euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Sakanako potentzial eolikoa eta hidroelektrikoa

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/01

Amaia Araiz eta Xabier Ruiz de Larramendi, UPV/EHUren Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako ikasleak, Sakanako potentzial eoliko eta hidroelektrikoa aztertzen ibili dira, gradu amaierako lana egiteko. Duela gutxi defendatu dute lana, eta, horrela, Energia Berriztagarrien Ingeniaritzako Graduko ikasketak amaitu dituzte. Bi lanen ondorioak duela gutzi aurkeztu zituzten Sakanako Mankomunitatean.

Xabier Ruiz de Larramendiren gradu amaierako lanaren helburua da Sakanako Mankomunitateko haize energiaren potentziala aprobetxatzeko aukerak aztertzea. Horretarako, eskualde horretako haize energiaren ekoizpenaren ezaugarriak ikertu dira, eta eremu egokienak eta leku aproposenak identifikatu.

Gainera, haize energiaren baliabideek ematen dituzten aukerak hobeto ikusarazteko, simulazioa egiten da, zenbait aerosorgailu jarrita eta leku bakoitzean lortutako energia ekoizpena kalkulatuz.
Bestalde, Amaia Araizen gradu amaierako lanak helburu hauxe izan du: Sakanako potentzial hidraulikoa zehaztea, eskualdeko ibaien ur jauziak eta presak aztertuz (gaur egun martxan daudenak zein erabiltzen ez direnak), energia hidraulikoa aprobetxatzeko sistemak garatzeko, eta, ahal bada, existitzen diren instalazio hidraulikoak berritzeko.

Horri dagokionez, nabarmendu behar da aldi berean aztertu dela eremu horretako potentzial hidroelektrikoa, bideragarria den ingurumenari eta ekonomiari dagokionez. Izan ere, potentzial horrek eta energia berriztagarrien beste iturri batzuek (adibidez, eguzki energiak, haize energiak eta biomasak) neurri handi batean lagun dezakete Sakanak ingurumena gehiago zain dezan.

Proiektu hori UPV/EHUren Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolaren, Udalbiltzaren eta Sakanako Garapen Agentziaren arteko lankidetzatik sortu da. Horretan lagundu dute, alde batetik, aipatutako ikastegiko irakasle Alain Ulaziak eta Iñigo Urrak, eta, bestalde, Sakanako garapen eragile Aintzane Iriberrik.

 

Argazkiak: Sakanako Mankomunitatea