euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHU gertu-gertutik: Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa

OTC: Ezagutzaren balioa indartzeko

EHUren Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak ikertzaileei laguntza eskaintzen die haien emaitzei esker enpresekin akordioak, teknologien babesa eta enpresa ekimen berriak lor ditzaten.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/02/19

EHUko Bizkaiko Campuseko Transferentzia Bulegoko taldea. Ezkerretik eskuinera: Iñaki Gil, Marian Ouro , Maria Jesus Cítores, Nagore Tellado eta Maria José Rodriguez. Behejo lerroan: Emma Sainz, Paula Isasi, Estíbaliz Bidaburu eta Ana Santamaría.
EHUko Bizkaiko Campuseko Transferentzia Bulegoko taldea. Ezkerretik eskuinera: Iñaki Gil, Marian Ouro , Maria Jesus Cítores, Nagore Tellado eta Maria José Rodriguez. Behejo lerroan: Emma Sainz, Paula Isasi, Estíbaliz Bidaburu eta Ana Santamaría. | Argazkia: Egoi Markaida

Urte askoan, gutxik ezagutzen zuten ondo. Bazekien bazela, baina ez beti zer egiten zuen zehazki. Gaur, Ezagutzaren Transferentzia Bulegora hurbilduko gara. Hango bulegoetatik erabaki garrantzitsuak hartzen dira, eta bertan erabakitzen dute ikerketa bat artikulu zientifiko bat baino askoz gehiago izan daitekeen.

EHUren Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak (garai batean Ikerketaren emaitzak eskualdatzeko bulegoa -IEEB-) hiru campusetatik egiten du lan prozesua kudeatzeko. Haren funtzioa da unibertsitatean sortutako ezagutzak aplikazio bat aurkitzea unibertsitatetik kanpo, enpresekin, administrazioekin eta inguruko beste eragile batzuekin konektatuz. Zerbitzu estrategikoa da, ikerkuntza jardueraren egunerokotasunaren parte dena.

Zerbitzu batzuek unibertsitate barruko jardueraren zati handi bati eusten diote, lehen lerroan egon gabe. Horietako bat da, hain zuzen ere, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa. Izan ere, ikerkuntza motorra bada, transferentzia da mugitzea ahalbidetzen duen bidea. Ezagutza industriara, administraziora eta inguru sozialera nola iristen den ulertzeko metafora txiki bat baino ez da. Horixe bera da, hain zuzen ere, IEEBren lan esparrua (gaur egun, Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa izena hartu du, Estatu mailan bultzatutako aldaketa baten ondoren. Aldaketa hori ez dago soilik izen berriari lotua, baizik eta bere funtzioa definitzeko modu argiago bati: ezagutza inpaktuarekin transferitzea.

Zerbitzuaren lana “EHUko ikertzaileek garatutako ezagutza eta teknologiari balioa ematea da, industriaren, administrazioaren edo gizartearen benetako beharretan aplikatuz”, azaldu du Nagore Tellado zuzendariak. Praktikan, horrek esan nahi du kontratuak eta hitzarmenak kudeatu behar direla kanpoko erakundeekin, jabetza industrialeko eskaerak izapidetu behar direla (patenteak, batez ere), akordioak negoziatu behar direla enpresek unibertsitate teknologiak erabil ditzaten, eta spin-offak (hau da, beren asmakizunak garatu eta merkaturatzeko ikertzaileen taldeek sortutako enpresak) eratzen lagundu behar dela.

Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak egiten duen lanak horren bistakoa ez den arren, hura bezain garrantzitsua den beste zerbait ere jasotzen du: ezagutzaren transferentzia ikerkuntza jardueraren elementu naturala izango den kultura sustatzea eta ez soilik izapide erantsi gisa, prozesu zientifikoaren baitako fase osagarri gisa baizik.

Transferentzia, azken katebegia

“Transferentzia da ideia berritzaile baten sorkuntzarekin hasten den katearen azken katebegia”, azaldu du Telladok. Ideia hori urteetan zehar garatzen da ikerkuntza proiektuen bidez eta, azkenean, kontratu, patente edo ustiapen lizentzia bat ekarri ohi du berekin. Zuzendariak argi du: “Ikerkuntza ez litzateke ulertu beharko emaitzak transferitzeko helbururik gabe”.

Horregatik Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak funtzio pedagogikoa eta kulturala ere betetzen du. Zuzendariak onartzen duenez, urte askoan, inertzia pixka bat egon da unibertsitatean sortutako ezagutza ordainik gabe entregatu behar zela pentsatzeko. “Elkarrekin egindako ikerkuntza lanetan sortutako emaitzak ezagutza ematen duten alderdienak dira, eta ez da Unibertsitateko ikertzaileek sortutako emaitzen jabetza laga behar”. Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa ideia hori desegiteko ari da lanean.

