euskaraespañol

Redes sociales campusa

Xabier Murelaga

Hamaika Zientzia Aste

Geologiako irakaslea eta Unamuno Ikastetxe Nagusiko zuzendaria

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/04

Badira hamaika urte Aitor Bergarak Zientzia Astean Geologiarekin lotutako ekintzak prestatzeko eskatu zidala, eta urte hauetan guztietan UPV/EHUko beste geologoekin batera dibulgazio ekitaldi garrantzitsuenetariko bateko partaidea izan naiz. Denbora honetan gure aktibitateetara hurbildu direnei geologiako arlo guztiak hurbiltzen saiatu gara. Jendea guregana hurbil dadin ia denetik egin dugu, fosil edo mineral deigarriak jarri, Euskal Herriko txoko desberdinetako aire-argazkien anaglifoak egin, kaletik dauden fosilak erakutsi…

Zergatik hartzen du UPV/EHUko geologo talde batek horrelako lana? Azken aldian Geologiako graduko matrikulazioa ikusita, ekintza horiek geologoren bat (edo batzuk) lortzeko aukera bat izan daitezke. Galderari beste erantzun posibleak: gizartean kultura geologikoa handitzeko modua izan daiteke edo, beste aukera bat, gure gizarteari guztion diruarekin mantentzen diren UPV/EHUko geologoek egiten dugun ikerketaren berri emateko. Helburu hauek, egia esateko, edozein zientzia dibulgatzaileren berdinak dira, hau da, zientzialariak lortzea, gure gizarte kritikoa izan dadin, sasi zientzia baztertzea eta zientzialarien aurkikuntzak gizartean zabaltzea.

Begiratzen badugu zein den zientzia dibulgatzaileen profila, kazetari zientifikoak, zientzia gustuko duten pertsonak eta zientzialariak daudela ikus dezakegu. Eta nolakoak gara Zientzia Astean ibiltzen garenok? Nire ustez, aste hau prestatzen eta gero aktibitate eta standetan egoteko gure denbora pertsonala ematen dugun zientzialari guztiok gure ikerkuntzaren emaitzak partekatzeaz gain, jendea geure arloetara hurbiltzea nahi dugu.

Dena den, ni neui neure denboran horrelako ekintzetan parte hartzera bultzatzen nauena ez dago lotuta lehen aipatu ditugun zientzia dibulgatzaileen helburuekin. Gaizki gera daiteke horrelakoa esatea, baina, egia esan, nik nigatik egiten dut, eta seguru nago Zientzia Asteko beste hainbat ikertzailek nik bezala pentsatzen dutela. Zientzia Astera joaten garen asko erakustera baino disfrutatzera joaten gara, dakiguna erakusten disfrutatzen dugulako, entzuten gaituzten umeen zein nagusien harridura aurpegiak ikusten disfrutatzen dugulako eta, zergatik ez, gure lankideek erakusten dutena ikusten disfrutatzen dugulako. Horregatik, hamaika urte hauetan Zientzia Asteko aktibitateak prestatzeak eskatzen duen lana ahaztu eta disfrutatzera joaten diren zientzialari gehienek urtero errepikatzen dute.

Zientzia Asteak ikus-entzunezko komunikazioetan sona handia eta bisitari kopuru handiak izaten ditu, baina ez dugu ahaztu behar badaudela UPV/EHUko hainbat kide urte osoan zehar beren klaseetatik eta ikerketatik kanpo geratzen zaion denbora librean ezagupena zabaltzen aritzen direnak. Ez dugu ahaztu behar dibulgazioa ez dela soilik arlo zientifikoan egiten, eta badaudela UPV/EHUko irakasle asko edozein herritako kultur etxean, ikastolan edo institutuan hitzaldiak ematen ibiltzen direnak. Oro har UPV/EHUko dibulgazioan aritzen garen irakasleok maila ezberdinetan irakats dezakegu, antzeko gaiak azalduz unibertsitateko klase batean zein herri txiki bateko lehen hezkuntzako ikastetxe batean. Azken finean, gure enpresaren jabea den gizartearen zerbitzura jartzen gara daukagun ezagumendua zabalduz.

Zientzia Astean zein kalean, hondartzan edo institutuan eta gazte zein helduekin geologia zabaltzen jarraitzeko asmoa daukagu geologook. Beti gaude laguntzeko prest eta jartzen dugun baldintza bakarra UPV/EHUko gure ikasleekin ditugun klaseek lehentasuna daukatela da, eta ordutegi hori ez bada ukitzen, libre geratzen diren orduak geologia zabaltzeko ditugu.

Geologia eman eta zabal dezagun.

 

Argazkiak Mikel Mtz. de Trespuestes. UPV/EHU.