euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Talentua eta enpresak aurrez aurre jarri ditu EHUko Enplegu Foroak

900 ikasle eta egresatu inguruk eta 94 erakunde eta enpresek parte hartu dute Bilbon egindako jardunaldian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/03/11

Jardunaldian 900 ikasle eta egresatu inguruk parte hartu dute, eta bertan lan-merkatuaren egungo eskaintza eta joerak zuzenean ezagutzeko aukera izan dute, enpresekin eta erakundeekin harreman zuzena izatearekin batera. | Argazkia: Mitxi. EHU.

Enplegagarritasuna sustatzeko eta ikasleen prestakuntza lan-merkatuaren behar profesionaletara hurbiltzeko helburuz, Euskal Herriko Unibertsitateak Enplegu Foroa egin du Bilbon. Jardunaldian 900 ikasle eta egresatu inguruk parte hartu dute, eta bertan lan-merkatuaren egungo eskaintza eta joerak zuzenean ezagutzeko aukera izan dute, enpresekin eta erakundeekin harreman zuzena izatearekin batera.

Foroan guztira 94 erakunde eta enpresek parte hartu dute, horietatik 89 enpresa pribatu eta 5 erakunde publiko. Guztira, 218 lan-eskaintza aurkeztu dituzte, hainbat sektoretako profil profesionalak bilatzeko. Besteak beste, bertan izan dira Arteche, IDOM Consulting, Engineering, Architecture, Maier S. Coop., Grupo Urgatzi, AZTI eta ACLIMA.

Aurten, Euskal Herriko Unibertsitateak Enplegu Foroak egingo ditu hiru campusetan. Bizkaiako campusekoa gaur egin da Bizkaia Aretoan, eta martxoaren 26an beste jardunaldi bat egingo da Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Gipuzkoako Campusekoa apirilaren 18an egingo da, larunbatez, Elbira Zipitria Zentroan; eta Arabako Campusekoa maiatzaren 13an egingo da Europa Jauregian.

Konpromiso sendoa ikasleen etorkizun profesionalarekin

Gaurko ekitaldira bertaratu direnek beren prestakuntzara, esperientziara eta interesetara egokitzen diren lan-eskaintzak ezagutzeko eta eskuratzeko aukera izan dute. Halaber, enpresetako giza baliabideetako arduradunekin zuzenean hitz egin eta elkarrizketak egiteko aukera ere izan dute, gaur egun industria, zerbitzuak, zientzia eta teknologia, eraikuntza, finantzak eta osasuna bezalako sektoreetan eskaintzen diren lanpostuetarako hautagaitzak aurkeztuz.

Jardunaldiaren inaugurazioan parte hartu dute Joxerramon Bengoetxeak, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak; Mikel Torresek, Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak; Estitxu Garaik, EHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak; Susana González, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko zuzendari nagusia; eta Javier Garcinuñok, Bilboko Udaleko Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak.

EHUko errektorearen hitzetan, unibertsitate publikoak konpromiso sendoa du ikasleen etorkizun profesionalarekin: “Euskal Herriko Unibertsitateak apustu irmoa egiten du gure ikasle eta egresatuek euren ibilbide profesionala ahalik eta azkarren eta baldintzarik onenetan hasteko aukera izan dezaten”. Bengoetxeak nabarmendu du, halaber, goi-mailako irakaskuntza eskaintzen duen erakunde publiko gisa ardura handia dutela etorkizuneko profesionalek jasoko duten prestakuntzaren kalitatea bermatzeko eta gizartearen beharrei erantzungo dieten profil egokienak eskaintzeko.

Horren haritik, errektoreak azpimarratu du halako topaketek balio bikoitza dutela: alde batetik, ikasleek lan-merkatua bertatik bertara ezagutzeko eta lan-eskaintzetara aurkezteko aukera dutelako; eta, bestetik, enpresek aukera dutelako unibertsitateko graduatuek dituzten balioak eta ekarpen profesionala gertutik ezagutzeko. Era berean, eskerrak eman dizkie foroan parte hartu duten enpresei eta profesionalei, unibertsitatearekiko erakutsitako konfiantzagatik.

“Etorkizunean lanean”

Bestalde, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak nabarmendu du jardunaldiak urtez urte hartu duen garrantzia. Bere hitzetan, “plazera da ikustea zenbat jende batu den Euskal Herriko Unibertsitatearen Enplegu Foroan; dagoeneko erreferentziazko topaleku bilakatu da”. Garairen ustez, halako ekimenek aukera paregabea eskaintzen dute laneratze prozesuan hasi berri diren ikasle eta egresatuentzat lehen enplegua aurkitzeko, eta, aldi berean, enpresei aukera ematen diete goi mailako prestakuntza jaso duten profesionalak ezagutzeko.

Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordeak azpimarratu du, halaber, unibertsitateak baduela erronka bat gizartearen pertzepzioari dagokionez: enplegagarritasunaz hitz egiten denean askotan ez dela unibertsitatea kontuan hartzen, nahiz eta erakundeak enplegagarritasun handia izan eta berak ere enplegu-zentro handietako bat izan. Horregatik, azaldu duenez, unibertsitateak kanpaina berri bati ekin dio bere ekarpena lehen planoan jartzeko. “EHU etorkizunean lanean ari delako. Horixe da aurten aukeratu dugun kanpainaren leloa: Etorkizunean lanean, Trabajando en el futuro”, adierazi du.

Gaurko Enplegu Foroak eduki osagarri zabala ere eskaini du. Enpresen aurkezpenez gain, lau mahai-inguru sektorial egin dira honako arlo hauetan: zientziak eta osasun-zientziak; ekonomia, zuzenbidea eta lan-harremanak; ingeniaritza; eta gizarte- eta komunikazio-zientziak. Saio horietan, talentu gaztea erakartzeaz arduratzen diren sailek gaur egun gehien eskatzen diren profil profesionalak azaldu dituzte, baita etorkizun hurbilean garrantzia hartuko dutenak ere.

Bestalde, lan-orientazioko saioak ere egin dira, eta parte-hartzaileek CVrako argazki profesionala doan ateratzeko aukera izan dute. Ekimen horien helburua izan da erakundeek eskatzen dituzten gaitasunak ezagutaraztea eta enplegu-eskatzaileekin harreman eta elkarrekintza zuzena sustatzea.