-
EHU, Europako unibertsitate hoberenen artean ingeniaritza ikasketetan
-
Guillermo Ruiz Irastorza: «Medikuak batzuetan sendatu, askotan arindu eta beti lagun egiten du»
-
Carlos Matuteren ikerketa batek bigarren postua lortu du Natureko Top Altmetricean
-
Venezuela en la geopolítica del imperialismo
-
Kiroldegian, kirolean
José Luis Martín González
UPV/EHUren sarbide irekiari buruzko politika
Ikerketaren arloko errektoreordea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2017/06/22
Euskal Herriko Unibertsitateak, 2016ko ekainaren 4an, Berlingo adierazpena sinatu zuen, Zientzia eta Giza Zientzia arloetako Ezagutzarako Sarbide Irekiari buruzkoa. Adierazpena 2003. urtean egin zen, eta adierazpen horren ikuspegi bera duten 600 bat gobernuk, unibertsitatek, ikerketa erakundek, fundaziok, liburutegik, museok eta bestelako organismo eta erakundek egin dute bat harekin.
Adierazpen hori sinatu duela eta, UPV/EHUk sarbide irekiari buruzko politika bat ezarri du, bere ekoizpen zientifikoaren hedapena sustatzeko, batetik, eta bere ikerketaren sarbidea eta ikusgarritasuna hobetzeko eta haren eragina areagotzeko, bestetik.
Zer da sarbide irekia?
Sarbide irekia da berehalako sarbidea izatea (erregistrorik, harpidetzarik edo ordainketarik gabe) hezkuntza, akademia, zientzia eta bestelako arloetako material digitalera, batez ere zientzia ikerketako artikuluetara. Nolanahi ere, sarbide irekia erabiltzeko muga batzuk ezartzen dira, noski, lanen osotasuna eta egileak aintzatetsiak eta aipatuak izateko duten eskubidea berma dadin.
Lege esparruari dagokionez, aipatzekoa da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen 37. artikulua (2011ko ekainaren 2ko BOE); izan ere, ezagutzaren zabalpen unibertsalarekiko konpromisoa ezartzen du, eta informazio zientifikorako sarbide irekiaren politiken alde egiten du. Artikulu horretan ezartzen da derrigorrezkoa dela argitaratzeko onartu diren edukien amaierako bertsioa modu irekian argitaratzea, ikerketa jardueraren zati handiena Estatuaren Aurrekontu Orokorren funtsekin finantzatuta baldin badago. Bestalde, 99/2011 Errege Dekretuak, doktorego irakaskuntzak arautzen dituenak, ezartzen du derrigorrezkoa dela doktorego tesia formatu elektroniko irekian argitaratzea, erakunde gordailu baten barruan. Europar Batasuneko H2020 esparru programak, berriz, ezartzen du egindako lanen emaitzak zabaltzen direnean modu irekian argitaratu behar direla. Nabarmendu beharra dago programak ez dituela egileak argitaratzera behartzen, baina egileek argitaratzea erabakitzen badute, kasu horretan bai, irekian argitaratzera behartzen ditu.
Zein konpromiso hartu ditu UPV/EHUk?
UPV/EHUren sarbide irekiari buruzko politikak honako konpromiso hauek ezartzen ditu:
1. Argitalpen akademiko eta zientifikoak ADDIn (UPV/EHUren erakunde gordailua) digitalki gordailutzeko gomendatzea, betiere argitaletxeek dokumentuak gordailu irekietan artxibatzeari buruz ezarriak dituzten baldintzak kontuan hartuta. Era berean, isilpekotasuna edo aldi baterako bahimendua bermatuko da merkatuan ustia daitezkeen edo enpresekin edo antzekoekin hitzar daitezkeen lanetan.
2. Halaber, doktoregoko ikasleek doktorego tesiaren ale elektroniko bat utziko dute gordailuan, gehienez ere sei hilabeteko epean, tesia onartzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
3. Gradu eta master amaierako lanak ere gordailuan utziko dira, baldin eta egileek baimena ematen badute eta lanak ez badaude isilpekotasun klausulen mende. Ikastegiek ezarritako kalitate baremo bati jarraituko zaio.
4. Nolanahi ere, lana gordailuan uzteak ez du esan nahi unibertsitateari lana ustiatzeko eskubideak lagatzen zaizkionik.
Sarbide irekian gordailututako materialei dagokienez, hala unibertsitateak nola gordailua kudeatzen duenak konpromiso hauek hartzen dituzte:
1. Egile eskubideak, jabetza intelektuala eta isilpekotasuna errespetatzen direla zaintzea.
2. Gordailua gauzatzean Estatuko eta nazioarteko arauak eta estandarrak betetzea.
3. Dokumentuen ikusgarritasuna eta elkarreragintasuna areagotzen saiatzea, bilatzaile akademikoak txertatuz.
4. Gordailuan utzitako materialetarako sarbidea babestea eta mantentzea.
Non argitaratu daiteke sarbide irekian?
