-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
Badatoz Uda Ikastaroak!
Jada zabalik dago matrikula, eta murriztua izango da maiatzaren 31 arte
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2017/03/23
Urtero bezala, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroak iristen dira udaberri hasieran. Aurtengo edizioak -hogeita hamaseigarrena- eskaintza zabal eta askotariko bat du, eta 15 ziklo guztira: 137 ikastaro, tailer, eskola eta jardunaldi profesional, 20 batzar, 5 jarduera ireki eta urte osoan zehar egiteko moduko 20 online ikastaro. Era askotako gaiak landuko dira, horietako batzuk gaurkotasun handikoak.
Hala, ikastaroetan aztertuko diren gaien artean aipa daitezke: Euskal Herriko ondare arkitektoniko-kulturalaren babesa, Europar Batasunaren geroa Brexitaren ondoren, ziberdelinkuentzia, ospea Interneten, infiltrazioz lortutako frogei loturiko arazoak (agente ezkutuak, konfidenteak eta justiziaren kolaboratzaileak), Uber edo Blablacar bezalako plataformen funtzionamendua, eta crowdfundinga. Gainera, aztergai izango dira ere Trump administrazio berriak klima aldaketaren arloan izan dezakeen eragina, egungo ingurumen arazoak, eredu energetiko berri bateranzko trantsizioaren erronka teknologikoak, eta Gobernantza publikoaren egungo erronkak. Osasunaren arloan, droga berriak eta haurren transexualitatea aztertuko dira, besteak beste.
Hedabideen inguruko jarduerez gainera, aipatzekoa da FQMD batzarra (Frontiers in Quantum Materials and Devices), DIPCk antolatua (Donostia International Physics Center), Harvardeko Unibertsitatearekin elkarlanean, Berkeley, Stanford eta Columbiako Unibertsitateetako gonbidatuak izango dituena. Nabarmentzekoa da halaber zientzialarien parte hartzea: Juan Igncio Cirac, Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Asturiasko Printzea saria eta Ezagutzaren Mugak BBVA Fundazioa saria, Oinarrizko Zientziak kategorian; Enrique Echeburua Psikologia Klinikoko katedraduna, bortizkeriaren eta buru nahasteen arteko loturari buruzko ikastaro bat zuzenduko duena; Rafael Santandreu psikologo eta idazlea, terapia kognitiboari buruzko hitzaldia emango duena; eta Paco Etxeberria auzitegiko medikua, Gerra Zibileko biktimen exhumazioetan erakundeentzat egiten ari den lanaz arituko dena.
Jardueraren batean parte hartu nahi dutenek jada zabalik dute matrikula, murriztua izango dena maiatzaren 31 arte, bai publiko orokorrarentzat (% 15) bai kolektibo jakin batzuentzat (ikasleak, erretiratuak, langabetuak, familia ugariak); azken horientzat murrizketa % 50ekoa izango da.
Azken edizioetan ohikoa bihurtu den bezala, Uda Ikastaroen egoitza nagusia Donostiako Miramar Jauregia bada ere, ikastaroak Gipuzkoako beste udalerri batzuetara ere zabalduko dira: Zubieta (Reala), Irun, Getaria eta Oñati. Aipatzekoa da ere Bizkaiko eta Arabako programazioa: 19 jarduera egingo dira Bizkaian (ia gehienak Bizkaia Aretoan), eta 12 jarduera Araban; zehazki, Gasteizen, Agurainen eta Guardian. Gainera, ikastaro bat egingo da Baionan, eta beste bat Hendaian, Euskampusek antolatua.
Uda Ikastaroak ekainaren 7an hasi eta irailaren 15ean amaituko dira.