Arkitekturan titulazio bikoitza
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/14
Titulazio bikoitzeko hitzarmena sinatu da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren eta Bordeleko Arkitekturaren eta Paisaiaren Goi Eskola Nazionalaren (ensapBx) artean. Bada, hitzarmen horri esker, frantziar ikasleek UPV/EHUko "Arkitekturaren Oinarrietako Gradua" lortu ahal izango dute: ez du gaitasunik ematen Estatuan arkitekto jarduteko, baina bidea ematen du UPV/EHUko Arkitekturan Gaitzeko Masterrera sartzeko. Halaber, UPV/EHUko ikasleek "Arkitektoaren Estatuko Diploma, master maila ematen duena" lortuko dute, Bordeleko eskolaren eskutik.
Titulazio bikoitzeko hitzarmena 2007az geroztik bi eskolen artean izan den lankidetza estu eta biziaren emaitza da; biek jardun dute AEN (Akitania, Euskadi, Nafarroa) unibertsitateen arteko sarearen esparruan. Arkitekturako eta hirigintzako proiektu bat kultura arteko dimentsioan ikastea erraztu nahi da, espazioa eta ingurumena proiektatzeko kultura sortzeko hainbat eskalatan eta mugez gaindiko testuinguru batean. Beste alde batetik, etorkizuneko arkitektoek bi lurraldeetan jardun dezaten nahi da. Horiek dira, hain zuzen ere, hitzarmenaren helburuetako batzuk.
Titulazio bikoitzeko programa UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko 4. eta 5. ikasturteetan artikulatzen da, baita Bordeleko Arkitekturaren eta Paisaiaren Goi Eskola Nazionalaren (ensapBx) Masterraren zikloarekin ere. Ikasleek bi seihileko igaro behar dituzte beren jatorrizko eskolan (60 kreditu), eta beste bi seihileko helmuga duten eskolan (60 kreditu), tokian tokiko ikasketa planak errespetatuz.
UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko zuzendari Juan José Arrizabalagaren ustez, titulazio bikoitzeko hitzarmen honekin, "bi eskoletako hainbat ikaslek –hamarrek, guztira, ikasturte bakoitzean– aukera dute beren ibilbide profesionalak ez ezik, ibilbide akademikoak eta ikerkuntzakoak ere biderkatzeko; horrela, mugez gaindiko teknikarien talde bat sortuko da arkitekturaren eta hirigintzaren esparruetan, eta balio erantsia izango dute beren proposamenak eta alternatibak egitean".
Bordeleko Arkitekturaren eta Paisaiaren Goi Eskola Nazionaleko (ensapBx) zuzendari Martin Chénotek hau uste du, bestalde: "titulazio bikoitzeko programa honek ahalbidetu egingo du mugez gaindiko benetako kultura duten arkitektoen prestakuntza. Horri esker, Espainian eta Frantzian jarduteko aukera izango dute, eta lagungarri izango dira Euroeskualdea eraikitzeko".
Argazkia: Gorka Estrada. UPV/EHU