-
Urtarrilaren 7an irekiko da Leioako kiroldegia
-
Javier Belausteguigoitia nabarmendu da Simon Marais Mathematics Competition-en
-
EHUpodcast: Dieta pertsonalizatu baterako biomarkatzaileak
-
La mirada indiscreta. Sobre la utilidad de las imágenes y los relatos en la cultura contemporánea
-
Bultzada hartzen duten ideiak: Handira Jo 2025 Sariak
Unai Martin Roncero
Osasuna auzo batetik bestera aldatzen da: zer eragin duen baliabideen eskasiak egoera ahulenean dauden lurraldeetan
Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle titularra
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2025/07/24
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Imajinatu hiri bereko bi auzo. Horietako batean, zuhaitzek itzala egiten dute espaloien gainean, etxebizitzak erosoak dira, eta laneko, aisialdiko eta osasuneko zentroak oinez metro gutxira daude. Bestean, aldiz, kaleak lehor-lehorrak dira, etxebizitzak prekarioak, eta zerbitzuak, aldiz, eskasak edo urrun daudenak. Bertako biztanleek osasun bera izango dutela uste al duzu? Seguru asko, ez.
“Gabezia” deitzen zaio hori ez da kontu ekonomikoa soilik; izan ere, pertsonen bizitzan eragin zuzena duten desabantailen multzoa da. Hori neurtzea funtsezkoa da osasun arloko desberdinkeria sozialak ulertzeko eta murrizteko.
Gabezia eta osasuna
Gabezia deitzen zaio oinarrizko baliabide material, sozial edo ekonomikorik ez izateagatik oinarrizko beharrak ez betetzeari. Horrek ondorio sakonak ditu pertsonen eta komunitateen ongizatean eta bizi kalitatean. Eta horrek, aldi berean, zuzeneko ondorioak ditu, gaixotasun ugari agertzen baitira, bai akutuak, bai kronikoak.
Adibidez, elikagai osasungarriak, etxebizitza baldintza egokiak edo aisialdirako eta ariketa egiteko guneak ez izateak zenbait gaitz eragiten ditu, hala nola diabetesa edo bihotzeko patologiak. Osasun mentala ere kaltetzen du, ziurgabetasun ekonomikoarekin lotutako estres kronikoak, elikadura mailako segurtasunik ezak edo etxebizitza faltak antsietatea, depresioa eta osasun mentalari lotutako beste arazo edo sintoma batzuk azaltzea eragiten baitu.
Baliabide falta horrek, era berean, mugatu egiten du pertsonek zainketa formal eta informal egokiak lortzeko duten gaitasuna, eta horrek osasun baldintzak larriagotzen ditu. Gabezia, beraz, giza ongizatearen alderdi bakoitzari eragiten dion fenomeno multifazetikoa dela esan dezakegu.
Zer dira gabezia indizeak eta zertarako balio dute?
Osasun arloko desberdinkeriak (hau da, beharrezkoak ez diren, eta bidegabeak eta ekidingarriak diren desberdintasunak) ulertu eta aztertu ahal izateko asmoz sortu ziren gabezia indizeak. Tresna kuantitatibo horiei esker, hainbat eremutan bizi diren herritarrak karakteriza daitezke, enpleguari, hezkuntzari eta diru sarrerei buruzko datuak konbinatuz. Horrez gain, etxebizitza edo oinarrizko beste zerbitzu batzuetarako sarbidea bezalako gaietan zer baliabide dauden jakin daiteke. Helburua da gabezia erlatiboa edo absolutua erakusten duen puntuazioa sortzea.
Gabezia indizeek aplikazio ugari eskaintzen dituzte. Osasun arloko plangintzarako erabiltzen dira, zaurgarritasun handiagoko egoeran dauden taldeak identifikatuz, politika eraginkorrak diseinatzeko edo baliabideak modu bidezkoagoan banatzeko.
Gainera, funtsezko tresnak dira desberdinkeriak ebaluatzeko eta politikek desberdinkeria horien gutxitzeko garaian duten eragina neurtzeko. Amaitzeko, funtsezko zeregina betetzen dute ikerkuntzan, gabeziaren eta osasunarekin edo gaixotasunarekin lotutako fenomenoen arteko lotura ulertzeko lagungarriak baitira.
Espainian, adibidez, gabezia indizeak baliagarriak izan dira era askotako gaixotasunekin lotzeko: urdaileko minbizia, Covid-19a azaltzeko arriskua... Baina, horrez gain, hiriguneetan osasun arloko esku-hartzeei dagokienez lehentasunak ezartzeko ere lagungarriak izan dira.
Epidemiologiako Espainiako Sozietatearen (SEE, gaztelaniaz) proposamen berria
Garatutako lehen gabezia indizeetako bat izan zen Townsend-en indizea (70eko hamarkadan). Peter Townsendek honela definitu zuen gabetzea: “pertsonek beren gizartean ohikotzat jotzen diren jardueretan, ohituretan eta bizimoduetan parte hartzeko beharrezko baliabiderik ez duten egoera”. Ikuspegi hori ezinbestekoa izan zen txirotasunari eta desberdinkeriari buruzko azterlanetarako.
Townsenden gabezia indizeak oinarrizko baliabideen falta ez ezik, gizartean bete-betean parte hartzeko ezintasuna ere kontuan hartzen zuen, Amartya Sen Indiako ekonomialariak definitutako desberdinkeriaren esparru kontzeptualari jarraiki, Hori guztia “aukeren ingurune” gisa ulertzen zuen. Ikuspuntu horren ondorioz, gabezia hainbat dimentsioren bidez neurtzen zuten adierazleak garatu ziren, hala nola etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta funtsezko beste zerbitzu batzuetarako sarbidea.
Hamarkada askotan, beste erregistro batzuen garapenek hainbat dimentsio barneratu zituzten: Carstairs-en indizea edo Europako Gabezia Indizea, adibidez.
Espainian, Epidemiologiako Espainiako Sozietateak Espainiako lurraldera egokitutako 2011ko gabezia indizea garatu zuen. Tresna horrek erroldako datuak erabiltzen ditu funtsezko hainbat alderdirekin lotutako desberdinkeriak neurtzeko: enplegua eta hezkuntza, adibidez.
Ordutik, herrialdearen egoera aldatu egin da. Hori dela eta, SEE indizea berrikusten eta eguneratzen ari da. Erakundeak 2021eko erroldako informazioa erabiliko du, eta azken urteotan garrantzia hartu duten eta desberdinkeriari lotuta dauden dimentsio berriak jasoko ditu, hala nola guraso bakarreko familiak edo etxebizitzaren ezaugarriak.
Ekintzarako tresna
Gabezia neurtzea ez da lanketa teoriko hutsa: politika publiko eraginkorragoak eta gizarte bidezkoagoak eraikitzeko lehen urratsa da. Funtsezkoa da osasun arloko desberdinkeriak ulertzen eta haiei aurre egiten aurrera egitea, gizarte bidezkoagoak eta osasungarriagoak izaten lagunduko duten politikak diseinatzeko.
Gabezia indizeak funtsezko tresna dira desberdinkeria horiek ebaluatzeko garaian eta, gainera, osasun publikoarekin lotutako ekintzarako gida eskaintzen dute.