euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Unamunoren heriotza argitzeko lantaldean parte hartuko du EHUk

Bengoetxea errektorearekin eta Gogora Institutuko zuzendari Alberto Alonsorekin elkartu dira Bilbon, Salamankako Unibertsitateko eta EHUko ikertzaileak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/12

Bizkaia Aretoan egindako bilerako argazkia. | Argazkia: EHU

EHUko hainbat sailetako irakasle talde batek erabaki du Salamancako Unibertsitatean (USAL) diziplinarteko ikerketa sustatzeko ekimen bat bultzatzea, Unamunoren heriotza argitzeko helburuarekin. Ekimenean, besteak beste, Jon Kortazar Literatura katedradunak eta Jon Mirena Landa Zuzenbide Penaleko katedradunak parte hartuko dute, Aranzadi Institutuarekin elkarlanean. Taldean badaude, gainera, garrantzi handiko ikertzaileak, hala nola Lourdes Herrasti antropologoa eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko adituak.

David Hoyos eta Jon Bernat Zubiri laguntza-taldeko koordinatzaileen hitzetan, “Unamunoren heriotzaren inguruan, bere etxean eta inguruabar bitxietan, kriminalitate-zantzu desberdinak agertu izanak EHU interpelatu egiten du USALek abiatu duen ikerketan parte hartzera. Horregatik, beharrezko baliabide guztiak jarri behar dira gau hartan Bartolomé Aragón falangistaren eta Miguel de Unamunoren artean zer gertatu zen argitzeko. Izan ere, Unamunok ez zuen osasun-arazorik adierazi, eta behin baino gehiagotan esan zuen heriotza-mehatxupean zegoela eta etxean atxilotuta egotetik ihes egin nahi zuela.”

Halaber, Aranzadi Zientzia Elkarteak ere bere ezagutza teknikoa eta esperientzia zabala jartzeko konpromisoa hartu du, Telesforo Aranzadi fundatzailearen senide Miguel de Unamunoren heriotzaren inguruabarrak argitzen laguntzeko. Ekimenak, halaber, Unamuno Elkartearen (AUE) babesa izan du, Mikel Etxebarria Dobaran presidentearen bitartez.

Bizkaia Aretoan egindako topaketaren aurkezpen instituzionalean, Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak “proiektuaren osagai historikoa” nabarmendu du, bi unibertsitateen eta arlo honetan erreferente diren eragileen arteko lankidetza balioan jarriz. Era berean, lantaldeari adierazi dio “EHUren prestutasuna eta konpromiso instituzionala ikerketa babesteko eta haren garapena bultzatzeko”.

Bestalde, USALeko Jokabide Kriminaleko Masterreko zuzendari Francisco Javier de Santiagok eta Maria Montfragüe psikolinguistak, errektorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileran, gogora ekarri dituzte Miguel de Unamunoren azken bi hilabeteetan gertatutakoak: “etxean atxilotuta egotea, Erregimeneko agintarien mehatxuak, heriotzaren inguruko inguruabar susmagarriak, falangistek gorpuaz jabetu izana eta hileta berehalaxe antolatzea susmoak pizten dituzten gertakariak dira”.

Halaber, azaldu dute 1937ko urtarrilaren 1eko goizalde hartan Bejarreko udaleko 11 pertsona fusilatu zituztela Salamancako hilerriko hormetan —besteak beste alkatea, idazkaria eta hainbat zinegotzi—: “goizaldean atera zituzten eta Plaza Nagusitik igaro zituzten, exekuzioaren aurretik Gabon Zaharreko ‘parranda’ ikus zezaten; handik hilerrira eraman zituzten eta hormaren aurrean fusilatu zituzten”.

EHUko, Aranzadiko eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuko laguntza-taldea Miguel de Unamunoren heriotza argitzen laguntzeko konformatu da, eta lotutako diziplina akademiko nagusietako hamaika parte-hartzailek osatzen dute.

EHUko Unamunon heriotza argitzeko ikerketaren laguntza taldeko kideak

  1. Jon Kortazar (Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika).
  2. Jon Landa (Zuzenbide Publikoa).
  3. Koldo Callado (Farmakologia)
  4. Natalia Vara (Filologia eta Historia).
  5. Isabel Muguruza (Filologia eta Historia).
  6. Enara Garro (Zuzenbide Publikoa).
  7. Benito Morentin (Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua).
  8. Eneko Etxeberria (Zuzenbide Publikoa, Aranzadi)
  9. Lourdes Herrasti (Antropologia forentse, Aranzadi).
  10. David Hoyos (Metodo Kuantitatiboak).
  11. Jon Bernat Zubiri (Ekonomia Aplikatua).