euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Luis Guridi

Europa migrazioen aurrean

Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea eta Hegoa Institutuko kidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/23

Tamalez sarri gertatu ohi den moduan, migrazio fenomenoei buruzko azalpen ofizialek ondorioei erreparatzen diete, baina ez migrazio fenomeno horiek eragiten dituzten zergatiei; beraz, hartzen diren politikek, mugatuak eta eskasak izateaz gain, giza eskubideak urratzeko egoera berriak sortu besterik ez dute egiten. Europa helmuga duten migrazio prozesu horien azpian dautzan joerak ulertu nahi badira (beraz, arrazoien sustraira jotzen duten eta fenomenoari epe ertaineko eta luzeko ikuspegiarekin heltzen dioten politika publikoak hartuko badira), jatorrian eta dimentsioan dautzan hiru arrazoi aintzat hartu behar dira.

Lehenengo eta behin, XIX. mendearen amaieran Europako potentziek Afrika kontinentea banatzeko Berlingo Biltzarrean hartu zuten erabakia (1885). Okupazio horrek erregelaz eta kartaboiz eraikitako mapa politikoa irudikatu zuen, interes kolonialen arabera egokitutakoa, eta aintzat hartu gabe tokian-tokian bizi ziren herriak, gizartean, etniak eta kulturak: haiei esleitu zitzaien, lanaren nazioarteko banaketa berrian, metropolietarako lehengai merke eta seguruen hornitzaile izateko zeregina; orobat, esklaboen eskulana erabili zen Amerikako landatze eta mehatzeetan lan egiteko, jada XVII. mendeaz geroztik.

Bigarrenik, aurreko mendeko 50eko eta 60ko hamarkadetako deskolonizazio prozesuak eta orduz geroztik gauzatutako garapenerako lankidetzako politikak. Egia da hasiera batean aldaketarako itxaropen apur bat ekarri zutela, baina argi dago ez zirela nahikoak izan, Mendebaleko gizarteen berezko helburu eta ereduen arabera diseinatu zirelako, herrialdeen historia eta errealitate kultural eta sozialak aintzat hartu gabe. Haietan sortutako iruditeria kolektiboetan, gehienetan, frustrazioa besterik ez dute eragin. Milenioko Garapen Helburuak (MGH), 2000. urtean ezarri zirenak eta aurten epemuga dutenak, ez dira bete Afrikako herrialde askotan, eta giza garapen txikiena duten munduko 50 herrialdeen artean, 39 kontinente horretakoak dira (IDH, 2014). Horiei esaten zaie, gaizki, "migratzaile ekonomiko". Europak ez du haien berri izan nahi, baina haiek beren bizitza arriskuan jartzen dute Mediterraneoan. Gainera, edozein oztopo gaindituta, horixe egiten jarraituko dute, bizi baldintza zailek bultzatuta eta oparotasunaren gizarteek eman duten paradisu artifizialaren irudiek erakarrita.

Hirugarrenik, migrazio olatuok Magreben, Ekialde Hurbilean, Iraken eta Afganistanen sortutako giza krisien ondorio ere badira. Zehazki, AEBk, Europar Batasunak, Errusiak eta haien tokiko aliatuek gauzatutako politika arduragabeek eragin dituzte olatuak, beren interes ekonomiko eta geoestrategikoak inposatzen saiatu direnean, etengabe krisian dagoen eta sunitak eta xiitak elkarrekin tentsioan bizi diren eremuan. Horiek ere eragin dute eremua arrisku biziz ezegonkortzen, eta erakunde muturrekoenak eta fanatikoenak sendotzen. Orain arte, ez da halako giza krisirik gertatu inoiz Mediterraneoaren beste itsasertzean. Bada, Siriari bakarrik dagokionez, 250.000 hildako, barnean zazpi milioi lekualdatu eta ia lau milioi errefuxiatu daude. Horietarik bi milioi Europara iritsi nahian dabiltza, eta beste horrenbeste daude Libanoko, Turkiako eta Jordaniako mugetako kanpalekuetan. Ez dago datu fidagarririk Libian eta Yemenen hildako eta desagertutako pertsonei buruz.

Uste bada Europako herrialdeek ez dugulako ezelako erantzukizunik desplazamendu masibo hauetan eta problema tokian tokiko herrialdeen barne arazoa dela, alegia, kasuan kasuko politiken eta barruko gatazken ondorioa dela, orduan, Europak eskainitako babes eta aterpea borondate onaren eremuan planteatzen da, hurkoekiko solidaritate gisa. Hala ere, europar populazioa baldin eta badago jakinaren gainean dagokion erantzukizunaren kuotaz, errazago izango da seguruenik giza eskubideen defendatzeko politikak hartzea eta joera xenofoboak ekiditea, zenbait herrialdetan jada aski zabalduta.

Frantzian izan berri diren azken atentatuen eraginez, hiritarrek sentitzen duten segurtasun eza erabiltzen ari dira zenbat gobernu europar eta Errusia gerra estrategia tinkotu eta areagotzeko, Sirian esku hartze berriak egin daitezen; ahantziz, hain zuzen ere, oso gauza begien bistakoa: zenbat eta triskantza handiagoa eragin krisian diren eskualdeetan, zenbat eta hiri eta herri gehiago suntsitu eta erraustu, gero eta handiagoa izango dela ondoko herrialdeetara eta Europarako fluxua eta handiagoa, aldi berean, gure hirietako segurtasun eza.

Desegonkortze hau hein handi batean eragin dutenek abian jarri duten gerra estrategia honek porrota besterik ezin dezake jaso, ez bada gatazkaren erradikalizazio eta fanatizazio handiagoa. Epe ertain eta luzeko ebazpideek bestelako bideetatik etorri behar dute.

Epe laburrean, premiazkoena da errefuxiatuak behar bezala artatzea eta honek esan gura du gure gobernuei erantzun zabalagoa galdegin behar diogula, Europar Batasunaren kuoten politikak eta babes eta asilo politikak aldatuko badituzte. Era berean, debekatu behar da Europar Batasunak eskualde hartako herrialdeei armak esporta diezazkiela, kontutan hartu behar baita Europa lider mundiala dela, Alemania buru. Honez gain, Daesh-en finantzaketa gaitasuna desaktibatu behar da, gatazkan diren zenbait eragilek zer esan badutelarik.

Baina hau ez da nahiko. Epe ertain eta luzean, bake estrategia berriak behar dira eskualdean, garapenerako lankidetza politika berrian, interes geoestrategikoetatik at. Eta, oro har, aurre egin behar zaie laster herrialdeen artean gero eta handiagoak diren desberdintasun ekonomiko eta sozialei, bai eta herrialde bakoitzaren barrukoei eta Europar Batasuneko herrialde askotan populazioaren sektore zabalekiko sumatzen den bazterkeria eta esklusioari, gatazka hauek sortu, zabaldu eta kistatzeko ingurunerik egokiena direlako.

"Ez dugu Europara joan nahi; gerra gelditzea besterik ez dugu nahi" esan zuen Siriako nerabe batek, Europara ihesean zihoala, babes bila dabilen migrazio mugimendu dramatikoan murgilduta zegoela. Horixe, bada: geldi ezazue gerra.

 

Argazkia: Mikel Martínez de Trespuentes. UPV/EHU