Joana Miguelena Torrado Euskal Herriko Unibertsitatean Irakasle Ikasketak amaitu eta Pedagogiako azken ikasturtea egiten ari zen, Jaume Funesen El lugar de la infancia liburuak ikuspegi profesionala aldarazi zionean. Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterrean matrikulatzea erabaki zuen, han haurren eskubideak zituztelako ikergai. Eta bete-betean asmatu zuen: UNICEFek berak saritu berri du haren master amaierako lana, Gipuzkoako etxegabetzeek eragindako haurren eskubideei buruzkoa.
UPV/EHUko graduondoko ikasle Joana Miguelena, UNICEFek saritua
«Haurren eskubideak konpondu beharreko auzia dira gizarte osoarentzat»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/02/05
Zorionak sariagatik.
Eskerrik asko. Izugarrizko poza eman dit, eta ildo horretan lanean jarraitzeko bultzada ere bai. Unicef bezalako erakunde batek zure lana argitaratzekoa dela esatea eta lana argitaratzea, hori ezin da diruz ordaindu. Aitorpena da azken batean, ez soilik nire lanarena, baita etxegabetzeek eragindako haur eta nerabeena ere, eta, bereziki, elkarrizketatu nituen pertsonena, haiek dira-eta sari honen protagonista nagusiak eta irabazleak. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet beren errealitateaz, esperientziaz, bizipenez eta borrokaz hitz egin zidaten pertsonei. Eskerrik asko!
Zergatik aukeratu zenuen gai hori lanerako?
Gogo handia nuen haurren eskubideei buruzko azterlan bat egiteko, eta are gehiago piztu zidan interesa nire lagun Jose María Erauskin Hipotekak Eragindakoen Plataformako abokatuarekin nuen harremanak. Garai hartan askotan gosaltzen genuen elkarrekin, eta sarri jardun ohi genuen etxegabetzeek eragindako familiez eta etxegabetzeok haur eta nerabeen bizitzan zituzten ondorioez. Kezkatuta nengoen haiek sekula ez genituelako ikusten mobilizazioetan, edo ez zitzaielako galdetzen zer ondorio ekarriko zizkien etxea galtzeak, nola ari ziren bizitzen hori eta ea eskubideak errespetatzen zitzaizkien. Uste nuen, bada, hori dena ikusarazi egin behar nuela.
Egiatan, adingabe horiek ikusarazten dira gutxiena gizartean.
Bai, halaxe da. Nire ustez, haur eta nerabeak bigarren edo hirugarren mailan gelditzen dira fenomeno honetan. Jendeari ez zaio ikusarazten haur batzuek tratamendu psikologikoa behar dutela, zenbait familia argirik gabe bizi direla, jantokira joan behar dutela platerkada bat jan ahal izateko, edo lagunak aldatu behar dituztela ez dutelako beste haurrek bezainbeste diru. Ez dira ikusezinak; ikusezin bihurtzen ditugu. Gainera, banketxearekin gelditzen zaien zorrak, etxea galtzearekin amaitzen ez dena, neurri handiagoan edo txikiagoan, markatu egingo ditu familia horien etorkizuna eta, bereziki, haur eta nerabeen eskubideak.
Familia bat etxetik botatzen denean, edo aurretik, erakunde eskudunek entzuten al diete adingabeei?
Haurren eskubideak konpondu gabeko auzia dira gizarte osoarentzat; ez dira etxegabetzeak gertatzen direnean soilik jorratu behar, beste kasu askotan baizik. Etxegabetzeen prozedura judizialetan, haurrak ez dira partaide: ez zaie entzuten, eta ez da uste etxebizitza haientzako interes gorena denik. Familiak eurak ere egoera ezkutatzen saiatzen dira; badirudi gutxietsi egiten dugula haurrek zer ari den gertatzen ulertzeko duten gaitasuna. Eskubidea dute zer gertatzen den jakiteko eta beren eskubideak bete eta berma daitezela eskatzeko.
«Haurrei ez zaie entzuten»
Bestalde, ez dut ulertzen Fiskaltzak zergatik ez duen esku hartu etxegabetze kasu batean ere, interes goren hori babesteko eta gordetzeko. Uste dut Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioari balio handiagoa eman behar zaiola haur eta nerabeen eskubideak bermatzeko tresna gisa, eta gehiago ezagutarazi behar dela. Nire iritziz, Konbentzioari ez zaio dagokion garrantzia ematen, eta derrigor bete beharreko nazioarteko ituna da.
