-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
José Luis de la Granja Sainz, Historia Garaikideko katedraduna
«Euskadi 1936ko urrian sortu zen»
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/10/06
Laurogei urte joan dira 1936ko urrian lehenengo Estatutua onartu eta lehen Eusko Jaurlaritza osatu zenetik, eta bada garaia haren garrantzi historikoa nabarmentzeko. Horretarako, José Luis de la Granja Sainz UPV/EHUko Historia Garaikideko katedradun eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren biografiaren egilekidearekin (‘La política como pasión', Tecnos, Madril, 2014) hitz egin dugu. Haren iritziz, "ospatzeko data garrantzitsuak izan beharko lirateke, Euskadi erakunde moduan sortu zela ospatzen baitugu eta, Espainiako errepublikar estatuan ez ezik, nazioartean ere aitortua izan zelako".
Nola ondu zen 1936ko euskal estatutu hori?
1936ko belaunaldi abertzaleak, Agirrek, Irujok eta Ajuriagerrak gidatuta, ezkertiarrekin aliantza hitzartzearen alde egin zuen Estatutua indarrean sartzearekin batera. Estatutua Prieto sozialistaren eskutik heldu zen, bera izan baitzen «Estatutuaren gizona», Irujoren hitzetan; izan ere, 1936ko Estatutuak Prietoren eta ezkerreko alderdien ideiak islatzen zituen gehiago EAJrenak baino, azken honen ikuspegiak ageriago baitzeuden lehenagoko autonomia-proiektuetan. Estatutuaren bultzatzaile nagusiak Prieto eta Agirre izan ziren, Gorteetako Estatutuen Batzordeko burua eta idazkaria, hurrenez hurren; bertan, testua adostu zuten 1936ko udaberrian, Gerra Zibilaren bezperan. Hirugarrena, berriz, Irujo izan zen, eta berak berehala onartu zuen ministro izatea Estatutua onar zedin, haren alde gogor borrokatu baitzen Errepublikaren garaian, Nafarroa (bere lurra) 1932an kanpoan geratu arren.
Zuk diozu Euskadi 1936ko Estatutuarekin batera sortu zela.
Euskadi 1936an Estatutuarekin batera sortu zela diot Manuel Irujok Errepublikaren garaian esandakoan oinarrituz: Euskadi ez zen zuzenbidez existitu Estatutu hori onartu arte, historian inoiz ez baitzen izan erakunde bat, euskal gobernu bat. Irujo, EAJko errepublikazaleena, izan zen Lizarrako Estatututik eta haren euskal konkordatutik aldentzen lehena, 1931n; 1935ean, berriz, prest zen Estatutua ekarriko zuen eskua bedeinkatzeko. Hurrengo urtean, esku hori Prieto izan zen. Irujok Estatutua nahi zuen batez ere, gutxienezko baldintzetan bazen ere; izan ere, bere iritziz, «Estatutua existitzea Euzkadi existitzearen baliokidea zen». «Euzkadiren aitortza da. Politikaren aldetik, bere existentziaren hasiera da zuzenbide eratuaren aurrean», 1931ko hitzaldi politikoetan adierazi zuen bezala.
Garai aztoratuak ekimen horretarako…
1936ko Estatutuak, 1932ko katalana imitatzen zuenak, euskal «autonomía-lurraldea» sortu zuen, eta ahalmen autonomikoak izendatzen zituen, adibidez, «organo betearazle» eta «organo legegile» bana (ez zitzaien Jaurlaritza eta Legebiltzarra ere deitu), eta 1925eko itun ekonomikoaren indarraldia mantentzen zuen. Hala ere, paradoxikoki, Gerra Zibilean egin zen aplikazioak maximoen autonomia bat eragin zuen. Gainera, lurraldez Estatutu murriztua zen, ez baitzuen eraginik izan ia Araba eta ia Gipuzkoa osoan; azken hau Molaren tropek abuztuan eta irailean konkistatu zuten. Horregatik, bakarrik aplikatu zen Bizkaian (Ondarroarik gabe), Arabako herri txikienetan (Kantaurialdeko haranetan) eta Gipuzkoa mendebaldean (Eibar eta Elgetan), bederatzi hilabete eskasetan, 1936ko urritik 1937ko ekainera.