Irekian argitaratzeko biderik onena UPV/EHUren erakunde gordailuaren argitaratzea da, hau da, ADDIren bitartez. Unibertsitateko Bibliotekak kudeatzen du ADDI.
ADDI 2011n sortu zen; asmoa zen plataforma bat sortzea, unibertsitateko kide guztiek beren lanak argitaratzean abantaila eta onura batzuk izan zitzaten:
• Ikerketa jardueraren emaitzetarako sarbidea hobetzea eta, horren bitartez, jardueraren ikusgarritasuna areagotzea (aipamenak eta rankingak).
• Argitalpenen eragina hobetzea; izan ere, zenbat eta irakurle gehiago izan, orduan eta aipamen gehiago egingo dira.
• Argitaratutako lanak babestea, eta horien sarbidea beti bermatzea.
• UPV/EHUren ikusgarritasuna areagotzea, erakundeen artean duen posizioa hobetze aldera.
• Komunitate akademikoaren ekoizpen zientifikoa ebaluatzeko tresna bat izatea.
Gainera, Europako markoak (H2020) eskatzen dituen estandarrak eta Espainiako erakundeek (FECYT eta Recolecta) argitaratutako arauak betetzen ditu.
Noiz argitaratu daiteke?
ADDI dokumentu digitalen diziplina anitzeko gordailu bat da, eta UPV/EHUn eginiko irakaskuntza eta ikerketa lanen emaitzak gordetzeko erabiltzen da. Materialak gordetzeko, baldintza hauek bete behar dira:
• Lanen egileek edo egilekideek UPV/EHUko kide izan behar dute, edo UPV/EHUrekin elkarlanean aritzen den ikerketa erakunde bateko kide.
• Lanak ikerketaren, dibulgazio zientifikoaren edo irakaskuntzaren arlokoa izan behar du.
• Formatu digitalean egon behar du.
• Amaituta egon behar du, eta ezin da laburra izan.
• Lanaren egileak eta lanaren copyrightaren erakunde titularrak lizentzia ez-esklusibo bat eman behar dute, erakunde gordailuaren bitartez babesteko eta zabaltzeko.
Egileak bere eskubideak argitaletxe bati edo beste erakunde bati eman badizkio, erakunde gordailuak testu osoa sartuko du, betiere argitaletxearen edo erakundearen baimenen politikak lanaren bertsioren bat irekian gordailutzen uzten baldin badu.
Argitaratu gabeko lanei dagokienez, egileak izango ditu jabetza intelektualaren eskubide guztiak; hortaz, modu ez-esklusiboan emango du lana argitaratzeko lizentzia.
Zer argitaratu daiteke?
Erakunde gordailuak zientzia eta irakaskuntza arloko material hau onartzen du:
• Kideek berrikusitako artikuluen argitaletxearen preprintak, postprintak eta bertsioak, argitaletxeek edo copyrightaren jabe diren erakundeek horren inguruan dituzten politiken arabera.
• Kongresuen, jardunaldien, mintegien eta beste bilera zientifiko batzuen jakinarazpenak, baita aurkezpenak eta posterrak ere.
• Txosten teknikoak, memoriak, ikerketak, lan dokumentuak, inkestak.
• Doktore tesiak eta master amaierako lanak, ikerketa proiektuak, gradu amaierako lanak, aurkeztuak eta ebaluatuak, eta ikastegiak ezarritako kalitate baremoa pasatu dutenak, egile jabetzaren titular guztiek berariazko baimena emanda.
• Ikerketa datuen bilduma (Datasets).
• Patenteak, katalogo artistikoak, soinu grabazioak eta ikus-entzunezkoak, irudiak edo argazkiak.
• Programa informatikoak, material didaktikoak, dibulgazio lanak, mapak eta erreseinak.
• Material digitalizatua, betiere egile eskubideekin lotutako baimenak betetzen badira. Halere, onartu egiten dira beren antzinatasuna dela-eta Interneten bertsio elektronikorik ez duten lanen kopia digitalizatuak.
Material hori guztia behar bezala banatuko da gordailuko komunitate eta bildumetan, lanaren tipologia eta jatorriaren arabera.
Formatu ohikoenak onartzen dira, baina, sarbide eta babes digitala bermatze aldera, webgunean erraz irakur daitekeen formatu bat erabiltzea komeni da (adibidez, PDF formatua). Hori dela eta, gordailuak eskubidea du dokumentuak formatu egokienera eraldatzeko edo fitxategi handiak banatzeko, sarbidea erraztu ahal izateko, betiere edukia aldatu gabe.
Unibertsitateko Bibliotekak zenbait zerbitzu jarriko ditu unibertsitateko komunitatearen eskura, gordailu hau erraz eta modu eraginkorrean erabili ahal izan dadin.
Baldintza horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Unibertsitateko Bibliotekaren webgunean sartzea da onena, han zehatz-mehatz azaltzen baita ADDI nola erabili. Horrez gain, gordailuan bertan FAQ batzuk daude, ohiko zalantzak argitzeko. Interesdun guztiak animatu nahi nituzke gure unibertsitatean gordailuaren erabilera zabaltzera.
Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.