euskaraespañol

Redes sociales campusa

Mittweida Zientzia Aplikatuen Unibertsitatearekin hitzarmena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/26

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren bitartez, eta Alemaniako Mittweida Zientzia Aplikatuen Unibertsitateak titulazio bikoitzerako hitzarmen bat sinatu dute elkarrekin.

Hauxe da hitzarmenaren helburua: "alde biko harreman komunetan sakontzea eta lankidetza zientifiko eta akademikoa bultzatzea, erakunde bien eta bertako ikasleen onerako, bost titulazio bikoitz martxan jarrita. Titulazio bikoitz horiek hauek konbinatuko dituzte: Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Donostia) ematen diren Ingeniaritza Elektrikoko Gradua, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritzako Gradua, eta Ingeniaritza Mekanikoko Gradua, alde batetik, eta Mittweidako Zientzia Aplikatuen Unibertsitatean (Alemania) ematen diren Ingeniaritza Mekanikoko eta Ingeniaritza Mekatronikoko ‘bachelor' ikasketak, bestetik".

UPV/EHUko ikasleek ikasketen programako zortzi seihileko gainditu behar dituzte jatorrizko eskolan, eta bi seihileko helmugakoan (60 ECTS), betiere kasuan kasuko ikasketa planei jarraituz. Ikasleek, halaber, Alemanian praktikak egin beharko dituzte hamargarren seihilekoan. Ikasle alemaniarrei dagokienez, lehen sei seihilekoak jatorriko unibertsitatean egin beharko dituzte, eta praktikak ere bai; ondoren, hiru seihileko ikasiko dituzten UPV/EHUn (92 ECTS), kasuan kasuko ikasketa planak errespetatuz. Bi aldiak amaitzean, erakunde bakoitzeko ikasleek titulazio bikoitza lortuko dute.

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Donostia) zuzendari David Estebanek oso ontzat jo du titulazio bikoitzeko hitzarmen hori, "ingeniaritzaren arloko Europako konbergentzian urrats bat gehiago delako".

Mittweidako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekano Uwe Mahn ere pozik agertu da hitzarmena sinatu dutela eta. Haren iritziz, hitzarmenak "bi ikasketa esparru titulazio bakarrean biltzen ditu, baina, horrez gain, elkarrekin lotzen ditu Europako zientzia komunitateko bi eskualde garrantzitsutako irakasle eta ikasleak".

Argazkiak: Unai Susperregi. UPV/EHU