoris causa doktore izendatuko dutela eta, Zorroagan bizitako uneak gogoratzeko. Zorroaga Donostia hiriko muino batean kokatutako eraikina da, teilatuan eguzki handi bat margotua duena. Eguzki horrek, bere garaian, ikaragarrizko polemika eta eztabaida piztu zituen, eta, horren ondorioz, ikastegia ixtera iritsi zen ia-ia.
Elkarrizketa irekia izan dute Víctor Gómez Pin jaunak eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen jatorriarekin lotutako hainbat lagunek. Jatorri horiek Zorroaga sortutako garai haietara garamatzate.
Elkarrizketa horretan itzal handiko irakasle eta filosofo katalanarekin daude Javier Echeverria filosofoa, Feli Etxeberria Pedagogiako irakaslea, Ángel González Psikologiako irakaslea eta Encarna Cuéllar ikastegiko administratzailea. Haiek denek ere, Víctor Gómez Pin irakaslearekin batera, bizi izan zituzten Zorroagaren urte gorabeheratsu haiek. Dekanoaren hitzetan, urte haiek "iraultza eta aldaketa, baina akademia" urteak ere izan ziren. Feli Etxeberriak erantsi duenez, "Finkatutakoa hautsi nahi genuen, baina jarraipen bat emanez, profesionalak sortzen baikenituen". "Zorroaga, nolako leize zuloa! Nolako akademia!" esan zuen Ángel González irakasleak.
Horren segidan, Javier Echeverriak hainbat argazki eta bere artxiboko agiri batzuk proiektatu eta, horien bidez, hutsune akademiko bat ez ezik, aldaketez eta askatasunez ere egarri zen gizarte baten hutsunea betetzera sortutako proiektu baten argi-itzalak deskribatu dira. Proiekzioak bertaratuen irribarreak lortu ditu, baita ahaztu behar ez den abenturak blaitutako nostalgiaren ezkutuko hasperen bat baino gehiago ere. Javier Echeverriak azaldu duenez, "oroimena galdu egiten da", eta Zorroagaren historiarekin hori gerta ez dadin "oroimen digitala" sortzeko proposamena egin du. Echeverriak bere artxibategia eskaini du, eta Ángel Gonzálezek ere 300 pintada baino gehiago.
Bertaratuak pozik azaldu dira proposamenarekin, pozik Zorroaga ahanzturan ez erortzeko ideiarekin. Víctor Gómez Pin jaunak adierazi duenez, "izaera militantea" zuen ikastegi bat zen, eta unibertsitateak gaur egun bizi duen errealitatearen aurrean "berreskuratu beharreko" izaera dela gaineratu du. Horixe dugu Zorroagaren legatua, historia eta irakaspena.
Argazkia: UPV/EHU.