euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

HEZKUNTZAKO KATEDRADUNA HARVARDEN

Paola Uccelli: «Presakako mundu honetan, ahaztu egiten dugu hitz eginez ikasten dela hizketan eta ulertzen»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/06/19

Paola Uccelli Donostiako Miramar Jauregiaren kanpoaldean | Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Paola Uccelli (Lima, 1965) Hezkuntzako katedraduna da Harvard Graduate School of Educationen. Ikasle eleaniztunengan eta elebakarrengan hizkuntza zeinen ezberdin garatzen den ikertzen du Uccellik; nagusiki, eskolako hizkuntzetan irakurtzeko eta idazteko funtsezko trebetasunetan jartzen du arreta. EHUko Uda Ikastaroen esparruan, hitzaldi bat eman du ohartarazteko zeinen garrantzitsua den elkarrizketa eskolan irakurzaletasuna eta ikaskuntza sustatzeko. 

Eskolan arrakasta izateko, funtsezkoa da eskolako hizkuntza menperatzea. Zein dira haren garapena lortzeko gakoak? 

Hizkuntza-trebetasun desberdinekin iristen dira haurrak eskolara, eta, eskola-garai osoan jaramonik egiten ez badiegu ikasleen desberdintasun indibidualei, arriskua dugu gizarteko ekitaterik eza errepikatzeko edo areagotzeko. Hizkuntzaren bitartez ikasten dugu eta sortzen ditugu harremanak. Erabakigarria da, euskarri asko ditugulako eskolan (ikus-entzunezkoak, multimodalak…), baina ezagutza eta arrazoibide abstraktua hizkuntzaren bitartez komunikatzen eta partekatzen dira. Hizkuntza ikasteko eta ekitatea lortzeko bikaintasun-tresna bat izan dadin, arreta eman behar diogu askotan oso ikusezina den arlo bati. 

Zer jardunbide proposatzen dituzu hizkuntzaren garapena sustatzeko?  

Oso garrantzitsuak dira ahozkotasuna, eztabaida eta elkarrizketa hedatua, bai etxean, bai eskolan. Ez nago teknologiaren aurka, elkarrizketen kalterako ez bada behintzat. Elkarrizketak oso onuragarriak dira ikasleentzat, hainbat gauza ikasten baitituzte; besteak beste, emozioak izendatzen eta ulertzen, aditzen zergatik jokatzen duen jendeak era batera edo bestera, zer gauza diren garrantzitsuak, eta nola prozesatzen diren testuak. Elkarrizketa partekatuak oso garrantzitsuak dira, baina, presakako eta zereginez betetako mundu honetan, batzuetan bazterrean geratzen zaizkigu. Haurrek elkarrizketa behar dute ingurunea, beren burua eta gainerako pertsonak ulertzen laguntzen dieten hainbat alderdi garatzeko. 

Udako Ikastaroko hitzaldiaren izenburuak dioen bezala, ikasleen ahotsak eta ulermena hedatzen dituzten pedagogiak defendatzen dituzu. Zertan dautza irakaskuntza-estrategia horiek? 

Hitz eginez ikasten da hizketan; eta, testuei eta ideiei buruz hitz eginez, ulertzen ere ikasten da. Irakurtzen ikastea ez da soilik prozesu kognitibo bat; prozesu horretan, motibaturik sentitu behar dugu testu horiek irakurtzeko, zientzialari batek bezala pentsatzeko, historiako zerbait ikasteko interesa izateko, gure nortasunaren parte gisa. Hortaz, ahotsa eman behar diegu ikasleei, komunitatearen parte senti daitezen. Haurrek beren istorioak dituzte, beren galdera zientifikoak. Ahotsa ematen badiegu, ideia konplexu asko eskainiko dizkigute. 

