euskaraespañol

Redes sociales campusa

Hautu erabakigarria

Orientazio Azokak urtarrilaren 23an egingo dira Gipuzkoako Campusean, 30ean Arabakoan eta otsailaren 6an Bizkaikoan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/22

Hala ikasleak nola haien ingurukoak estresak jota ibili ohi dira unibertsitaterako jauzia egitea tokatzen zaienean. Izan ere, hautu horrek bizitzaren zati handi bat baldintza diezaieke. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Unibertsitate Orientaziorako Azokak antolatu ditu igaroaldi hori arintzeko.

Unibertsitateko Argibide Zerbitzuak, unibertsitate aurreko ikasleei geroko ikasketak aukeratzen laguntzeko eta zalantzak argitzeko asmoz, orientazio azokak antolatzen ditu. Bertan, etorkizuneko ikasleei informazio zehatza ematen zaie unibertsitatean ematen diren graduen inguruan, bai banako azalpenen bidez, bai taldeentzako informazio saioen bidez. UPV/EHUren ikastegi guztietako irakasleek eta Unibertsitateko Argibide Zerbitzuak hiru campusetako bakoitzean biltzen dira ondoz ondoko hiru larunbatetan, unibertsitate aurreko ikasleei azalpenak emateko unibertsitatera sartzeko moduaz, tasez, bekez, ostatuaz, unibertsitate garraioaz, kirol jarduerez, mugikortasun programez, graduondokoez eta halakoez.

Aurtengo azokak (informazio saioak eta standak) urtarrilaren 23an egingo dira Donostiako Ignacio Mª Barriola Zentroan (Ikasgelategian), urtarrilaren 30ean Gasteizko Farmazia Fakultatean, eta otsailaren 6an Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Sarrikon. 09:00etatik 14:00etara izango dira.

Unibertsitaterako igaroaldian laguntzeko, Campusak gidaliburu txiki bat osatu du Berritzegune Nagusiko Rosa Ortegaren laguntzarekin:

  1. Ezagutu zeure burua
    Norberak bere indarguneak eta ahulguneak zein diren jakin behar du. "Lehenik eta behin, norberak bere buruaren inguruan hausnartu behar du. Geure buruari galdetu behar diogu zer gustatzen zaigun, zertan garen onak eta zenbateraino ahalegindu nahi dugun". Batzuetan, baina, gerta dakiguke ogibide bat gustuko izatea baina benetan beste zerbaitetan izatea onak. Garrantzitsua da geure buruari behatzea, baina kasu egin behar diegu ondo ezagutzen gaituztenei ere.
     
  2. Informa zaitez
    Ahal den informazio gehiena eskuratu behar da, gai zerrendak eta irakasgaiak aztertu, ustekaberik gerta ez dadin. Horretarako, unibertsitate azoketara jo daiteke, eta gure gustuko gradua egiten ari diren ikasleekin edota gradu hori egin eta lanean dabiltzanekin hitz egin dezakegu. "Unibertsitateen webgunetik kanpo informazioa bilatzea estrategia ona da. Zenbat eta informazio gehiago eta askotarikoagoa, hobe".
     
  3. Laguntza tresnak
    Interneten, lan orientazioaren inguruko test eta autoebaluazio galdetegi gero eta gehiago daude. Erreferentziatzat har ditzakegu, bai, baina ez digute hautua baldintzatu behar. "Lan interesei buruzko galdetegiak lagungarri izan daitezke nork bere buruaz kontu berriak deskubritzeko edo aurrez aintzat hartu ez ditugun ikasketak aurkitzeko".
     
  4. Zeuk hartu erabakiak
    Gurasoek informazioa biltzen lagundu behar dute, baina ez dute erabakia baldintzatu behar. Lagunek, irakasleek eta orientatzaileek ere eragin handia izaten dute, baina erabakia zuk zeuk hartu behar duzu. "Familiak, irakasleek eta orientatzaileek prozesuan lagundu behar dute, baina ikasleak izan behar du prozesu horretako protagonista; beraz, ikaslea izango da bere erabakien erantzule".
     
  5. Bokazioa bai, baina burua galdu gabe
    Profesional askoren iritziz, behar-beharrezkoa da unibertsitatean hasiko den ikasleak bere bokazioa zein den jakitea, bokazioari leial izatea eta horren arabera egitea hautua, baina ez du ahaztu behar hautu horren alderdi praktikoa. Dena dela, ez da gomendatzen soil-soilik lan irtenbideei edo etorkizuneko lanak eman diezagukeen diruari erreparatzea. "Zaila da lan merkatua hemendik urte batzuetara nola egongo den aurreikustea, arin-arin aldatzen ari da eta: lan berriak sortu eta beste batzuk galtzen dira. Egungo ikasleek, hasierako prestakuntza bukatzean, orain existitzen ez diren lanbideekin topo egingo dute".
     
  6. Zenbat eta gehiago, hobe
    Jakin behar dugu zein diren gure gaitasunak, eta gogoan izan behar dugu gure curriculuma aberastu egin daitekeela beste alternatiba batzuekin: titulazio bikoitzekin, hizkuntzekin, atzerriko ikasketekin… Eskaintza zabala dago. "Ez da ikasketak bukatu arte itxaron behar curriculuma puzteko: teknologia berriei eta komunikazioari buruzko ikastaroak egin, hizkuntzak ikasi, boluntario jardun, praktikak egin… Informazio osagarri guztia da garrantzitsua".
     
  7. Ikasketa orokorrak
    Ez utzi albo batera karrera orokor batekin hasteko aukera; unibertsitatean hasi ondoren deskubri dezakezu benetan zer izan nahi duzun. "Unibertsitate ikasketen eskaintza oso zabala da. Zalantzan daudenentzat, aukera ona izan daiteke ikasketa orokorrak hautatzea eta ingurua hobeto ezagutzean egitea espezializazioa". Ikasketek, gaur egun, ez dute hainbeste baldintzatzen gure irtenbide profesionala.

Azkenik, zenbat eta goizago hasi horretan guztian pentsatzen, askoz hobe. Hala, zure hautuarekin hobeto datorren batxilergoko modalitatea aukeratu ahalko duzu, eta zer kalifikazio lortu behar duzun planteatu, nahi duzuna hautatzeko arazorik ez izateko. "Ikasketak hautatzeko, nota oztopoa ez izatea da onena".

Ez utzi hautua azkenerako: etorkizuna bertan dago.

 

Argazkiak: UPV/EHU