«Estatutuaren funtsezko ondorioa historiako lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketa izan zen»
Eta onartua izan ondoren, Agirre buru zuen Jaurlaritza eratu zen.
Estatutuaren oinarrizko ondorioa izan zen historiako lehen Eusko Jaurlaritza eratu zela, EAJ eta Fronte Popularraren arteko koalizioaz eta Jose Antonio Agirre buru zuela. EAJko itzal handiko lider eta diputatu hura aho batez lehendakari hautatu zuten 1936ko urriaren 7an bozkatu ahal izan zuten euskal zinegotziek eta, egun horretan bertan, bere ardura hartu zuen Gernikan, erlijiotsu eta konstituziotik bazter zin eginez, bere ondorengoek ere aldaketa batzuekin errepikatu dutena: «Jaungoikoaren aurrean apalik, euzko-lur gañian zutunik, asabearen gomutaz, nere aginduba ondo betetzia Gernika'ko zusizpian zin dagit». Ondoren, bere gobernuaren osaera eta gobernu-programa irakurri zuen (Gernikako adierazpena deitua), aurrez EAJrekin eta Euskadiko Fronte Popularreko bost alderdiekin hitzartua.
Zer ondorio ekarri zituen gertaera horrek?
Une horretatik aurrera, Euskadin gerra aldatu zen, hegemonia politikoa aldatu baitzen: 1936ko udako Fronte Popularraren nagusitasuna EAJk hartu zuen; Bizkaiko eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeen nagusitasuna, berriz, Eusko Jaurlaritzak, eta bertan EAJ gailendu zen. Ondorioz, Gerra Zibilaren etapa autonomikoak moderazioa ekarri zuen Euskadira.
Nortzuek eratu zuten Gobernu hori?
Ia sailburu guztiak 1936ko belaunaldia deitutakoaren partaide ziren: 1900 inguruan jaioak, 1931n II. Errepublika heltzearekin batera bizitza politikora sartuak, eta Errepublikaren, Gerra Zibilaren eta erbestearen belaunaldia izango zirenak. Nahiko Jaurlaritza gaztea zen, batez besteko adina 38 urte baitzen, eta gazteenetako bat Agirre lehendakaria zen, Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza hartu zuenean artean 32 urte besterik ez zituela. Jatorri geografikoaren aldetik, denak bizkaitarrak edo gipuzkoarrak ziren; ez zegoen ez arabarrik, ezta nafarrik ere, ezta Euskadiz kanpora jaiotako inor ere. (Ikus taula)
Eta haien gizarte-estatusak?
Lanbidez, gehienak klase ertainekoak ziren (batzuk abokatuak), eta batzuk langileriaren partaide (sailburu komunista, eta sozialistaren bat); kide bat, gainera, Gipuzkoako familia aristokratiko garrantzitsu batekoa zen: Monzon abertzalea. Denek, Astigarribiak izan ezik, ardura publiko garrantzitsuak bete zituzten Errepublikan: sei alkate edo zinegotzi izan ziren, bost Gorteetako diputatu, bi gobernadore zibil, eta bi probintzia-diputatu. Gainera, horietako asko haien alderdi edo sindikatuetako buruzagiak ziren, eta haietako gehienek Bizkai eta Gipuzkoako Defentsa Batzordeetan parte hartu zuten. Horiek gobernu-lanak bete zituzten, eta Agirreren gobernuaren aurrekari zuzenak dira: batzuek Defentsa Batzordeetan bezalako sailetan jardun zuten Jaurlaritzan ere.
Gobernu horretako zein ezaugarri nabarmendu ditzakegu?
Lehenik eta behin, behin-behinekoa zen, gerra irabazteko, baina behin-behinekotasun horrek hamar urte iraun zuen, Agirrek 1946 arte itxaron baitzuen hura berritzeko, Frantzian erbesteratuta zegoela. Bigarrenik, EAJ/Fronte Popularraren jaurlaritza zen, euskal edo nazio kontzentraziokoa, bertan bi indarrek esku hartu ez zuten arren: CNT, Gipuzkoan egin zutenagatik EAJk oroitzapen gaiztoa zuen neurrian, eta EAJtik bereizitako Euzkadi Mendigoizale Batza (EMB), Jagi-Jagi astekari independentistaren ondorengoa eta gerra-garaian Patria Libreren bitartez argitaratzen zuena. Talde txiki horrek ez zuen Espainiako Errepublika defendatzen, Euskadiren independentziaren aldeko fronte abertzale bat baizik, eta EAJ zein EAE (ANV) kritikatu zituen Fronte Popularrarekin egindako aliantzarengatik. Hirugarrenik, gobernu presidentzialista izan zen, Agirre lehendakariaren itzala eta lidergoa luzea baitzen, ez soilik sailburu abertzaleen gainean, baita ez abertzaleen gainean ere. Laugarrenik, lehendabiziko euskal gobernuak benetan EAJren nagusitasun garbia izan zuen, Fronte Popularrak baino askoz sailburu gutxiago eduki arren, alegia, 1936ko udan gertatutakoaren beste muturrean justu.
«Gobernu presidentzialista izan zen, Agirre lehendakaria itzal handiko pertsona baitzen»
Nolakoa izan zen ‘euskal estatu' horren amaiera?
Euskal estatu txiki hori laster batean eratu zen, urte erdiko epean: Agirreren gobernua osatzetik hasi eta, 1937ko martxoko azken egunean, Bizkaiaren kontra Molaren armadak egindako erasoaldiaren hasiera arte. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko gerra-frontea egonkortzeari esker egin ahal izan zen, 1936ko urriaren 1eko Estatutua onartzearekin batera, eta frontea urtebetez egon zen geldirik. Epe horretan, gerra-ekintza bakarrak izan ziren euskal armadak Legutio aldera 1936ko abenduan emandako erasoa, eta Matxitxako lurmuturreko itsas gudu omentsua, 1937ko martxoaren 5ean. Aldiz, Madrilen konkistan porrot egin eta Francok estrategia aldatu zuen: Iparraldeko Frontea zapaltzeko ahalegina egin zuen, Espainia errepublikarraren zati gehienetik bakartuta baitzegoen. Bada, Bizkaitik hasi zen, Durango zakarki bonbardatuz eta, horretan, italiar abiazio legionarioa aritu zen martxoaren 31n. Iragarri zuen euskal uhartea bere azkenetan zela, Mola jenerala prest baitzen Eusko Jaurlaritza errenditzen ez bazen Bizkaia kiskaliz bere mehatxua betetzeko. Artillerian eta, batez ere, abiazioan gailenagoa izan arren, Francoren armadak hiru hilabete behar izan zituen Bizkaia bezalako probintzia txiki bat konkistatzeko, Euskal Armadak irmo eutsi baitzion, santandertarren eta asturiarren batailoiek lagunduta. Hiriburuaren inguruan eraikitako burdin hesi akastuna hautsi ondoren, Nafarroako Brigadek, errekete karlistez osatuek, Bilbo menpean hartu zuten ekainaren 19an eta, uztailaren hasieran, Kantabriako mugara heldu ziren. Orduan, ia urtebeteren buruan, gerra bukatu egin zen Euskadin eta, harekin batera, Gipuzkoako zein Bizkaiko itun ekonomikoak galdu, Francok ekainaren 23ko dekretu-legeaz zigor modura ezeztatuta, baina baita autonomia-estatutua ere, Franco bertan behera uztera heldu ez bazen ere (gerra bete-betean onartua izan baitzen), eta Euzkadi deitutako estatu laburra ere galdu egin zen. Berau Prietoren sozialismoaren eta Agirreren abertzaletasunaren arteko aliantzaren emaitza izan zen, José María Areilza falangista eta Bilboko lehen alkate frankistak 1937ko uztaileko hitzaldi ospetsuan adierazi zuen bezala.
Fotos: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.