«Gaur egungo gizartean, beharrezkoa da ikasleek iraganean baino askoz ere gehiago menperatzea hizkuntza eta irakurmena» 

Testuinguru ekitatiboagoa sortzeko, adibidez, galdera bat egin dezakegu, eta hau esan: “Orain, idatzi ideiak, garatu itzazue bikoteka, eta, ondoren, denen artean eztabaidatuko ditugu”. Hau da, egokitzapen txikiak egin behar dira: denbora eman, galdera bat egin eta ez eman txanda eskua altxatzen duen lehenari, baizik eta pare bat minutu itxaron, ikasleek pentsatu bitartean. Isilik geratu ohi direnei adore eman, esanez: "Idatzi duzun ideia hori oso ona da; kontatu iezaiezu gelakide guztiei". Estrategia txiki horiek laguntzen dute guztiei ahotsa emango dien ingurune ekitatiboago bat sortzen, kontua ez baita soilik ahotsa ematea, baizik eta guztiei ahotsa ematea. 

Hainbat herrialde eta hizkuntza-testuingurutan ikertu duzu. Zer jardunbide proposatuko zenituzke hezkuntza-sistemak arrakasta izateko gurearen moduko testuinguru batean, non hizkuntza gutxitua sustatzen baita ikasgelan komunikatzeko hizkuntza gisa? 

Nire ustez, Euskadiren testuingurua inspiragarria da, bi arrazoirengatik: batetik, hizkuntza berreskuratzea lortu delako, eta, bestetik, hemengo hezkuntza-sistemak erronka handi bat duelako. Hezkuntza-sistema hirueleduna da, eta haur askoren ama-hizkuntza ez da euskara. Hortaz, uste dut, alde batetik, ikuspegi pribilegiatua dagoela hemen, jende guztia eleaniztuna delako eta ondo ulertzen delako identitatearen eta hizkuntzaren arteko erlazioa; hori hala da eskolara beren ama-hizkuntzarekin etortzen diren haur guztientzat.

«Eskoletan abian jartzen diren esku-hartze pedagogikoen emaitzak ikusteko, gutxienez bi urte itxaron behar da. Beharrezkoa da konpromiso iraunkorragoa hartzea jardunbide berriak aztertzeko» 

Bestetik, ikerketa-talde oso arrakastatsu bat dago, EHUko DREAM taldea; mundu osoan egiten zaio aipamena eta jarraipena haren lanari. Sinetsita nago ikertzaile, irakasle, hezitzaile eta ikasleen euren arteko lankidetza dela egiaz biderik egokiena: etengabe egin behar dute lan, baina beren testuinguruetan berritu, zehatz-mehatz ikertuz zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Gainera, kontziente izan behar dugu denbora behar dela. Eskoletan abian jartzen diren esku-hartze pedagogikoen emaitzak ikusteko, gutxienez bi urte itxaron behar da. Horrenbestez, beharrezkoa da politika publikoek, ikerketak eta hezkuntzako liderrek konpromiso iraunkorragoa hartzea jardunbide berriak aztertzeko. 

Gaur egun, hezkuntza-sistemek linguistikoki inoiz baino desberdinagoak diren biztanleak artatzen dituzte. Orobat, gaur egungo gizartean, beharrezkoa da ikasleek iraganean baino askoz ere gehiago menperatzea hizkuntza eta irakurmena. Eta, horren erdian, egundoko inekitatea dago. Sekulako erronka da hori. Nik uste Euskadi oso egoera berezian dagoela, eta, era berean, ikuspegi pribilegiatua duela nolabait. 

Zer deritzezu Donald Trumpen mugimenduei, ikasle atzerritarrei ez uzteko Harvarden matrikulatzen? 

Ameriketako Estatu Batuetan, hainbat hamarkada daramatzate elkarlanean Gobernuak eta unibertsitateek ikerketa babesteko. Lankidetza horrek oso aurrerapauso arrakastatsuak eragin ditu gizartean, ekonomian, sektore askotan, eta munduko toki guztietatik datozen ikasle, irakasle, ikertzaile eta administratzaile askoren ekarpena izan du. Une honetan, hori guztia arriskuan dago. Oso kezkagarria da, eta Harvarden borrokan ari gara Gobernuaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza-eredu izan dena defendatzeko; ez bakarrik Harvarderako, baizik eta sistema orokor gisa ere bai.