euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Spiderman, fikziotik gero eta urrunago

Nature Communications aldizkarian argitaratu den lan batean, DIPCren parte-hartzea duen zientzialari talde internazional batek erakutsi du lehen aldiz, posible dela laser argi hodeiak erabiliz nanoeskalan atxikidura-indarrak sortu eta kontrolatzea

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/08

Dispertsio indarrak fenomeno natural ugariren erantzuleak dira, esaterako atxikidura edo gainazal tentsioarena, eta oinarrizko eginkizuna betetzen dute pintura, tinta, elikagai edo proteina eta odol zelulez osaturiko fluido biologikoetan. Berriki Nature Communications aldizkarian argitaratutako lan batean, Donostia International Physics Center (DIPC), Madrilgo Instituto de Física de la Materia Condensada (IFIMAC-UAM) eta Suizako Friburgo Unibertsitateko zientzialari talde batek erakutsi du lehen aldiz, posible dela horrelako indarrak sortu eta kontrolatzea nanoeskalan ausazko laser argi eremuak erabiliz.

Dispertsio indarren jatorria, van der Waals indar bezala ere ezagutuak, gorabehera oso azkarrak dituzten eremu elektromagnetiko naturalen presentziarekin lotzen da. Beste zenbait lotura kimikoekin alderatuz, jatorri kuantiko eta termikoa duten gorabehera hauen eraginez sortzen diren elkarrekintzak molekula eta partikula ñimiñoen artean ahul samarrak dira. Hala ere, naturak erakutsi digu, gainazal batetara itsasteko milioika ile txikiren van der Waals indarrak batuz gero, sugandila, geko, zenbait armiarma eta Spiderman bera ere, gai direla guztiz leunak diren pareta bertikaletan gora egiteko inongo itsasgarririk erabili gabe.

Aipatutako gorabehera natural horiek imitatzearren, ikertzaileek ausazko laser argiez osatutako hodeiak sortu zituzten, behe-lainoan zehar eguzkiak diz-diz egiten duenean pareko argia, baina askoz ere intentsitate handiagokoa. Esperimentuan, plastikozko bi ale txiki sartu zituzten argi hodeian eta mikroskopio baten laguntzaz aleen arteko elkarrekintza indarra zehaztasun handiz neurtu zuten haien posizio erlatiboa xehetasunez aztertuz. Ikerketa lan honetan, Friburgoko Scheffold irakaslearen, eta Madrilgo eta Donostiako Sáenz irakaslearen taldeek erakutsi dute posible dela dispertsio indarrak eragitea, kontrolatzea eta moldatzea laser argi eremuak erabiliz.

Naturan gertatzen den moduan, ale hauen arteko elkarrekintza indarra beraien arteko distantzia erlatiboaren menpekoa da, baina ez argi hodei barruan duten posizioaren menpekoa. Hodeian argiaren intentsitatea igotzean, partikulen arteko erakarpen indarra handitzen da eta honek zuzenean haien arteko posizio erlatiboan du eragina. Hain zuzen ere, azken honek esaten digu eragindako indarra zenbatekoa izan den, beraz, hodeian argiaren intentsitate eta kolorea behar bezala aukeratuz indarraren ezaugarriak kontrola ditzakegu. Lan honetan aurkezten diren emaitzek aditzera ematen dute bi edo hiru dimentsioetan objektu txikien arteko elkarrekintza menperatzeko aukera. DIPCko kide den Juan José Sáenz ikerlariak azaldu duenez, ikuspuntu berri hau oso adore-emailea da, esekidura koloidal eta material nanoegituratu berrien propietate fisikoak "nahieran" diseinatzea ahalbidetu baitezake.  Spiderman ospetsua berdindu nahi izatea, fikziotik gero eta urrunago eta errealitatetik gero eta gertuago dagoela esan genezake.

Juán José Sáenz irakasleak, egun Madrilgo Unibertsitate Autonomako (UAMgo) Katedraduna, DIPCko bisitari gisa ibilbide luzea du. Irailean, DIPCra etorriko da behinbetiko Ikerbasque Ikertzaile Irakasle gisa, UAMen duen postuari uko egin eta gero. Juan José Sáenz irakaslearen ikerkuntza fotonikaren arloan ardazten da nagusiki, ondorioz, bere txertatze iraunkorra DIPCn, ikerketa lerro oparo horretan jadanik bertan egiten ari den lan bikaina sendotzera dator.
 

Argazkia: DIPC