euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUren Microfluidics Clusterrek teknologia berri bat garatu du, zelulekin “elkarrizketan” aritzeko eta haien portaera ulertzeko

CellStudiok sortzen du zelulekin elkar ekiteko eta haien erantzuna denbora errealean neurtzeko ingurune kontrolatu bat

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/04/20

Ezkerretik eskuinera, Lourdes Basabe-Desmonts, Enrique Azuaje-Hualde eta Naiara Lartitegui-Meneses. | Argazkia: Nuria González. EHU.

Microfluidics Cluster EHU ikertaldearen lanak aurkezten duen plataforma berria gai da zelulekin elkar ekin eta haien erantzuna denbora errealean neurtzeko, bide berriak zabalduta era horretan biomedikuntzari. CellStudio pentsatuta dago bateragarri izateko biologia laborategietan erabiltzen diren ohiko teknikekin. Lana argitaratu da ‘ACS Applied Materials & Interfaces’ aldizkarian, eta azalerako hautatu dute.

Zelulak elkarren artean nola komunikatzen diren ulertzea da biomedikuntzaren egungo desafio handienetako bat. Norabide horretan, Microfluidics Cluster UPV/EHUko ikertzaileek urrats handia egin dute, lehen aldiz sortu baitute zelulekin elkar ekitea eta aldi berean inguruan duten erantzuna neurtzea ahalbidetzen duen teknologia bat.

Ikerlanaren buru izan da Lourdes Basabe Ikerbasque ikerketa irakasle eta Microfluidics Cluster EHUren arduraduna; aldiz, Enrique Azuaje doktorea izan da garapen esperimentalaren buru. Lanaren izena da ‘Analyzing the Relationship between Solid-Phase Molecular Presentation and Cell Proliferation, Morphology and Secretion Using CellStudio’, duela gutxi argitaratu da ‘ACS Applied Materials & Interfaces’ aldizkari zientifikoan eta haren azaletako batean agertu da, ikerlanaren garrantzia zientifiko eta bisualaren erakusgarri.

CellStudio izeneko teknologia oinarritzen da mikroesfera txiki-txikien erabileran. Mikroesfera horiek antolatzen dira zelulen inguruan, eta  ingurune oso kontrolatu bat sortzen dute. Mikroesfera batzuk “mezulari” gisa aritzen dira, eta seinale espezifikoak igortzen dizkiete zelulei; aldiz, beste batzuek “sentsore” gisa jarduten dute, eta zelulek erantzun gisa askatzen dituzten molekulak atzitzen dituzte.

Horrela, sistemak aukera ematen du, zelulak era lokalizatuan estimulatzeko ez ezik, baita detektatzeko ere zer jariatzen duten eta nola erreakzionatzen duten, hori dena espazio eta denbora berean. Gaitasun horri esker, komunikazio zelularraren ikuspegi askoz zehatzago bat dugu, funtsezkoa ehunen birsorkuntza edo gaixotasun batzuen (hala nola minbizia) garapena bezalako prozesuetan.

“Gure helburua zen sortzea tresna bat, aukera emango ziguna, ez bakarrik zelulak behatzeko, baita haiekin elkar ekiteko eta haien erantzuna denbora errealean ulertzeko ere. Lan honek erakusten du hori egin daitekeela era erraz eta egoki batean”, azaldu du Lourdes Basabek.

Plataformaren ezaugarri nabarmenetako bat da haren moldakortasuna.  Hainbat motatako mikroesferak konbina daitekeenez, ikerlariek diseina ditzakete neurrira eginiko ingurune esperimentalak, eta modu errazean egokitu azterketa baldintzak.

Gainera, CellStudio teknologia sortu da bateragarri izateko biologiako laborategietan erabiltzen diren teknikekin, eta ekipamendu konplexu edo garestirik gabe erabil daiteke, horrenbestez.

Teknologia honen potentziala dela-eta, bi nazioarteko patente eskatu dira, haren fabrikazioarekin eta aplikazioarekin loturikoak, eta funtsezko urratsa izango da hori etorkizunean alor kliniko eta industrialera transferitzeko.

Informazio osagarria

Microfluidics Cluster UPV/EHU da Eusko Jaurlaritzak aitortutako Arabako Campuseko talde finkatu bat, ‘lab-on-a-chip’ (laborategia txip batean) aplikazioetarako mikro eta nanoteknologiekin diharduten ikertaldeen lankidetza estrategikotik sortua. Haren jarduera oinarritzen da ikerketa aplikatuan eta traslazionalean, eta konbinatzen ditu mikrofluidika, sentsoreak eta eragintza sistemak, integratutako mikrosistemak garatzeko, hainbat alorretan aplikatzeko modukoak: diagnostiko biomedikoa, ingurumen analisia, kimika, kirolaren zientziak, biologia eta medikuntza.

Lanaren lehen egileak, Enrique Azuaje doktoreak, ikerlan hau garatu zuen Euakal Herriko Unibertsitatearen Microfluidics Clusterren egin zuen doktorego tesiaren barruan. Tesiak irabazi zuen EHUren Doktorego Saria Berezia. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren doktorego ondoko beka bati esker, Azuaje doktoreak ikertzen jarraitzen du, Dublingo Trinity Collegen eta Microfluidics Cluster UPV/EHUn, eta nazioartean duen izena sendotzen ari da, mikrofluidikaren eta bioingeniaritzaren alorretan.

Gainera, ikerlanaren garapen esperimentalaz arduratu da Naiara Lartitegui-Meneses doktoregaia, teknologia hau agertoki biologiko berrietara zabaltzen diharduena, proiektuaren bilakaera eta jarraipena ziurtatze aldera.

Azterlan hau kontzeptu proba bat bada ere, ikertaldea lanean ari da dagoeneko aplikazio berrien garapenean. Zelulek estimuluei zehatz-mehatz nola erantzuten dieten aztertzeko aukerak atea zabaltzen die hainbat arlotako aurrerapenei; hala nola medikuntza birsortzailean, minbiziaren ikerketan edo farmako berrien garapenean.

Erreferentzia bibliografikoa