"Jendeak uste duenaren aurka, haurtzaroan sexu gehiegikeriak pairatu dituzten biktima gehienak ez dira erasotzaile bihurtzen helduarora heltzen direnean. Are gehiago, erasotzaile bihurtu diren biktimek (batez ere gizonek) bestelako arrisku faktoreak dituzte biktimizazio sexualaz gain; esate baterako, tratu txarrak edo behar ez bezalako zaintza. Halakoak metatzeak helduaroan gehiegikeriei lotutako jarrerak geure egitera bultzatu gaitu".
-
EHUko ikerketa batek Arabako Errioxako historia berridatzi du
-
Emakumeak eta Zientzia: lau ikertzaile-belaunaldi XXI. mendeko erronkei aurre egiteko
-
Seguridad, miedo y ciudadanía: el joven magrebí como chivo expiatorio
-
Abortos financiados con dinero público, pero realizados en clínicas privadas
-
Oles, oles lurra esna zaitez!
Haurren biktimizazio sexuala
Haurtzaroan biktima sexuala izan denaren etorkizuna ez da helduaroan erasotzaile bihurtzea
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2015/10/13
Hitz horiekin laburtzen du Ainara Jauregi Sansineneak (Zuzenbidean lizentziaduna da UPV/EHUn) Kriminologiako gradu amaierako lana, El círculo victimal en la victimación sexual infantil. Gema Varona irakasleak zuzendu du, UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko doktore ikertzaile iraunkorrak.
Azterlana egiteko, Ainara Jauregik, erregistratutako kriminalitatean oinarrituta eta biktimizazio ezkutuan eragin gabe, 51 epai aztertu zituen: gehienek kondena ezartzen dute, eta 2004 eta 2014 artean eman ziren Gipuzkoako Probintziako Entzutegian eta Donostiako Adingabeen Epaitegian. Azken kasu horretan, epaiez gain espedienteak ere jaso ziren. Landa lana osatzeko, elkarrizketak egin zizkien sexu gehiegikerien arloko bi adituri (terapeuta bati eta psikoterapeuta bati); biktimak ez ezik, erasotzaileak ere artatu dituzte biek.
Lanaren arabera, sexu gehiegikerien % 38 familia barruan gertatzen dira, eta % 35 familiatik kanpo, baina biktimek ezagutzen dituzten pertsonek gauzatzen dituzte. "Familia barruan gertatzen direnean, aztertu ditudan kasuen % 40n, erasotzailea aita biologikoa da, eta % 16n osaba. Bestalde, erasoa familiatik kanpo gertatzen denean, erasoen % 48 biktimaren edo biktimaren familiaren laguna da" azpimarratu du Ainara Jauregik. Biktima gehienak emakumeak dira (% 74), eta oso gazterik pairatzen dituzte sexu gehiegikeriak: 5 eta 9 urte artean (% 22). Hala ere, gehiegikeria gehienak 10 eta 14 urte artean dituztenean gertatzen dira (% 42). Biktimak gizonak direnean, bestalde, gehienek 10 eta 14 urte artean jasaten dituzte gehiegikeriak (% 22); gutxiagok jasaten dituzte 5 eta 9 urte artean (% 7).
Haurtzaroko sexu gehiegikeria horien ondorioak epe laburrean eta luzean ager daitezke, hainbat modutan eta hainbat faktoreren arabera: gehiegikeri mota eta iraupena, biktimaren adina eta erasotzailearekin duen lotura, besteak beste. "Eskolaurreko sasoian, biktima horiek, esate baterako, sexu jarrera ezegokia ager dezakete, amesgaiztoak eta antsietate aldiak izan ditzakete, edo atzerapena izan dezakete esfinterren kontrolean. Eskola garaian (6 eta 11 urte artean), berriz, depresioa, lotsa eta erru sentipenak, hiperaktibitatea, jarrera arazoak edo autoestimu txikia izan ditzakete, beste ondore batzuen artean. Nerabezaroari dagokionez, esate baterako, beren burua mintzeko, buruaz beste egiteko, gizartearen aurkako (adibidez, delituak egitea) edo arrisku handiko (prostituitzea, kasurako) jarrerak izan ditzakete, eta, hala denean, berriz bihur daitezke biktima". Nolanahi ere den, ezinbestekoa da hau azpimarratzea: "ez dago sintomen patroi bakar bat: faktoreen arabera, sintomak baretu egin daitezke, edo, bestela, kasuan-kasuan gertatutakoaren ondorioak areagotu egin daitezke; beraz, sintomek ez dute zertan biktima guztietan agertu".
Zifra beltza
Dena den, isiltasun handia dago haurren sexu biktimizazioaren inguruan, eta, hainbat kasutan, gehiegikeriak ez dira salatzen. "Haurtzaroko sexu gehiegikerien funtsezko elementuetako bat isilekotasuna da: isilpean egiten da eta, askotan, hala jarraitzen du. Beraz, esparru horretan izugarrizko zifra beltza dago, eta askok "icebergaren punta" izendatzen duten fenomenoa gertatzen da: oso-oso kasu gutxi ezagutzen dira, eta gehienak isildu egiten dira beldurra edo lotsa dela eta, besteak beste".
Ainara Jauregik dioenez, hori bereziki larria da: "aintzat hartu behar dugu haurtzaroko sexu gehiegikeria osasun publikoko arazoa dela; izan ere, ondorio suntsigarriak izan ditzake biktimen artean. Egia da gehienek egoera gainditzen dutela, baina biktima batzuek, gertakizun traumatiko bati aurre egiteko gaitasun txikiagoa dutelako edo minberagoak direlako, kalte larriak pairatzen dituzte: batzuk haurren erasotzaile ere bihur daitezke".
Alabaina, azterlanak egiaztatzen du ez dagoela kausaren eta ondorearen arteko loturarik. "Biktima erasotzaile bihurtzeko, bestelako arrisku faktore batzuek agertu behar dute, ez haurtzaroan pairatutako sexu biktimizazioa soilik" azpimarratu du.
Argazkiak: Mikel Martínez de Trespuentes eta UPV/EHU.