euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari buruzko X. Jardunaldiak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/23

Biktimadun sute-simulazio ariketak eman die hasiera Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari buruzko X. Jardunaldiei. Bertan dozenaka suhiltzailek, DYA eta Cruz Rojako osasun langilek eta udaltzainek hartu dute parte, Easoko Institutu Politeknikoko ikasle ugarirekin batera.

Jarraian, jardunaldien egoitzan, UPV/EHUko Joxe Mari Kortan alegia, Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegiko presidenteak  irekiera-hitzaldia eskaini du. Honek biktimen Laguntzarako Lege berria oinarritzat hartuz, sute, hondamendi, uholde eta gainerako egoera arriskutsuen biktimei eman beharreko laguntza bateraturako irizpideak eman ditu. Subijanak adierazi duenez, larrialdiek segurtasun kolektiboaren aurkako delituak eragiten dituzte askotan, eta laguntza zerbitzuetan segurtasun-indarren eta osasun zein babes zibil arloetako langileen erantzun bateratua eskatu du. Koordinazio hori segurtasun indibidualera zabaldu beharko litzateke, adierazi du hizlariak, eta helburu horrekin sartu ditu auto eta lan istripuen biktimak esku-hartze protokoloan. Zauritu guztiei laguntzeko orduan jarraitu beharreko irizpide orokorren artean, segurtasun-indarrek eta osasun eta babes zibileko langileek egoeraren larritasunari buruzko informazio zehatza jasotzeko beharra nabarmendu du Subijanak, biktimei laguntza egokia eskaini ahal izateko. Era berean, aipatu du kasu askotan gertakariaren iturburua aurkitzeko ikerketa jarri beharko dela martxan.

Maiatzaren 23 eta 27 artean burutuko diren, eta UPV/EHUk suhiltzaileekin, Udaltzaingoarekin eta MARSH enpresarekin elkarlanean antolatutako jardunaldi hauek erakargarritasun handiak dakartzate. Besteak beste, 25 hitzaldi interesgarri izango dira, gai anitzen inguruan: psikologoek larrialdietan betetzen duten papera, berritasun teknikoen eta segurtasun arloko material berrien aurkezpena, errefuxiatu-eremuetako lana, edota arrisku eta arduragabekeriekin loturiko delituen ondorio legalak.

Jardunaldi hauen helburua da arriskuen eta larrialdien kudeaketari buruzko ezagutza zabaltzea, bai profesionalei eta bai gizarteari. Horretarako, interesa duten guztiek parte hartu ahal izango dute UPV/EHUko Joxe Mari Korta zentroan eskainiko diren hitzaldietan. Mintzaldi guztiak zuzeneko streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da.

Aurreko urteetan bezala, karpa bat ezarriko dute UPV/EHUko Joxe Mari Korta zentroaren kanpoaldean, bereziki 11 eta 12 urteko ikasleei zuzendutako prestakuntza-ekintzak gauzatzeko. Material sanitarioa eta larrialdietakoa ezagutzeko aukera eskainiko duen espazio horretatik 200 neska-mutil pasatzea aurreikusten dute. Bertan, gainera, 'kearen gela' ezarriko dute, sute kasuetan nola jokatu ikasteko.

Jardunaldien bitartean, LG Security enpresako segurtasun arloko adituek Donostiako 23 zahar-etxe bisitatuko dituzte instalazio elektrikoen erabilerari buruzko aholku praktikoak eskaintzeko. Modu argi eta arinean azalduko dituzte istripuak ekiditeko hartu beharreko neurriak, baita aparailu elektrikoekin loturiko suteak saihesteko ere.

Horrez gain, Arrisku eta Larrialdien Kudeaketari buruzko X. Jardunaldietan bi sari banatuko dira: larrialdietako boluntario digitalen VOST Euskadi elkarteak Esfortzuaren eta Berrikuntzaren Saria jasoko du, eta maiatzaren 27an, Patxi Sánchez Memoriala emango diote Vicent Pons i Grau kimika-ingeniariari. Donostiako suhiltzaileen ofizialordea eta jardunaldi hauen bultzatzailea izan zen Sánchez duela zazpi urte zendu zen.

Egitaraua eta argibideak

Argazkiak: UPV/EHU