Nagore Tellado: «Ez gara tramite burokratiko bat gehiago; laguntzeko eta transferentzia errazteko bokazioa dugu»

Enpresekin negoziatzea beren egunerokotasunaren parte da, eta batzuetan akordioak adostea zaila izaten den arren, ohikoena adostasun puntu bat aurkitzea izaten da. Horregatik, etorkizunera begira, Telladok honako erronka hau jarri du: Ezagutzaren Transferentzia Bulegora joateak administrazio arloko oztopo bat gehitzea dakarrela dioen ustea zuzentzea. “Gure zerbitzuak laguntzeko eta transferentzia errazteko bokazioa du, ez izapidetze lan bat gehiago gehitzekoa”.

Atea jotzen dutenean

Egunerokotasunean, egoerak oso ezberdinak dira. Askotan, lana galdera ireki batekin hasi ohi da: Zer da enpresak behar duena zehatz-mehatz? Zerbitzuaren arduradunak, Iñaki Gilek, argi azaldu du: “Zailena izaten da zehatz-mehatz jakitea enpresak zer arazo mota duen, gero zerbitzua ikertzaile egokienetara bideratzeko”. EHU da EAEko ezagutzaren sortzailerik handiena, baina potentzial hori zabala eta askotarikoa da. Ez da beti erraza izaten nork zer dakien erakusten duen mapa osoa izatea. “Talde batzuek ohikotasunez egiten dute lan enpresekin, baina beste batzuek ere izan dezakete kanpoko erakundeetan sortutako arazoak konpontzeko ezagutza”, dio.

Unibertsitatea-enpresa konexioak oreka eskatzen du. Enpresarentzat, proiektuak benetako balioa sortu behar du. Unibertsitatearentzat, dena ez da ordain ekonomiko soila. “Gure ezagutza da enpresaren zerbitzura jartzen dena, baina horrek ez dio gurea izateari uzten”, gogoratu du Gilek. Horregatik, emaitzen ustiapenean parte hartzea negoziatzen da. Ez da beti erraza “nik ordaindu eta zuk eman” logika saihestea. Hala ere, unibertsitateko araudiak hasieratik markatzen du esparrua: zerbitzuen kontratua, transferentziaren hitzarmena, industria doktoregoa… formula bakoitzak bere arauak ditu.

 Iñaki Gil: «Ez dira bakarrik egongo enpresarekiko harremanetan»

Eta noiz komeni da joatea Ezagutzaren Transferentzia Bulegora? “Edozein unetan, baita kanpoko erakunde batekin edozein harremani ekin aurretik ere”. Ohikoa izaten da norbaitek honelako zerbait esatea: “Hau beti egin izan dut honela”. Baina beti egin izan dena ez da nahitaez unibertsitateko arautegira egokitzen. Garaiz kontsultatzeak arazoak ekidin ditzake eta, gainera, lankidetzarako aukera berriak ireki. “Ez dira bakarrik egongo enpresarekiko harremanetan”, dio Gilek.

Teknizismorik gabeko patenteak

Ezagutzaren Transferentzia Bulegoa bereziki estrategikoa da jabetza industrialarekin lotutako esparruan. Arlo horretako erreferentziazko pertsona Emma Sainz da, patenteen arduraduna Bizkaiko Campusean. Baina zer da zehazki patente bat? “Estatuak ematen duen eskubide bat da, eta titularrari aukera ematen dio beste batzuei asmakuntza, denbora tarte jakin batez, bere baimenik gabe fabrikatzea, erabiltzea edo saltzea eragozteko. Denbora tarte hori, gehienetan, eskaera egin zenetik 20 urte igaro artekoa izaten da. “Eskubide negatiboa” deitzen zaio horri: ez du automatikoki ematen merkaturatzeko eskubidea (horrek ziurtagiri osagarriak eska ditzake), baina hirugarrenek baimenik gabe egitea eragozten du.

Ez da komeni jabetza intelektualarekin nahastea. Patenteek asmakuntza teknikoak babesten dituzte eta eskaera formala behar dute; jabetza intelektualak, berriz, literatura, arte edo zientzia lanak babesten ditu, sortzen diren unetik bertatik.

Unibertsitatearen kasuan, ikertzaileek, irakasleek, TEKAZELek edo ikasleek garatutako teknologiak patentatu daitezke, betiere hiru baldintza betetzen badituzte: berritasuna (halakorik ez egotea aurretik), asmatze jarduera (aditu batentzat begi bistakoa ez izatea) eta aplikazio industriala (fabrikatu edo erabili daitekeena) izatea.

Eta hona hemen gehien errepikatu ohi den zalantza bat: argitaratu ala patentatu? “Ez dira bateraezinak, baina ordena funtsezkoa da. Lehenbizi patentatu egiten da eta gero argitaratu”, ohartarazi du Sainzek. Emaitzak eskaera aurkeztu aurretik zabaltzen badira, berritasuna galdu egiten da, eta ezin da asmakizuna babestu.

 Emma Sainz: «Lehenengo patentatu egiten da, eta gero argitaratu. Oso garrantzitsua da aukera ez galtzeko»

Laborategiko lanetik erregistrora arteko ibilbidea ikertzaileen taldea Ezagutzaren Transferentzia Bulegoarekin harremanetan jarri eta ideiaren memoria deskribatzailea aurkezten duenean hasten da. Orduan, patentagarritasun txostena eskatzen zaio kanpoko agentzia bati, eta, emaitza aldekoa bada, eskaera idatzi eta Patente eta Marken Espainiako Bulegoan aurkezten da.

Titulartasuna unibertsitateari dagokio, Patenteen 24/2015 Legeak lan harreman baten esparruan egindako asmakuntzetarako ezartzen duen bezala. Hala ere, ikertzaileek zuzenean hartzen dute parte ustiapenak ematen dituen irabazietan. EHUren kasuan, diru sarrera garbien % 60 asmakuntza garatu dutenei dagokie; gainerakoa, berriz, unibertsitatearen eta inplikatutako sailaren artean banatzen da. Sainzek laburbildu duenez, emaitzak babesteak aintzatespena ziurtatzea, erabilera kontrolatzea eta lan horri esker ikerketa lan, argitalpen eta diru sarrera berriak sortzea dakar berekin.

Erregistrotik inpaktura

Patente bat erregistratzea hasiera baino ez da. Nola iristen da gero gizartera? Hainbat modutara egin daiteke: enpresa bati teknologia erabiltzeko eta merkaturatzeko eskubidea emanez (horixe da biderik azkarrena dagoeneko azpiegitura dagoenean), spin-off bat sortuz, edo enpresekin lankidetza hitzarmenak eginez, teknologia elkarrekin garatzen jarraitzeko.

Ez da beti erraza izaten interesa duten enpresak aurkitzea. Unibertsitateko teknologia asko hasierako faseetan daude oraindik, eta inbertsio edo garapen handiagoa behar dute merkaturako prest egon aurretik. Horregatik, kasu batzuetan, spin-off bat sortzea izan daiteke aurrera jarraitzeko modurik onena, aukera ematen baitu ikertzaileek beren ideia garatzen jarraitzeko unibertsitateak berak bakarrik eskaini ezin dizkien baliabideekin.

Hiru campusetan banatutako taldea

Patente, kontratu edo spin-off bakoitzaren atzean pertsonak daude, izen-abizenekin. EHUko hiru campusetatik lan egiten du Ezagutzaren Transferentzia Bulegoak, hurbiltasuna eta espezializazioa konbinatzen dituen taldearekin, unibertsitatean sortutako ezagutza gizartera irits dadin. Araban, Patricia Santorumek ematen die laguntza ikerkuntza taldeei transferentzia prozesuan; Gipuzkoan, Beatriz Fernándezek egiten du laborategiaren eta enpresaren arteko zubi lana.

Bizkaian, María Jesús Citoresek eta Paula Isasik sustatzen dituzte proiektuak transferentziaren eremutik, IEEBren arduradunarekin, Iñaki Gilekin, eta Jabetza Industrialeko teknikariekin, María José Rodríguezekin eta María Emma Sainzekin, batera. Horiek dira, hain zuzen ere, ikerkuntzako emaitzak babesten eta balioesten dituztenak. Gainerako taldekideak Ana Santamaría administraria eta Estíbaliz Bidaburu eta Marian Ouro laguntzaileak dira. Guztiak dira espediente bakoitzak aurrera egin dezan funtsezko eragileak.

Nagore Tellado Laraudogoitia Berrikuntzako eta Ezagutzaren Transferentzia Bulegoko zuzendaria da zerbitzuaren burua, eta izapideak kudeatzeaz gain, entzun, orientazioa eskain eta lagundu ere egiten duen diziplina anitzeko taldea koordinatzen du. Helburua argia da: talentu ikertzailea benetako konponbide, enpresa arloko aukera eta itzulkin sozial bihurtzea.

Iñaki Gil: «Ezinezko kontratuen eta kontsulta konplexuen artean, gure egunerokoa gutxitan izaten da monotonoa»

Halako zerbitzu transbertsalean, ohikoak dira egoera bitxiak: film batean figurante gisa aritzeko kontratu bat bideratu nahi izan zuenetik hasi (bere esparru akademikotik kanpoko jarduera) eta unibertsitatean bertan beste batzuk kontratatzen (juridikoki ez da bideragarria) saiatzen diren sailetaraino. “Pertsonekin harreman handia eskatzen duen lana da eta kasu bakoitza ezberdina da; ez dago monotoniarako txokorik”, nabarmendu du Gilek.

Ezagutzaren Transferentzia Bulegora gerturatzea zergatik merezi duen galderari esaldi bakarrarekin erantzuteko eskatu diogunean, Iñaki Gilek umorea eta uste osoa bateratu ditu: “oso jatorrak garelako”. Jarraian, honako hau gehitzen du: oso lagungarriak izan daitezkeelako eta inork ez liokeelako bakarrik aurre egin beharko ezagutza merkatura transferitzeko konplexutasunari.