euskaraespañol

Redes sociales campusa

Enrique González Lorca, coachingean aditua

«Coachingari esker, errazago garatzen ditugu gaitasunak»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/17

Enrique González Lorca coachingean adituak "Coaching y orientación laboral" hitzaldia eman zuen aurtengo Enplegugunean. Gonzálezek esperientzia zabala du alor horretan, eta "Coaching para la educación y habilidades docentes" ikastaroaren koordinatzailea da Murtziako Unibertsitatean. Hitzaldian, lan merkatuan arrakastaz sartzeko tresnen berri eman zien bertan zeuden profesionalei, eta, horrez gain, azaldu zien gai horrek zer-nolako abantailak izan ditzakeen unibertsitatean.

Hasteko eta behin… zer da coachinga?
International Coach Federation (ICF) erakundearen arabera, coachinga pertsonengan eta erakundeengan aldaketak eragiteko baliabide bat da, helburu hauek dituena: pertsonen talentua askatzea, bizitza pertsonalean zein profesionalean emaitza ezin hobeak lortzeko; eta pertsonak ongi eta gogobeteta sentiaraztea, alderdi guztietan garatu ahal izateko. Beraz, coach batek gaitasunak hobetzen edo gehiago ahalegintzen laguntzen die besteei.

Hedabide eta gai askotan ageri da gaur egun coachinga: zer da, moda bat ala betiko gure artean izango dugun zerbait?
Nik uste betiko geldituko dela gure artean. Izan ere, coachingak jokabidearen, psikologiaren eta gainerako gizarte zientzien arloko diziplina guztien ikuspegirik onenak bateratzen ditu, aldaketa pertsonalari eta hobetzeari edo bikaintasuna lortzeari bide ematen dioten baliabide eta teknikak emateko.

Orain arte nola bizi ahal izan gara coachingik gabe?
Nik psikologia landu izan dut, eta, coachingean trebatzen hasi nintzenean, konturatu nintzen aspalditik ari nintzela egiten gaur egun coaching esaten diogun hori. Azken batean, pertsonei beren ahalmen osoa baliatzen eta helburuak lortzen laguntzen nien. Psikologiak disfuntzioan edo eritasunean eduki du ardatza: lehen, terapeuta zen aditua. Coachingean, berriz, bezeroa bera da bere bizitzan aditua. Agian, psikologiak alde batera utzi zuen osasunean zentraturiko ikuspegia, eta ez zen jabetzen herritarrek ere garatu eta hazi egin nahi dutela eta horretarako teknikak eta metodoak behar dituztela. Hori dela eta, gero eta jende eta erakunde gehiagok jotzen dute coachingera taldeen zein norbanakoen ahalmena areagotzeko.

«Coachinga asmatuta zegoen lehendik; marketinak izena jarri dio»

Antzinako filosofiatik dator nor bere erronka eta beharrei erantzuteko gai dela dioen kontzeptua, eta Platonek ere aipatu zuen maieutika sokratestarrean, Elkarrizketak lanean; hortxe bertan aurki dezakegu coachingaren hasierako elkarrizketen eredua. Lan horren arabera, guztiok gara gai nor garen jabetu eta zer izan nahi dugun amesteko eta, horretan oinarrituta, hori lortzeko plan bati ekiteko. Sokratesek, irakatsi baino gehiago, ikasten eta ezagutza garatzen laguntzen zien bere ikasleei. Litekeena da coachinga orain dela asko sortu izana; XXI. mendeko marketinak izena jarri besterik ez du egin.

Nola bihur zaitezke coach?
Espainian ez dago lanbide horretan aritzeko curriculum ofizialik. Kultura anglosaxoia duten beste herrialde batzuetan ikasketak ezarri dituzte, eskaera handia zegoelako. Elkarte profesionalei dagokie kalitateko prestakuntza ematea eta lanbide estandarrak zaintzea. Prestakuntza horrek oinarrizko gaitasunak, egitura, trebetasunak, etika eta beste lantzen ditu. Badaude coachinga akreditatzen duten zenbait erakunde; International Coach Federation (ICF) da ezagunena mundu osoan. ICFk coachingeko prestakuntza programak akreditatzen ditu mundu osoan, etorkizuneko coachek jasoko duten prestakuntza bermatzeko.
Bestalde, estatuan ere badaude kalitateko coachingaren lanbidea definitu, sustatu eta defenditu nahi duten zenbait erakunde: ASESCO (Asociación española de Coaching) eta AECOP (Asociación Española de Coaching Profesional), besteak beste. Europako eta nazioarteko beste erakunde batzuk hartzen dituzte eredu gisa, eta beste elkarte profesional batzuekin aritzen dira elkarlanean, lanbidearen bikaintasuna, zehaztasuna eta etika zaintzeko.

Nork jasotzen du coachinga?
Coachinga hainbat arlotakoa izan daiteke: enpresako coachinga, bizitzako coachinga, hezkuntzako coachinga, kiroleko coachinga eta lan orientaziorako coachinga. Coachingaren prozesuak bezeroaren testuingurura egokitu behar dira. Ez dago zehatz-mehatz jakin beharrik bezeroaren bizimodua, baina bada lagungarria. Coachingean, bezeroa bera da bere bizimoduan aditua: hark berak daki zein egoeratan dagoen eta hark berak jartzen dizkio hobetzeko helburuak bere buruari.