Etxea galduko zutela zekiten zenbait familiarekin hitz egin duzu.
Ez dut gustuko gai hauetaz era orokorrean hitz egitea. Famili bakoitzak era ezberdinean bizi du egoera hau, baina orokorrean hitz egin behar badut, nik esango nuke egoera hauek larritasun eta tristura handiarekin bizi izaten direla. Gure etxea galtzear bagaude, pentsa! Mundua gainera erortzen zaigu! Etxe bat ez da soilik bi gela, egongela, sukaldea eta komuna. Askoz gehiago da. Zure bizitzaren zati bat eraikitzen duzun tokia da etxe bat, babestuta sentitzen zaren (edo sentitu beharko zinatekeen) tokia, proiektu komun bat hartzen duen tokia, zure eskubideak errespetatuak izan behar diren tokia eta, horiek exijitzeko, informazioa eskatzeko tokia. Etxe bat identitate seinale bat da.
Baina arazoa ez da soilik etxea.
Hala da. Etxegabetzeen arazo handiena ez da famili batek etxea galtzea, baizik eta bankuarekin duten zorra ez dela etxea galtzearekin kitatzen. Zor hori mantentzeak famili horiek zerotik hastea galarazten du. Zor hori, eta horrek suposatzen duen guztia (berankorren zerrendan egotea, soldataren parte bat eman behar izatea, edota, besteak beste, argiaren eta alokairuaren beste kontratu batzuk egiteko arazoak), horixe da familiaren etorkizuna markatuko duena, eta baita beraien aukerak ere.
Familia horiek nabaritu al dute gizartearen solidaritatea, edo gehiago gizartearen arbuioa edo axolagabekeria?
Gizartean oraindik ere aurreiritzi asko dago etxegabetzeek eragindako pertsonen inguruan edo, are, Hipotekak Eragindakoen Plataformako kideen inguruan. Gizartearen zati batek oraindik ere uste du etxetik botatako familia bat bere ahalbideen gainetik bizi izan dela, baina hori ez da horrela. Profilak aldatzen ari dira, eta etxegabetzeek gero eta gehiago eragiten diete gizartearen erdiko klasetzat jotzen direnei. Edonork gal dezake lana, edonori gerta dakioke beste norbaiti edo bere etxeari bermea ematea negozio bati ekiteko, baina negozioak porrot egin eta etxea galtzekotan egotea.
«Egoera hau hobetzeko, borondatea behar da»
Egia da krisia hasi zenez geroztik gizartea gehiago jabetu dela etxegabetzeen eta etxegabetutakoen inguruan, baina oraindik bide luzea dago ibiltzeko. Aurreiritziak daude, eta ikerketan parte hartu zutenek nabaritu zituzten; dena dela, solidaritatea ere jaso zuten, plataformen eta zorionez existitzen diren pertsonen eskutik.
Erakundeek zer egin dezakete adingabe horien egoera hobetzeko?
Haurrak eta haien eskubideak ardatz dituen gizarte politika berriak sor ditzakete, eta horietan oinarrituta egin legeak edo arauak. Lege edo ordenantza batzuk oso bizkor indargabetzen edo onartzen dira, eta beste batzuk, berriz, baztertu egiten dira, eztabaidatu ere egin gabe batzuetan. Nik uste egoera hobetzeko legeria aldatu behar dela eskubideak oinarri hartuta, eta ez soilik finantza erakundeen interesetan oinarrituta. Nire iritziz, erakunde guztiek hobetu dezakete haurren eta nerabeen egoera, nahi baldin badute; borondate kontua da.
Eta gizarteak zertan lagun dezake?
Gizarteak nahi duen guztian lagun dezake. Gizarteak, lehenik eta behin, familia etxegabetuaren irudia deseraiki behar du, eta harekin enpatizatu. Pertsona guztiek lagun diezaiekete familia horiei, ahal dutena, dakitena edo daukatena emanez. Denek ezin dituzte diruz lagundu familia horiek, edo beren burua ez dute ikusten banketxe bateko atean pankarta bati eusten, baina nork bere harri koskorra jar dezake, ahal duen eta nahi duen heinean. Laguntzeko erak dira, adibidez, haur eta nerabeei eskola partikularrak doan ematea, familiei lana topatzen laguntzea, doako justizia eskatzera laguntzea, babestea edo besarkada bat ematea.
Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU
