euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ekain kobazuloa, munduaren ondarea denon eskura

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/27

Ekain kobazuloak UNESCOk Munduko Ondare izendatutako arte paleolitikoko multzorik onenetako bat du barruan. Kontserbazio arrazoiak zirela medio, eta ondare horrek etorkizuneko belaunaldientzat osorik iraun zezan, itxi egin zen kobazuloa duela zenbait urte publikoaren bisitentzat.

Eusko Jaurlaritzak, Kultur Ondarearen bere zentrotik, digitalizazioko in situ proiektu bat sustatu du. Proiektu horrek dokumentazio digitaleko teknikak aplikatzen ditu, eta, horri esker, haitzuloko labar artearen pertzepzio erreal bat lor daiteke. Ekintza hori erakunde publiko honek sustatzen duen Ondare Arkeologikoaren zabalkuntza eta sozializazio arloaren parte da.

Madpixel enpresa liderra da artelanen digitalizazioan, eta Art Gigapixel teknologiaren eskaneatze eta argazkigintza prozedurak aplikatu ditu. Horretarako, beharrezkoa izan da teknika hori lurpean lan egiteko behar diren baldintza berezietara egokitzea. Beren lanerako bereizmen oso altuak eta aplikazio infragorriak erabiltzen dituzte, eta, horiei esker, erraz antzeman eta identifika daitezke pinturak eta marrazkiak. Proiektua bakarra da; murgiltze esperientzia aberasgarri bat, testuinguruari buruzko informazioa ere ematen duena (storytelling).

UPV/EHUko Historiaurrea Taldeak digitalizaziorako hautatutako edukiak definitzen eta, Madpixelekin batera, webgune berriaren edukiak sortzen parte hartu du. Eduki horiei esker, orain Ekain eta arte paleolitikoa ezagutu nahi duten guztiek izango dute munduko altxor hau irekitzeko aukera. Euskal Herriko Unibertsitateko proiektuaren arduradun Marcos García Diezek dioenez, UPV/EHUk eginiko lanek hauxe dute oinarri: "Ikerketa Taldeak historiaurrea pertsona guztiei hurbiltzeko duen konpromisoa, gizarteari dibulgazio ikuspegi batetik sortutako eduki zientifikoak itzuliz".
Lanaren emaitzak berariaz Ekain kobazuloa ezagutarazteko sortu den webgune batean bistaratuko dira (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/ekain/). Bereizmen handiko irudiek, panoramika interaktiboek, argazki makroek eta azalpen edukiek, besteak beste, aukera ematen digute Ekain osoa ikusi ahal izateko, bai haitzuloaren espazio orokorra, bai bertako irudi zehatz guztiak. Gainera, teknologia aitzindari hori labar artera aplikatuta, historiaurreko artisten eskuetara gertura gaitezke, marra eta pintzelkada bakoitzaren makro irudiak lortu baitira. Teknika horri esker, giza begiei ihes egiten dieten xehetasunak ikus daitezke.

Halaber, Ekain smartphone-entzako eta tabletentzako (iOS eta Android) hainbat formatutan ikus dezakegu, gigapixel irudien ikusgailu bat duen web bertsio bat ere badu eta. Hori lortzeko, ezinbestekoa izan da erakundeek Ekain kobazuloari teknologia berritzaile hori aplikatzeko konpromisoa hartu izana eta SecondCanvas plataforman aplikazio bat argitaratu izana.

Madpixeleko Koldo Garcíak adierazi duenez, "teknologiaren bitartez Ekain kobazuloa digitalizatu izanak aukera ematen du Gizadiaren Ondare diren heinean mundu guztiak ederretsi beharko lituzkeen eta ikusteko zailak diren edukiak ikusi ahal izateko, edonon daudela ere".

Kultur Ondarea pertsona eta herritartasun guztiei irekitzeko konpromiso instituzional eta sozialaren eredu da egitasmo publiko hau (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez aurkezten da). Gainera, aukera ematen du artearen jatorriaren, gogo sinbolikoaren eta lehen erlijiotasun formen erakusgarri diren adierazpen artistiko unibertsal, bakar eta bikain horien kontserbazio egoera objektibo bat lortzeko.

Argazkiak: UPV/EHU eta EJ.