Zer egin ohi da saioetan?
Lehendabizi konfiantzazko giroa sortzen da bezeroarekin, eta gero prozesuaren amaieran zer lortu nahi duen ikusten da. Jarraian, jarritako epearen barruan lortu nahi dituen hobekuntza emaitzak ikusarazten dizkiogu bezeroari. Bezeroak ekintza plan bat itxuratzen du, eta, coachak egiten dizkion galdera sendoen bidez, bere aurrerabidea kudeatuz eta bere burua ahaldunduz joaten da, lorpen txikiei eta bere ahalmenaren gaineko kontzientzia gero eta handiagoari esker. Coaching saioan bertan gertatzen dena bezain garrantzitsua da, ordea, saioen artean gertatzen dena. Izan ere, saioen arteko denboran, bezeroak bere kabuz landu behar ditu proposaturiko helburuak. Gero, helburuak ebaluatzean, ez da horren garrantzitsua hasiera-hasieratik emaitzak lortzea; garrantzitsuagoa da bezeroak egin duen eta egin ez duen horretatik ikastea bere burua egokitzen. Hori ikasten badu, prozesuaren amaieran bere buruari jarri dizkion helburuak lortzeko estrategia berriei heldu ahal izango die.

Coaching irakasgaia unibertsitatean eman beharko al litzateke?
Nik, orain, ikastaro bat koordinatzen dut Murtziako Unibertsitatean, Hezkuntza Fakultatean; ziklo guztietako irakasleentzat eskaini da, eta "Hezkuntzarako coachinga eta irakasteko trebetasunak" du izena. Bada, hezkuntzaren esparruan, ikasleentzat ere erabilgarri izan daiteke coachinga. Coach jarduteko gaitasunak dituen irakasle batek modu eraginkorrean lagun diezaieke unibertsitateko ikasleei beren helburuak lortzen. Ildo horretatik, unibertsitateko irakasle batek banakako tutoretza eman behar badu, coachinga oso eraginkorra izan daiteke ikasleei hobeto lan egiten laguntzeko. Gainera, hezkuntzan, coachinga baliagarri izan daiteke irakasleek irakasteko gaitasunak gara ditzaten. Unibertsitate irakasle batek etengabe hobetu behar du eta trebetasun eta jokabide jakin batzuk garatu behar ditu, ikasleek kalitateko irakaskuntza jaso dezaten. Horrenbestez, unibertsitateko irakasle batentzat ere erabilgarria izan daiteke coachinga, bere burua profesionalki hobetzeko. Irakasleak garatzea behar duen arloak ere ezar ditzakegu: komunikatiboak, pedagogikoak, ikerkuntzakoak, pertsona artekoak... Antolakuntza aldatzeko ere baliagarria izan daiteke; hau da, coachinga erabil daiteke irakasle taldeak edo erakundeak antolatzeko eta hezkuntza erakundeak kudeatzen dituzten pertsonak gidatzeko.

«XXI. mendean, ezagutzaren artistek izango dute arrakasta»

Azkenik, zer esango zenieke unibertsitateko ikasleei?
Hezkuntza sistemak esaten digu zer ikasi behar dugun hogei urtez baino gehiagoz, noiz ikasi behar dugun… Azken batean, batez ere ezagutza teknikoak eta espezializatuak pilatzeko balio duten eskemak errepikatzen irakasten digu. Horrela, burmuinaren ezkerreko hemisferioa garatzen da. Lehen, informazioaren aroari dagozkion gaitasun logikoetan, linealetan eta konputazionaletan oinarrituriko ekonomia eta gizartea genituen; orain, ordea, sormena, enpatia edo ikuspegi globala bezalako gaitasunetan oinarrituriko ekonomia eta gizartea sortzen ari gara. Ikasleek, XXI. mendeko lan mundura sartzeko, sortzaileak izan behar dute, berritzaileak, enpatikoak, komunikatzaile onak, erabakitzaileak, eta bezeroa eta eguneroko lanaren kalitatea izan behar dituzte ardatz; gaitasun horiek guztiak burmuinaren eskuinaldea garatuta lortzen dira, baina unibertsitatean ez dira irakasten. Horregatik, burmuinaren hemisferio biak landu eta garatu behar dituzte, kanpoan zain izango duten munduak hori eskatuko baitie. Orain, bestelako buru bat izan behar da lanean arrakasta izateko eta pertsona gisa hazteko.
Hala, XXI. mendean ezagutzaren artistek izango dute arrakasta; alegia, beren talentuari balioa eman dioten haiek, maite dutena egiten dutenek, gaitasun aproposak garatzen dituztenek, eta etengabe ahalegintzeagatik trebe-trebe izateko gai direnek. Ikasleek gizartearen eta enpresen beharrizanei erantzungo dien talentu hori ikusarazten ikasi behar dute; horretarako, coachinga erabil dezakete bizitza pertsonalean zein profesionalean beharko dituzten gaitasun horiek garatzeko.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU