EBk 3 milioi € eman dizkio grafenoaren eratorriei buruzko POLYMAT-UPV/EHUko ikerketa bati
FET-OPEN (Future and Emerging Technologies) Europako programara aurkeztutako 643 proiektuen artetik, soilik 24k lortu dute finantzazioa
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/07/16
Europako Batasunak 2.962.661 € eman dizkio POLYMAT-UPV/EHUko Material Molekularren eta Supramolekularren Taldeak koordinatzen duen ikerketa proiektu bati. 2D-INK du izena proiektuak, eta helburu du propietate erdieroaleak dituzten tintak garatzea, grafenotik eratorritako materialen bidez; propietate horiek beharrezkoak dira gailu elektronikoek funtziona dezaten. Tinta erdieroale horien bitartez, gailu elektroniko ultrafinak fabrikatu ahalko lirateke (transistoreak, LEDak eta eguzki zelulak, besteak beste), gaur egungo tinta injekzioko inprimagailuen teknologia berbera erabiliz.
Europako Batasuneko FET-OPEN (Future and Emerging Technologies) proiektuek hasierako fasean dauden ikerlerroak babesten dituzte, teknologia berriak sorraraz ditzaketen ideietan oinarritutakoak. Ildo horretatik, EBren egitasmoak diziplina askotako zientzialari eta ingeniariak animatzen ditu zientziaren arloan aurrerabideak sustatzen dituzten ikerketa proiektuetan parte hartzera. Halaber, azpimarratzekoa da Europako FET-OPEN (Future and Emerging Technologies) programa deialdi oso lehiakorra dela; izan ere, aurkezturiko 643 proiektuetatik, soilik 24 (% 3,7) finantzatu dira Europa osoan.
Azken urteotan, grafenoaren aurkikuntzak aukera berriak zabaldu ditu dimentsio biko (2D) egitura duten material berriei buruz ikertzeko. Izan ere, karbonoaren deribatu horrek zenbait propietate bakan ditu, atomo bakar bateko geruza batez osatuta dagoelako (beraz, ahalik eta objektu meheena da); hain zuzen ere, gardentasun, arintasun eta malgutasun handia du. Propietate horiei esker, grafenoak gailu elektronikoen fabrikazioa eralda lezake; baina horretarako, grafenoak erdieroale gisa jardun beharko luke, baina, aitzitik, eroale elektriko gisa jarduten du. Horrek, oztopatu egiten du grafenoa gaur egungo gailu elektronikoetan txertatu ahal izatea, horiek material erdieroaleekin funtzionatzen baitute.
Horrenbestez, 2D-INK proiektuaren xedea da propietate erdieroaleak dituzten grafeno analogoak garatzea, tintak egin ahal izateko. Hauxe dio Aurelio Mateo-Alonsok, POLYMAT-UPV/EHUko ikertzaileak eta 2D-INK proiektuaren koordinatzaileak: "Proiektu honekin, grafenoaren antzeko egitura baina neurri desberdinetako poroak dituzten materialak garatu nahi dira; izan ere, frogatuta dago poro horiek propietate erdieroaleak ematen dizkiotela grafenoari. Era berean, poro horiek kimikoki eraldatuta, disolbagarritasun handiko grafeno deribatuak sortu nahi dira (dimentsio biko materialak nekez disolbatzen dira). Horri esker, tinta eroaleak egin ahalko dira, eta, hala, gailu elektronikoak fabrikatuko dira, tinta injekzioaren teknologia erabilita, adibidez; horrek izugarri merkatuko lituzke fabrikazio kostuak".
Patenteak
Aurelio Mateo-Alonsoren arabera, hainbat propietatetako dimentsio biko materialen bidez tinta erdieroaleak garatzea "aurrerapauso garrantzitsua izango da gailu elektroniko ultrafinen hurrengo belaunaldirako material berriak sortzeko bidean; besteak beste, transistoreak, LEDak, eguzki zelulak eta fotodetektagailuak". Ikertzaileak dioenez, gainera, "2D-INK proiektuaren aukera teknologikoak ikusita eta aintzat hartuta balitekeela enpresa pribatu batek parte hartzea, patenteak sortzea espero da".
Izan ere, POLYMAT-UPV/EHUko ikertzaileak koordinatzen duen proiektuan laguntzen dute Donostia-San Sebastiáneko CIC NanoGUNEk eta Graphenea enpresak, eta Europa osoko sei unibertsitatek: Centro Algoritmi de la Universidade do Minho zentroak (Braga, Portugal); Valentziako Unibertsitateko ICMol institutuak; Technische Universität München unibertsitateak (Munich, Alemania); Katholieke Universiteit Leuven unibertsitateak (Lovaina, Belgika); Universität Wien unibertsitateak (Viena, Austria); eta University of Nottingham unibertsitateak (Erresuma Batua).
Aurelio Mateo-Alonso (Madril,1976) Ikerbasqueko ikerkuntzako irakaslea eta POLYMAT-UPV/EHUko Material Molekularren eta Supramolekularren Taldeko burua da 2012tik. Kimika Zientzien lizentzia (1999) eta masterra (2000) lortu zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Kimikako doktoretza (2004), berriz, Queen Mary University of London unibertsitatean, Erresuma Batuan). Doktorego ondoko ikertzaile aritu da (2004-2009) Università degli Studi di Trieste unibertsitatean, Italian, eta taldeko buru (2009-2012), berriz, Universität Freiburg unibertsitatean, Alemanian. Hala estatuan nola nazioartean aitortu dute ikerketa arloan egin duen lana, zenbait sarirekin; besteak beste, Triesteko Unibertsitateko Ikertzaile Gazteen Saria (Italia, 2008); Friburgoko Unibertsitateko Eugen-Graetz Saria (Alemania, 2009); Espainiako Kimikako Errege Sozietatearen Ikertzaile Gazteen Saria (Espainia, 2011); eta Estatu Batuetako Elektrokimika Sozietateko Nanokarbonoen Ataleko Ikertzaile Gazteen Saria (AEB, 2012).